Joan eduki nagusira

zoom Fernando Remacha Aretoan egiten ari den Sinposiora joan direnen irudia.

Fernando Remacha Aretoan egiten ari den Sinposiora joan direnen irudia.

Europako 24 unibertsitatetako ia ehun aditu hausnarketa egiten ari dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan ostegun honetatik aurrera, urriak 4, gizarte lanari buruz, Gizarte Ongizatearen berme den aldetik. Adituak Gizarte Lanari buruzko 15. Europar Sinposioan parte hartzen ari dira. Gizarte Laneko Sailak antolatua da, eta Julio Lafuente López NUPeko errektoreak inauguratu du, Sario eraikineko Fernando Remacha Aretoan, goizeko 10:00etan egin den ekitaldi batean. Errektorearekin egon dira Eduardo Lacasta Zabalza Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko dekanoa; eta Jesús Hernández Aristu Gizarte Laneko Saileko irakasle eta batzorde zientifikoko presidentea.

zoom Ezkerretik eskuinera, Eduardo Lakasta, Julio Lafuente eta Jesús Hernández.

Ezkerretik eskuinera, Eduardo Lakasta, Julio Lafuente eta Jesús Hernández.

Sinposio honetako parte-hartzaileak Europako hamaika herrialdetatik etorriak dira, eta hausnarketa egingo dute aztertzeko nola erreakzionatu gizarte lanaren eremutik gaur egungo krisi egoeran, Espainian eta Europar Batasunean Gizarte Ongizatea bermatzeko. Bilera zientifiko horretan aztertuko diren gaietako batzuk honako hauek dira: migrazioak Kontinente Zaharrera, 15-M mugimendua, gazteen bandak, edo emakumeen papera gizartearen etorkizunean. Sinposioaren leloa hauxe da: "Gizarte Lana, ongizatearen berme Europan".

Sinposioa hitzaldietan, mahai-inguruetan eta lantegietan banatua dago, eta Alemania, Belgika, Danimarka, Espainia, Finlandia, Herbehereak, Hungaria, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika eta Errusiako unibertsitateetako hainbat irakasle parte hartzen ari dira. Jan Agten irakaslea, Gizarte Laneko Elkargoen Europako Elkarteko Batzorde Exekutiboko kidea dena, izan da hasierako hitzaldia eman duena. Hitzaldiaren izenburua honako hau da: "Gizarte Lana, ongizatearen bermea. Atzerako eta aurrerako begirada bat Europar Batasunean".

15-Mtik gazteen bandetara

Bi egunetan zehar hamar lantegi egingo dira, eta gaiak honako hauek dira: migrazioak Europan: behartsuen aterpea edo hartzaileen beharra; gazteria galdua eta gizarte iraultza: 15-M mugimendua Europan eta munduan; familiek edo nork ordaintzen ditu krisiaren kalteak; nagusiak, familiaren eta instituzionalizatzearen artean, beren bizitzaren azken zatian; pobreak, pobreagoak eta erabat pobreak: krisiak, beti eragiten die berberei? edo, lehendik bazeuden?; bandak, “killers” edo giza hondakinak (noraezean doan gizarte batean beren kasa utzitako gazteak): gizarte lanaren alternatibak hezkuntzaren eremuan; emakumeak al dira gizartearen etorkizuna?: genero kontua edo erreserbako armada; eta ba al du etikak aukeraren bat gaur egungo gizartean?: mugak eta aukerak gizarte lanean portaera etiko baterako.

Amaiera, bihar, Karim Ahmed-Mohamed Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiko (CSIC) Giza eta Gizarte Zientzien Zentroko ikertzaileak emango du. Hitzaldiaren izenburua honako hau da: “¿Quo vadis Bolonia? Erronkak, aukerak eta oztopoak gizarte langile berriak prestatzeko Espainian eta Europan". Programa osoa http://www1.unavarra.es/15esws helbidean dago kontsultatzeko.

Gizarte Lanari buruzko 15. Europar Sinposioa ostiralean, arratsaldeko 19:30ean amaituko da, Fernando Remacha Aretoan, jendearentzat zabalik dagoen kontzertu batekin, Iruñeko Ganbera Abesbatzak eskainia, Beatriz Aguirreren zuzendaritzapean.