Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Paloma Vírseda, Alberto Catalán eta Margarita Apilluelo.

Ezkerretik eskuinera, Paloma Vírseda, Alberto Catalán eta Margarita Apilluelo.

Epaileriaren, zuzenbidearen eta polizia judizialaren esparruko adituek gogoeta egin dute asteazken honetan, urriaren 17an, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Zientzia Juridikoen Fakultateak eta Unicefek gazteen erantzukizun penalari buruz sustatutako jardunaldi batean. "Gazteen justizia penala. Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen Legea eraberritzeko proposamena" da Zientzia Juridikoen Fakultateak eta Unicefef antolatutako II. jardunaldiaren izenburua. Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan egin da eta laurogeitik gora pertsona izan dira bertan, batez ere ikasleak.

Paloma Vírseda NUPeko Ikasleen Gaietarako errektoreordeak, Alberto Catalán Nafarroako Parlamentuko lehendakariak eta Margarita Apilluelo Martín NUPeko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasleak eta jarduera honen koordinatzaileak inauguratu dute jardunaldia.

Inés Olaizola Nogales NUPeko Zuzenbide Penaleko katedradunak eman du lehenengo hitzaldia, eta Adingabeen erantzukizun penalaren Legea eraberritzeko proposamenari buruz aritu da. Gero, adingabeek Espainian egindako delituei buruzko datuak eman ditu Andrea Giménez-Salinas Framis Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Auzitegi eta Segurtasun Zientzien Institutuko irakaskuntza zuzendariordeak.

zoom Jardunaldiko parte-hartzaileen irudia.

Jardunaldiko parte-hartzaileen irudia.

Jardunaldiaren bigarren partean arreta jarri da Adingabeen erantzukizun penalaren legearen aplikazioan Nafarroako Foru Erkidegoko Herri Salataritza Nagusiko Adingabeen Sekzioaren, abokatutzaren eta polizia judizialaren ikuspegitik. Lehenengo kasuan, Elena Sarasate Olza Nafarroako Herri Salataritzako Adingabeen Sekzioko kideak eman du hitzaldia: bigarrenean, Eduardo Ruiz de Erenchun Arteche abokatu eta Nafarroako Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko irakasle elkartuak; eta hirugarrenean, José Luis Galdón Caucelo Nafarroako Polizia Buruzagitza Nagusiko Polizia Judizialeko Brigada Probintzialeko buruak.


Haurraren eskubideei buruzko hitzarmena


Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateak eta UNICEFek antolatutako jardunaldi honen helburua zen Nafarroako hiritarrak eta unibertsitate komunitateko kideak prestatzea Haurraren eskubideei buruzko hitzarmenaren edukian. Nazio Batuen Batzar Orokorrak 1989ko azaroaren 20an onetsi zuen nazioarteko itun hori. Hainbat gizarte, kultura eta erlijiotako ordezkariek egindako ekarpenen emaitza da hitzarmena. Haurren eskubideei buruzko nazioarteko lege nagusia denez, hitzarmena sinatu duten estatu guztiek bete beharrekoa da.

Onetsi zenetik, aurrerapen handiak egin dira mundu osoan haurren eskubideak babesteko. Dokumentu hau ibilbide-orri modura erabiliz, aurtengo jardunaldian gazteen justizia penalaren gaia aztertzea erabaki da, gai horrek gizartean sortzen duen eztabaida eta hedabideetan daukan eragin handia dela-eta. Diziplinarteko eztabaida bat piztu nahi zen Adingabeen erantzukizun penalaren legea eraberritzeko aukerari buruz. Auzi labain honi buruzko jarrera ongi funtsatuak alderatu eta beren ondorio guztiak aztertu dira batez ere, betiere erreferentetzat hartuta Haurraren eskubideei buruzko hitzarmena zorrotz gordetzea.