Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2012-13 ikasturteko Prestakuntza Solidarioko Programan izena emateko epea ireki du. Programak, edizio honetan, 38 postu eskaintzen ditu. Prestakuntza Solidarioko Programa NUPen ekimen berekia da, eta Garapenerako Unibertsitate Lankidetzaren barnean sartzen da. Unibertsitate komunitateko kideen artean elkartasuna eta garapenerako lankidetzaren balioak sustatzea du xede, nazioarteko lankidetzaren esparruan prestakuntza profesional praktikoa eskaintzearekin batera.
Programa El Salvadorren, Bolivian, Perun, Mozambiken, Ekuadorren eta Kuban garatuko da, eta eskainitako postuetatik 16k beka izango dute. Eskaerak aurkezteko epea datorren urriaren 15ean bukatuko da, eta interesdunek honako helbide honetan dituzte eskuragarri oinarriak eta eskaera bat: http://www1.unavarra.es/relacionesinternacionales/
Deialdi honetako bekak honako ikasle hauei daude zuzenduak: 2012-13 ikasturtean matrikulatu diren edo Karrera Amaierako Proiektua egiteko eta defendatzeko duten (Ingeniaritzako titulazioen kasuan) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lehen eta Bigarren Zikloetako, Graduko eta Masterreko ikasleak. Balioespen batzorde batek eskaerak aztertuko ditu, izangaien ikasketa-espedientearen batez besteko nota kontuan hartuz, baita garapenerako nazioarteko lankidetzan eta gizarte boluntariotzaren arloan daukaten esperientzia eta prestakuntza ere. Horrez gainera, aukeratutako pertsonek nahitaezko prestakuntza ikastaro batean parte hartu beharko dute urritik abendura bitartean. Ikastaro honek hiru kredituko irakaskuntza-aitorpena izango du (2 kreditukoa Graduko ikasleentzat).
Ikasleak beren helburu-herrialdeetara hiru eta sei hilabeteren arteko epe baterako joango dira, praktikak edo ikasketa amaierako proiektuak lankidetza-proiektu baten barruan egiteko. Proiektua lankidetzan gauzatzen da proiektuak burutzen diren herrialdeetako unibertsitate batzuekin, gobernuz kanpoko garapenerako erakunde batzuekin eta lankidetzarako nazioarteko beste agentzia batzuekin batera. Egonaldia amaitzean, ikasleek, egindako jardueraren oroitidazkia aurkeztu behar dute. Gainera, bidaia-gastuetarako laguntza edukiko dute, gaixotasun aseguru osoa eta hileko laguntza ekonomikoa, ostatu eta mantenurako.