Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak María Elena Aramendíarekin erdian.

Ikasleak María Elena Aramendíarekin erdian.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Lizentziaturako 35 ikasleko talde batek irailean eta urrian parte hartu du web 2.0 komunikabide sozialen bidezko ikaskuntza ez-formalari buruzko mintegi batean. Jarduera hau Merkatu Ikerketa irakasgaiaren parte bat da, eta Enpresen Kudeaketako Saileko María Elena Aramendía Muneta irakasleak koordinatu du.

Mintegiaren xedea izan da ikasleak gaitzea ulertzeko web 2.0 teknologiak, komunikabide eta sare sozialak nola erabil daitezkeen ikaskuntza ez-formala eskuratu eta partekatzeko xedez. Gaur egun enpresa eta erakundeetan eskuratzen den ezagutzaren % 75 ikaskuntza ez-formalaren bidez jasotzen da. Egunerokoan eta lanean eskuratzen dena da, eguneko jarduera profesionalean, irakurmenetan eta elkarrizketetan, pertsonen arteko harremanetan eta ekitaldi, hitzaldi eta bileretan parte hartzean.

Mintegiaren izenburua zen "Nola eskuratu ikaskuntza ez-formala web 2.0 komunikabide sozialen bidez?". Hiru saio presentzial eta online autoikaskuntza multimedia ikastaro interaktibo bat eman da, teoria eta baliabide didaktiko osagarriak kontsultatzeko aukera emanez. Mintegi honen edukia wikiak, blogak, sare sozialak, mikroblogak, RSS irakurgailuak eta markagailu sozialak bezalako komunikabide sozialak aprobetxatzeko moduari buruzkoa izan da, ezagutza gehiago lortzeko, edo sarean lankidetzan jardunez, gainerakoen eskura jartzeko. Lankidetza harreman birtualetan kontuan hartu beharko liratekeen jarrera eta portaera gomendagarrienei buruzko aholkuak ere eman dira.


Europar Batasunak lagundutako proiektua


Online ikastaroa eta mintegia Espainiako, Portugaleko, Alemaniako, Irlandako, Lituaniako eta Txekiar Errepublikako europar sei entitatek diseinatu eta garatu dituzte, NetKnowing 2.0 proiektuaren barnean. Izan ere, proiektua Europar Batasunak sustatua dago Leonardo da Vinci programaren bidez (2010-2012 Etengabeko ikaskuntzarako Programa). Espainian, ITURBROK S.L. aholkularitza nafarra da programa sustatu eta garatu duena, eta Merkatu Ikerketa irakasgaiko ikasleei eskaintza egin die Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin zeukan lankidetza hitzarmen baten bidez.

Horretarako, ikasteko gaitasuna bizitza osoan zehar garatzea ezinbestekoa da giza baliabideen ahalmenak egokitzeko ekonomia globalizatuan gero eta kualifikatuagoak diren lanpostuen eskakizunetara. Web 2.0 teknologiak eta sareko lankidetza tresna egokiak dira mota honetako ikaskuntza eskuratzeko, partekatzeko eta biderkatzeko, eta aldi berean ezagutza berri bat sortzeko.