![zoom](http://www.unavarra.es/img/bt.zoom.png)
![Elkarkide lanbide-zentroko erabiltzaileak sagarrondo baten ondoan, Praktiketako Etxaldeko arduradunekin.](http://www2.unavarra.es/filestore/9/1/7/1/6/91716_161745_100000fotofruta1.jpg)
Elkarkide lanbide-zentroko erabiltzaileak sagarrondo baten ondoan, Praktiketako Etxaldeko arduradunekin.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak 8.000 kilogramo fruta eman dio Elkarkide gizarte-ekimeneko enpresari, Elikagaien Bankuan eta Paris 365 gizarte-jantokian banatzeko. Zortzi tona horietatik bost tona sagarrak dira eta gainerakoa madariak. NUPeko Praktiketako Etxaldean bildu dituzte, eskuz, Elkarkidek Iruñeko Arantzadin kudeatzen duen lanbide-zentroko erabiltzaileek. Zentro horretan nekazaritza-jarduneko programak garatzen dira, buru-gaixotasuna daukaten pertsonei zuzenduta.
Unibertsitateko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMET) sustatu du ekimena, bera baita Nekazaritzako Praktiketarako eta Ikerketarako Etxaldea kudeatzen duena. Eskola honen titulazioetako ikasleek praktikak egiten dituzte instalazio honetan. Aldi berean, laguntza ematen die NUPen egiten diren Ikerketa proiektuei. Praktiketako Etxaldea Sario eraikineko atzeko aldean dago, Arrosadiko Campusean, eta 200.000 metro karratu baino gehiagoko eremua dauka.
NIGMETeko zuzendaria, Enrique Martín, izan zen Elkarkide gizarte-ekimeneko enpresarekin harremanetan jarri zena, instalazio honetan ekoizten diren milaka kilogramo sagar eta madariak gizartearentzat izan zitezen. Elkarkide bera izan da bilketa lanaz arduratu dena, Arantzadiko etxaldearen kudeaketak esperientzia handia eman baitio nekazaritza produktuak erein, bildu eta banatzeko orduan. Arantzadi lanbide-zentroko hogei erabiltzaile inguruk bildu dute fruta, eskuz, beren gizarte-programaren beste jarduera bat bezala. Jesus Zubieta, Elkarkideko nekazaritza-teknikaria, izan da koordinatzailea.
Frutaren banaketa
Fruta honen parterik handiena Nafarroako Elikagaien Bankuari emango zaio, eta gainerakoa Paris 365 gizarte-jantokiari. Elkarkidek badauka hitzarmen bat jantoki honekin, eta hitzarmen horren arabera astero ematen dio jantokiari Arantzadiko etxaldean lantzen duen barazkia.
Nafarroako Elikagaien Bankua (NAB) ongintzako gizarte-fundazioa da, independentea, laikoa eta irabazi-asmorik gabea. Erakunde honen helburua da gizarte-bazterketaren egoeran dauden, edo bazterketa-egoeran egoteko arriskuan dauden pertsonen elikadura hobetzea, baita gizartea boluntariotzako lanetan inplikatzea ere. Bere lanaren barruan, elikagaiak biltzen dituzte; gero sailkatu, biltegiratu eta banatzen dituzte legez eratutako ongintza erakudeen artean, hauek behartsuei eman diezazkieten.
Bere aldetik, Paris 365 gizarte jantokiak urteko egun guztietan hiru otordu ematen dizkie egunero, euro baten truke, horren beharra daukaten pertsonei, epe jakin batean. Gizakia Herritar Fundazioak sortu zuen jantokia. Fundazio hau akonfesionala da eta irabazi-asmorik gabe lan egiten du. Beste hainbat ekimen eraman ditu aurrera behartsuen alde: aholkularitza juridikoa, prestakuntza, lan-bilaketa...
Elkarkideren lana
Elkarkide 1991. urtean sortu zen. Gizarte-ekimeneko eta irabazi-asmorik gabeko enpresa bat da. Nafarroan aitzindari izan da buru-gaixotasuna daukaten pertsonen aldeko lanbide-zerbitzuak ezartzeko garaian. Bere helburua da pertsona hauen gizarteratzea lortzea, beren garapena bultzatuz, gizarte eta lan-arloan, baita arlo pertsonalean ere. Elkarkide proiektuak 350 pertsona biltzen ditu. Horietako 150 langileak dira.
Elkarkidek enplegu-zentro bereziak, gizarteratzeko eta laneratzeko zentroak eta lanbide-zentroak ditu. Azken hauen artean Arantzadi Zentroa dago. Arantzadik berrogeita hamar bat erabiltzaile ditu, eta zentro horretan nekazaritza jarduerak (baratzezaintza eta lorezaintza) eta jarduera sozioedukatiboak egiten ditu.