Joan eduki nagusira

zoom Gaur egun proiektuan parte hartzen duten herrien mapa (oharrak: berde ilunez, biltzen bukatua; berde argiz: biltzen; horiz: udalak onesteko zain; grisez: proiektua aurkezteko daukaten udalak)

Gaur egun proiektuan parte hartzen duten herrien mapa (oharrak: berde ilunez, biltzen bukatua; berde argiz: biltzen; horiz: udalak onesteko zain; grisez: proiektua aurkezteko daukaten udalak)

Nafarroako eta Nafarroa Behereko kultura ondare materiagabea biltzea, aztertzea eta zabaltzea da proiektuaren xedea. Nafarroako kultura ondare materiagabearen artxiboaren proiektua abian jarri du NUPeko Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Sailak hainbat lankideren laguntzarekin (fundazioak, elkarteak eta instituzioak) eta horien biltze eta transmisio esperientzia ezagutzera emango da heldu den urriaren 30eko jardunaldian, 11:00etatik aurrera NIGMETeko Gradu Aretoan.

Artxiboak, (www.navarchivo.com/), multimedia funts zabal baterako aukera eman du, ikertzaileek eta partikularrek lagatako materialak digitalizatu eta sartzearen emaitza dena, eta, batez ere, Nafarroako 315 herri baino gehiagotan elkarrizketa etnoantropologikoa egin izatearena. Oraingoz, 1.130 elkarrizketa egin zaizkie XX. mendeko memoriaren hainbat gordetzaileri; eta horrek 100.000tik gora ikus-entzunezko testigantza egiten du.

Jardunaldiak Kultura Ondare Materiagabea Nafarroan: bilketa, babesa, azterketa eta aplikazioa" izenburua dauka. Kultura eremuko arduradunei eta eragileei zuzendua dago eta, bereziki, beren herriaren ondare materiagabea berpizteko eta gordetzeko interesa duten herrietako alkateei. Horregatik, bereziki corpusaren etorkizuneko aplikazioak hartuko ditu azterketa zientifikorako ardatz, tokiko garapenerako eta garapen turistikorako, eta hezkuntza eremurako. Proietuaren garapen eremuari buruz ere hausnarketa egin nahi da, Ondare Materiagabea babesteko Plan Nazionala (2011) berriki aurkeztu denetik, ondare materiagabearen adierazpen-eremu pribilegiatuak mugatzen baitira eta hura gordetzeko, kudeatzeko, zabaltzeko eta ondare-hezkuntza emateko behar diren jarraibideak eta orientabideak jasotzen baitira. Halaber, topagunea izan nahi du ondarea osatzen duten kultura adierazpen anitzen biltze, kudeatze eta transmisio alorretan dauden esperientzien artean.

Jardunaldia bi zatitan egituratzen da: lehenbizikoan, 11:00etatik 12:15era, kultura ondare materiagabearen osotasunari buruzko ikuspegi bat azalduko da. Parte hartuko dute María Pía Timón Tiemblo Kultura Ondare Materiagabea babesteko Plan Nazionaleko koordinatzaileak, eta Susana Irigaray Soto Nafarroako Gobernuaren Museo Ataleko buruak. Bigarren zatian, 12:30etik 13:30era, Nafarroako kultura ondare materiagabearen artxiboa, egindako lanak, lehentasunezko beharrak eta etorkizuneko proiektuak ezagutzeko parada izango da. Horri buruz mintzatuko dira Patxi Salaberri Zaratiegi artxiboaren zuzendari nagusia; Alfredo Asiáin Ansorena proiektuaren zuzendari nagusia; eta Gaizka Aranguren Urrotz testigantzak jasotzeko lanaren arduraduna.

Jardunaldi honetara datozenek, era berean, aukera izango dute José Ángel Iturralde Vildarraz Imotzeko alkatearen, eta Andrés Agorreta Arriazu Fontellasko alkatearen, eta Félix Jamar Jáuregui Aezkoako Ibarreko Batzar Nagusiko buruaren esperientziak ezagutzeko, beren herrietako testigantzak berreskuratzeko lanetan.

XX. mendeko memoria

zoom Fontellasi buruz egindako dokumentalaren karatula

Fontellasi buruz egindako dokumentalaren karatula

Nafarroako ondare materiagabearen Artxiboa sortzeko proiektua abian jarri zen duela zazpi urte eta hainbat larritasun maila ditu. Bildu beharreko larriena da Nafarroako XX. mendeko gizarte tradizionalaren testigantzak eta oroimena, gordetzaileetako asko adinez oso nagusiak baitira. Arduradunen iritziz, "ondare hori oso aberasgarria da, herrietako "genoma kulturala" balitz bezalakoa da; horregatik, gorde egin behar dugu eta gainerako belaunaldiei transmititu, beharrezko bitartekaritza kulturalarekin eta hezkuntza bitartekaritzarekin eta, gainera, bitartekaritza horrek jabetza kritikoa sustatu behar du, eta balio positiboak bere egin, eta bestalde, hain aldekoak ez diren balioak ezagutu ondoren, haiek gainditzeko balio behar du.

Artxiboko materialaren artean badira soinuzko testigantzak, ikus-entzunezkoak, testu bidezkoak eta argazkiak hainbat eremutakoak: oroimena, ezagutza tradizionalak, sinesmenak, zeremonia- errituak eta praktikak, ahozko tradizioa eta hizkuntzalaritza berezitasunak, joko eta kirol tradizionalak, errepresentazioak, eszenifikazioak, elikatzeko moduak, soinu eta musikazko adierazpenak, soziabilitate kolektiboko moduak eta antolatzeko moduak, e.a.

NUPeko Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Saileko diziplina anitzeko ikertzaile talde batek koordinatzen du materiala biltzeko metodoa eta Nafarroako eta Nafarroa Behereko kultura ondare materiagabea sailkatzeko, indexatzeko eta transkribatzeko sistema. Gainera, analisi zientifikoaren lanari heltzen dio, eta testigantzen aurkezpenean eta hedapenean parte hartzen du. Gainera, azkenik, diseinatu egiten ditu aplikazio zientifikoak, tokiko garapenekoak eta hezkuntza garapenekoak. Bestalde, Labrit Multimedia enpresa arduratzen da landa lana egiteaz. Alkateekin, kultura eragileekin, udalekin eta mankomunitateekin lankidetzan, zehazten da zein adinekok eman dezakeen herriko gaiei eta kultura paisaiei buruzko testigantza interesgarrienak.

Fontellasek, Bakaikuk, Imotz ibarrak, Basaburua ibarrak, Aezkoako ibarrak, (trailerraren dokumentala) Odieta ibarrak eta Zaraitzu ibarrak jada parte hartu dute testigantzen bilketa eta ekarpenetan. Era berean, abian jarri dituzte beren ondarea transmititzeko esperientziak dokumentalak egitearen bidez edo ondare materiagabearen entziklopediaren bidez. Artxiboaren azken xedea, Nafarroako XX. mendeko gizarte tradizionalaren oroimena gordetzeko tresna den aldetik, Nafarroako biztanleen % 1ek parte hartzea da, horrekin 5.000 elkarrizketa egiten baitira.