Joan eduki nagusira

zoom Maria Salsamendi, ezkerrean, eta Idoya Mendiburu.

Maria Salsamendi, ezkerrean, eta Idoya Mendiburu.

Idoya Mendiburu Huarte eta María Salsamendi Urra Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniaritzako ikasleak Lambayaquen, Peru ipar-mendebaldean, dagoen hondakin zentro baten kudeaketa hobetzeko proiektu baten lider izan dira. Proiektua NUPeko Prestakuntza Solidarioko programan egon da, eta Compromiso con la Mujer bertako GKEarekin lankidetzan egin da. Hondakinen birziklatzeari buruz sentsibilizatzeko gela bat abian jarri da, energia berriztagarrien bidez elektrizitatea instalatu da, konpostaren kalitatea hobetu da eta etxebizitzetan zaborraren bereizketa sustatzeko biodigestore bat sortu da. Esperientzia hori karrera-amaierako proiektu bihurtu dute Idoya Mendiburuk eta María Salsamentek, eta, proiektua defendatu eta gero, bikain kalifikazioa lortu dute.

Bi ikasleek sei hilabeteko egonaldia egin dute Perun. Proiektua Lambayaqueko Materialak Pilatzeko Zentroan garatu zuten. Herri horrek 11.000 biztanle inguru ditu. Compromiso con la Mujer GKEak kudeatzen du zentroa, eta eta bertan esperientzia pilotu bat abian jarri zen, herritarrak zaborrak bereizi eta birziklatzeko beharraz sentsibilizatzeko. Instalazio horien kudeatzaileek hondakinak biltzen dituzte atez ate, materialak pilatzeko zentroan bereizten dituzte eta balioren bat dutenak saldu egiten dituzte. Hondakin organikoak konposta egiteko erabiltzen dituzte.

Hain zuzen, konpostaren kalitatea hobetzea izan zen lehenengo zeregina, bere gazitasuna zela eta, saltzeko desegokia egiten baitzuen. Perura bidaiatu baino lehen, NUPeko bi ikasleak Iruñerriko Mankomunitatearen harremanetan jarri ziren, konpostari buruzko aholkuak jasotzeko. Lambayequeko Pedro Ruiz Gallo Unibertsitate Nazionaleko bi ikasleren laguntzarekin, estalki bat egin zuten, konposta inguruko gazitasunetik gordetzeko. Lau konpost laginekin esperimentu batzuk egin eta gero, gazitasuna erdiraino jaistea lortu zuten.


Birziklatzeari buruz sentsibilizatzeko gela


zoom Bi ikasleak, ikasle talde batek zentrora egindako bisitaldian.

Bi ikasleak, ikasle talde batek zentrora egindako bisitaldian.

Idoya Mendiburuk eta María Salsamendik sustatutako bigarren proiektuaren xedea gela baten eraikuntza izan zen, hondakinen kudeaketa zuzenari, konpostajeari eta energia berriztagarriei buruzko lantegi bat emateko. Bi ikasleak arduratu ziren proiektua zuzentzeaz eta gelaren eraikuntza koordinatzeaz. Tokiko agintariek inauguratu zuten gela eta agintari horiek berek eman zituzten ikasleei zuzendutako lehenengo lantegiak. Bi ikasleek Perun egindako egonaldia amaitu ondoren, Compromiso con la Mujer GKEko kideek egiten dituzte hitzaldiak eta bisitak. Saio horiek inguruko ikastetxeei, emakume-elkarteei eta laborariei eskaintzen zaizkie.

Esperientzia osatzeko, errota bat eta eguzki plaka bat jarri ziren Materialak Pilatzeko Zentroan, zentro horrek ez baitzeukan hornidura elektrikoko sarerik. Ikasleek energia-iturri bakoitzaren osagaiak erosi eta errota eta eguzki plaka eraiki zituzten. Halaber, etxerako biodigestore bat egin zuten lagin gisa, herri hartako biztanleek zentrora egindako bisitaldietan ikus dezaten nola erreziklatu behar duten zabor organikoa beren etxeetan.


Prestakuntza Solidarioko programa


Prestakuntza Solidarioko Programa NUPen ekimen berekia da, eta Garapenerako Unibertsitate Lankidetzaren barnean sartzen da. Unibertsitate komunitateko kideen artean elkartasuna eta garapenerako lankidetzaren balioak sustatzea du xede, nazioarteko lankidetzaren esparruan prestakuntza profesional praktikoa eskaintzearekin batera. 2011-12 ikasturtean, ikasleei zuzendutako 35 beka eskaini zituen osotara Unibertsitateak.

Aukeratutako ikasleak beren helburu-herrialdeetara hiru eta sei hilabeteren arteko epe baterako joango dira, praktikak edo ikasketak amaierako proiektuak lankidetza-proiektu baten barruan egiteko. Proiektua lankidetzan gauzatzen da proiektuak burutzen diren herrialdeetako unibertsitate batzuekin, gobernuz kanpoko garapenerako erakunde batzuekin eta lankidetzarako nazioarteko beste agentzia batzuekin batera. Egonaldia amaitzean, ikasleek, egindako jardueraren oroitidazkia aurkezten dute. Programa honetan parte hartzen duten pertsonek bidaia-gastuetarako laguntza dute, gaixotasun aseguru osoa eta hileko laguntza ekonomikoa, ostatu eta mantenurako.