Datorren astean izango dira, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Unibertsitatearen eta Garapenerako Lankidetzaren gaineko I. Jardunaldiak. Bertan honako gai hauek eztabaidatuko dira, besteak beste: unibertsitateek garapenerako lankidetzan daukaten erantzukizuna, azken urteetan ikasleentzat eta irakasleentzat bultzatu diren prestakuntza eta mugikortasun programak. edo eta GKEek jokatzen duten papera. Topaketa hauek urriaren 29, 30 eta 31n egingo dira, eta adituak, erakundeetako arduradunak, GKEak eta honelako proiektuak babesten dituzten herrialdeetako ordezkariak bilduko dituzte. Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioaren Lankidetza eta Garapenerako Espainiako Agentziak babesten du.
NUPeko Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako Errektoreordetzak antolatu ditu jardunaldiak. Beren helburua da Garapenerako Unibertsitate Lankidetzari buruz (GUL) eta Garapenerako Hezkuntzari buruz (GH) gogoeta egiteko eremu bat zabaltzea, gero eta pisu handiagoa baitute eta giza eskubideekin konprometitutako hiritar solidarioak prestatzeko oinarrietako bat baitira egun.
Unibertsitatean, garapenerako hezkuntza hainbat programaren bidez garatu da. Horien artean, garrantzizkoenetako bat unibertsitate mugikortasunekoa da, ikasleei eta irakasleei zuzentzen zaiena. Horrela, NUPek 2001ean Prestakuntza Solidarioa Programa bultzatu zuen, arlo honetan aitzindaria izan zena.
Unibertsitatea eta lankidetza
Jardunaldiak Arrosadiko campuseko Sario eraikineko 04. ikasgelan izango dira. Hasteko, Ignacio Aymerichek zientziak eta unibertsitateak gaur egun garapenerako lankidetzan daukaten arduraz hitz egingo du. Aymerich Giza Eskubideen Eraginkortasunaren Ikerketa Zentroko zuzendaria, Gobernantza Demokratikoaren Institutuko ikertzailea eta Jaume I. Unibertsitateko Zuzenbidearen Filosofiako irakaslea da. Lehen saioan, urriaren 29 astelehenekoan, unibertsitateek abian jarri dituzten garapenerako hezkuntzarako programen estrategiak, erronkak eta helburuak izango dira eztabaidagai.
Bigarren saioa mugikortasun programei buruzkoa izango da, eta laguntza jasotzen duten herrialdeetako erakundeek unibertsitate lankidetzari buruz daukaten ikuspegia ere landuko da. Honi dagokionez, mahai bat izango da, NUPek eta Mayor de San Simón Unibertsitateak garatu duten programa baten emaitzak ezagutarazteko. Programak hainbat ekintza jarri nahi zituen abian Anzaldoko Ospitalean, Cochabamban (Bolivia). Mahai honetan Pietro Bamba, ospitaleko arduraduna, eta Teresa Reyes de Cornejo, Mayor de San Simón Unibertsitateko ordezkaria, izango dira.
Urriaren 31ko, asteazkeneko, saioko egitaraua, mugikortasuna programen bidezko irakaskuntza prestakuntzaren analisiarekin hasiko da. Teresa Reyes de Cornejo ez ezik, beste hauek ere arituko dira: Alberto Ferreira, Mozambikeko Unibertsitate Katolikoko errektorea eta Rebeca Ramos, La Habanako Unibertsitateko ordezkaria.
Ondoko helbide honetan dago ikusgai Unibertsitatearen eta Garapenerako Lankidetzaren gaineko I. Jardunaldien programa osoa: http://www1.unavarra.es/educacionparadesarrollo. Bertan egin daiteke izen-ematea, baita ere.