Hamasei ikastegitako 80tik gora ikaslek parte hartuko dute urriaren 26 eta 27an Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak antolatzen duten Batxilergoko III. Eztabaida Torneoan. Parte hartzen duten taldeek, hirugarren edizio honetan, galdera honen inguruan eztabaidatu beharko dute: Debekatu behar al dira zezenketak Espainian? Txapelketaren finala urriaren 27an, larunbatean, izango da Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkuren Aretoan.
Prestakuntza ekimen honetan parte hartuko duten ikastegiak honako hauek dira: Nuestra Señora del Huerto Ikastegia, San Cernin Ikastegia, Irabia Ikastegia, San Ignacio Ikastegia, El Redín Ikastegia, Santa Teresa de Jesús Ikastegia, Hijas de Jesús Ikastegia, Liceo Monjardín Ikastegia, IES Lekarotz-Elizondo BHI, Sagrado Corazón Ikastegia, IES Plaza de la Cruz, Miravalles Ikastegia, IES Barañain, Calasanz-Escolapios Ikastegia, Santo Tomás Ikastegia eta IES Basoko BHI.
Txapelketa hau Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Parlamentua unibertsitateko eta Batxilergoko ikasleen artean, azken urte hauetan sustatzen ari diren eztabaida-jardueretako bat da. Txapelketa Nafarroako Batxilergoko ikastegi publikoetako eta kontzertatuetako 2. mailako ikasleei zuzendutako prestakuntza eta lehiaketa saio bat da. Aukera bat da ikasleek hainbat trebetasun gara ditzaten: jendaurrean mintzatzeko gaitasuna, taldean lan egitekoa, informazioa aztertzekoa edo argudioak ematekoa. Beren prestakuntza pertsonalerako oso interesgarriak izateaz gain, trebetasun horiek unibertsitateko gradu ikasketei lotutako zenbait zeharkako eskumen edo eskumen orokor osatzen dituzte.
Prestakuntza eta lehiaketa
Batxilergoko Eztabaida Torneoan bi parte daude. Lehenbizikoan, parte hartzen duten ikasleek prestakuntza lantegi batean egongo dira. Bertan, esperientzia luzea duten profesionalek jarraibideak emango dizkiete eztabaidako oinarrizko teknikei buruz. Halaber, haiekin batera landuko dute lehiaketarako aukeratu den gaia. Lantegi hau prestakuntza jasotzeko interesa duten irakasleei ere zuzentzen zaie, eta urriaren 19 eta 20an emango da NUPeko Ikasgelategian.
Beste alde batetik, lehiaketa fasea urriaren 26rako eta 27rako programatu da. HIruzpalau ikasle eta kapitain batez osatutako taldeak aldez aurretik zozketatuko diren aurkako jarrerak defendituz lehiatuko dira. Hitz egiteko txandak itxiak izango dira lau txandatan (hasierako azalpena, bi eztabaida txanda eta ondorioak), eta iraupena 26 minutukoa (hamairu talde bakoitzarentzat) izango da, gehienez ere.
Taldeak lau multzotan banatuko dira, eta multzo bakoitzaren bi hoberenak lehiatuko dira final zortzirenetik aurrera. Finalerdiak eta finala hilaren 27ko 18:00etatik aurrera egingo dira Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkuren Aretoan.
Epaimahaia NUPeko irakasleek eta antolatzaileek gonbidatutako pertsonek osatuko dute. Epaileek balioetsiko dituzten alderdiak dira, besteak beste, argudioen aniztasuna, ebidentzien zorroztasuna, baliabideak, hizlarien naturaltasuna eta adierazgarritasuna, ahotsa zein isiluneak menderatzea, hizkera aberatsa eta egokia, definitutako argudioak eta taldearen jokaera.