Zahartzaroari lotutako indarraren, muskuluen masaren eta erresistentzia kardiobaskularraren galera atzeratzeko eraginkorrena ariketa fisikoa egitea da. Eduardo Lusa Cadore ikertzaileak NUPen (Tuterako campusean) egin duen tesiaren emaitzak aurrerapen handia dira beren bizi kalitatea eta osasuna hobetzeko adinekoei ariketa fisikoa agintzearen arloan. Zehazki, iradokitzen du adinekoek lehendabizi indarra entrenatzeko saioak praktikatzea eta, ondoren, erresistentzia kardiobaskularra lantzea, zeren "bi entrenamendu motak aldi berean egiteak, muskulu talde bera aktibatuz, kaltegarria izan baitaiteke indarra hobetzeko".
"Indarra eta erresistentzia entrenamenduak adineko pertsonengan" izeneko doktoretza tesia Universidad Federal do Rio Grande do Sul (Brasil) unibertsitateko Eduardo Lusa Cadore ikertzaileak egin du. Mikel Izquierdo Redín, Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoreak, eta Luis F. Kruel, aipatu Brasilgo unibertsitateko doktoreak, zuzendu dute tesia, eta cum laude kalifikazioa erdietsi du aho batez.
Tuterako campuseko Osasun Zientzien Sailean garatu du bere ikerketa, eta indarra eta erresistentzia kardiobaskularra tartekatzen dituen entrenamenduak adineko pertsonengan zein ondorio dituen aztertu du. "Kontuan hartuz zahartzea indarraren eta erresistentzia kardiobaskularraren galerarekin lotzen dela, ikusi dugu ematen duela entrenamendu tartekatua dela esku-hartze eraginkorrena zahartzaroaren eraginei aurre egiteko ahalmen funtzionalari eta bizi kalitateari dagokienez", azaldu du Eduardo Lusa Cadorek.
Azterlanaren emaitzen arabera, erresistentzia kardiobaskularraren entrenamendua indarraren enetrenamenduarekin batera egiteak "modu negatiboan eragin dezake adineko gizakien indarraren hobekuntzan, muskulu talde bera aktibatzen denean bi entrenamendu motetan". Indarraren hobekuntza optimizatzeko, entrenamendua "planifikatu egin behar da, eta indarraren entrenamendua egin erresistentzia kardiobaskularrarena baino lehen".
Eduardo Lusa Cadorek bere kasa zein lankidetzan artikuluak egin ditu hainbat argitalpenetan, eta bere azterlan gehienak adinekoen entrenamendu fisikoari buruz egin ditu. Giza Mugimenduaren Zientzien Masterra eta Doktore graduak erdietsi zituen Brasilgo Universidad Federal do Rio Grande do Sul unibertsitatean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoretza egin du Osasun Zientzietan. NUPek Tuteran duen campusean ikerketa egonaldi bat egin du Biomekanika eta Giza Mugimenduaren Fisiologia laborategian.