Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Rafael Cabeza, Leonardo de Maeztu eta Arantxa Villanueva ikertzaileak

Ezkerretik eskuinera, Rafael Cabeza, Leonardo de Maeztu eta Arantxa Villanueva ikertzaileak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile talde batek teknika bat garatu du aukera ematen duena hobetzeko hiru dimentsiotako irudien prozesatua denbora errealean. Lanak aplikazioak ditu 3D bideoan, aeronautikan, automozioan eta kirofanoetarako sistema adimendunetan, eta “IEEE Transactions on Pattern Analysis and Machine Intelligence” izeneko aldizkari iparramerikarrean argitaratu da. Izan ere, aldizkaria aitzindaria da Konputazio eta Adimen Artifizialaren Zientzien eremuan.

Ikerketa hau Leonardo de Maeztu Reinares Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio ingeniaria garatzen ari den doktoretza tesiaren barnean kokatzen da. Halaber, artikuluaren egilekideak dira Rafael Cabeza Laguna eta Arantxa Villanueva Larre Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleak.

Lana ikuspegi estereoskopikoan oinarritzen da; izan ere, hiru dimentsiotako irudiak atzemateko teknika dena. "Esteroskopiaren oinarria da gizaki negienaren antzera, eszena bera hainbat ikuspuntutatik aldi berean hartzen duten kamera bi edo gehiago erabiltzea -azaldu dute egileek-. Horrela, denbora tarte bakoitzerako, bi irudi edo gehiago atzematen dira, eta beren artean alderatzen dira, objektuetatik kameretarainoko distantzia ondorioztatzeko, eta horrela, argazki klasikoek ematen ez duten sakonera atzemateko, klasikoak bidimentsionalak baitira".

Bi irudi estereoskopikoen alderatze hori egiteko, eta emaitza zehatzak lortzeko, "konputazio zama sendoa eta konplexutasun algoritmiko handia" behar dira, egileek diotenez. Eta argitaratutako lanak, hain zuzen ere, algoritmoen hiru aldaketa proposatzen ditu (eragiketa edo jarraibide gisa ulertuta) eta, horien bidez, lehendik ere ezagutzen den teknika bat, difusio anisotropiko izenekoa, erabiltzeko aukera ematen du, irudi esteroeskopiko pareak alderatzeko xedez.

"Proposatutako algoritmoak -dio Leonardo de Maeztuk- mota horretakoak egin izan diren beste batzuk baino emaitza hobeak lortzen ditu eta, gainera, lehiakortasun abantaila oso interesgarria dauka: denbora errealean inplementatzen dela txartel grafiko estandar batean. Kalkulu-ahalmen handia behar duten algoritmoak diren arren, gaur egungo prozesatzaile grafikoen potentzia guztia erabiltzen bada, denbora errealean egin daitezke, hau da, kamera bakoitzak segundoko hartzen dituen irudi kopuruaren beste hainbeste argazki prozesatu".

Ikuspegi estereoskopikoaren aplikazioak

Ikuspegi estereoskopikoari buruzko ikerketa hauek aplikazioak dituzte hainbat eremutan: bideo grabazioak 3Dtan, inguruaren monitorizazioa ibilgailuetan (hegazkinak eta tripulatu gabeko helikopteroak, autoak, e.a.) edo kirofanoetarako sistema adimendunak.

Munduko aldizkari zientifikoak ebaluatzen dituen Journal Citation Reports (JCR) aldizkariak egindako sailkapenaren arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileen artikulua jasotzen duen “IEEE Transactions on Pattern Analysis and Machine Intelligence” aldizkaria aitzindaria da mundu mailan Konputazioren Zientziak eta Adimen Artifizialaren gaiari buruzkoetan, duen inpaktuagatik. IEEE (Institute of Electrical and Electronics Engineers) munduko mailako erakunde profesionalak argitaratu du. Erakundeak Estatu Batuetan du egoitza eta teknologia berrietako ia 400.000 profesional biltzen ditu.