Joan eduki nagusira

zoom OTEek produktu, prozesu eta zerbitzu berriak sorrarazten dituzte

OTEek produktu, prozesu eta zerbitzu berriak sorrarazten dituzte

Oinarri teknologikoaren enpresek, spin-offs deitzen direnek, aurkikuntza zientifiko edo teknologiko berrien aplikazioetan oinarritzen dute beren jarduna, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gobernu Kontseiluak enpresa hauek sortzeko eta enpresa horietan parte hartzeko arautegia onetsi du. Enpresa hauek I+G+b alorrekoak dira, eta ikertzaileek berek beren gain hartzen dituzten proiektuetatik sortzen dira. Azken 15 urteetan NUPen 45 enpresa proiektu sortu dira.

Enpresa hauek daukaten garrantzia handia da, eta horregatik, bai unibertsitateek, baita beste ikerketa-erakunde publiko batzuek ere arreta berezia eskaintzen diete, jakintza bestetaratzeko motorrak direlako. Beren jardunarekin, ehun teknologikoa eta garapen ekonomikoa bultzatzen dituzte, kualifikazio handiko enplegua sortzen dute, industria-ingurura balio erantsia ekartzen dute eta gazteak lan munduan sartzeko aukera ematen dute.

Oinarri teknologikoaren enpresetan (OTE), unibertsitateko bertako ikertzaileak dira nagusi, baina badira titulazioaren azken urtea egiten ari diren ikasleek bultzatutako enpresak, baita ere. NUPetik pasatu diren OTE gehienek industria ingeniaritzarekin, telekomunikazioarekin, nekazaritza ingeniaritzarekin eta informazio eta komunikazioaren teknologiekin lotutako diziplinekin dute zerikusia. Azken urteetan, NUPen sortu diren OTE batzuek zenbait sari irabazi dituzte: EITBren Crea saria, Nafarroako Gobernuarena, Unibertsitate Negoziorako Ideiak, Ideactiva, Cluster TIC Navarra 2011 Saria eta UniPROYECTA 2012.

zoom Ikertzailea lanean NUPeko laborategi batean

Ikertzailea lanean NUPeko laborategi batean

Orain dela gutxi, Unibertsitateko Estatutuak berritu zirenean, kontuan hartu zen ikerketaren bultzadaz sor litezkeela enpresak, edo enpresetan parte hartzea litekeena zela; hortik sortu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Oinarri Teknologikoko Enpresen Arautegia. Horretaz gainera, jardun hori arautzeko araudia egin behar zela agindu zen. Hortik, orain Gobernu Kontseiluak onetsi duen arautegia. Gainera, 2011ko Zientzia eta Teknologiari buruzko Legeak kontuan hartzen zuen zerbitzuak unibertsitate publikoetan ematen zituzten ikertzaileek eszedentziak hartzeko aukera, gero I+G+b jardunetan aritzen diren eragile pribatuetan, oinarri teknologikoko enpresa batean kasurako, sartzeko baldin bada.

Zortzi artikulutan, arautegiak ezartzen ditu enpresa batek zer baldintza bete behar dituen oinarri teknologikoaren enpresatzat hartua izateko, zein den sortzeko administrazio-prozedura, Unibertsitateak nola parte hartzen ahal duen, zer betebehar dituzten OTEek, zeintzuk diren Unibertsitatearentzako kontraprestazioak, unibertsitateko langileen parte-hartzea, unibertsitatearen sustapen-neurriak eta OTEen errolda bat sortzea, Unibertsitatearen Ikerketa Zerbitzuaren mende egongo dena.


Sortzea, betebeharrak eta kontraprestazioak


Enpresa bat NUPeko OTE izan dadin, beharrezkoa da Unibertsitatearen ikerketa-jardunean oinarritzea, hau da, ikerketa, sormena eta ezagutza NUPen sortuak izan behar dira, NUPen azpiegitura eta baliabideekin. Enpresa-ekimena ikerketa-emaitzen ustiapenean oinarritu behar da, eta enpresa-ekimenak ondasun eta zerbitzuak, aurrerapen teknologikoak eta/edo ezagutza berrien aplikazioa eskaini behar du merkatuan.

Gainera, sortze eta sustatze prozesuan Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek hartu behar dute parte, edo Unibertsitatean prestatzen ari diren ikertzaileek, edo Unibertsitatearekin kontratuaren bidez lotutako beste edozein langilek, hirugarrenen lankidetzarekin edo gabe. Enpresak lankidetza-hitzarmen bat izenpetu behar du NUPekin. Horretan ustiatuko den ikerketaren emaitza bestetaratzeko kontratua gauzatuko da, eta Unibertsitateak parte hartzen badu enpresan, sozioen arteko ituna. Unibertsitateak oinarri teknologikoa duen enpresa dela ziurtatuko du dagozkion bere gobernu-organoen bidez, eta "Nafarroako Unibertsitate Publikoaren spin-off" marka emango dio.

Beste alde batetik, Unibertsitateak enpresen jardunean edukiko duen parte-hartzea arautzen da. Zuzenean parte hartu ahalko du, edo partaidetzen gehiengoa daukan enpresen bidez, OTEren kapital sozialean. Ohikoa izango da kapitaleko partaidetzen gutxiengoa edukitzea, eta partaidetza aldi baterakoa izatea. Kontratuaren bidez ikerketaren emaitzak ustiatzeko eskubideak uztea izango da parte hartzeko beste modu bat, edo baimena ematea sortzen diren enpresek unibertsitateko laguntza-zerbitzuak eta lekuak erabil ditzaten.

OTEek Unibertsitateari oroitidazki bat aurkeztuko diote, urtero, helburuak noraino bete diren azalduz eta urteko kontuen berri emanez, baita kudeaketari buruzko txosten bat ere. Enpresak OTE izaera galtzen badu edo unibertsitatearekin dauzkan betebeharrak direla-eta ez-betetze larriren bat egiten badu, honek laguntza guztia kenduko du, eta, kasua bada, enpresan daukan partaidetza salduko du.

Unibertsitateak jasoko dituen kontraprestazioei dagokienez, ondoren aipatzen den formuletako bat erabiltzen ahalko da: dibidendoak, royaltiak edo prezioak kobratzea, Unibertsitateak lehentasunez kontratatu ahal izatea I+G+b eremuko laneterako edo aholkularitzarako, ikasleek praktikak egitea, gradu eta master amaierako lanak zein doktoretza tesiak egin ahal izatea enpresaren alorrean, eta unibertsitateko langileentzako eta prestatzen ari diren ikertzaileentzako aldi baterako mugikortasuneko hitzarmenak.