NUPeko Unibertsitateko komunitateko kideek deskontu handiak izango dituzte Musiketan zikloko hamalau kontzertuetan. Kontzertuak Baluarteko Ganbera aretoan egingo dira 2012ko urritik 2013ko maiatzera bitartean. Talde honetako sarrerak (ikasleak, irakasle-ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak) hiru euroan salduko dira (% 77ko deskontua), NUPek eta Producciones Serranok, zikloa sustatzen duen enpresak, lortutako akordioaren arabera. Sarrerak hurrengo asteko astelehenetik aurrera hasiko dira saltzen Kultura Jardueren bulegoan. Bulegoa Ikasgelategiko 018 ikasgelan dago.
Musiketan formatu txikiko jaialdi bat da, musika estilo desberdinetako nazioarteko artistek jotako kalitateko musika entzuteko aukera eskaintzen duena. Esaterako, folka, rocka, jazza, bluesa edo musika etnikoa. Honako hauek dira jaialdian joko duten artistak: Peter Hammill (urriaren 5ean), Lou Lesage (urriaren 20an), Haight-Ashbury (azaroaren 10ean), Nervous But Excited (azaroaren 24an), Tom Russell (abenduaren 15ean), Elliott Murphy (2013ko urtarrilaren 12an), Paddy Keenan (urtarrilaren 24an), China Crisis (otsailaren 16an), Martin Carthy (martxoaren 2an), Lakecia Benjamin (martxoaren 16an), Charles Walker (apirilaren 6an), Eddi Reader (apirilaren 19an), Kuunkuiskaajat (maiatzaren 4an) eta Phil Cunningham & Aly Bain (maiatzaren 18an). Musiketan zikloari buruzko informazioa www.baluarte.com
webgunean dago.
Musiketan kontzertu zikloa Bilbon sortu zen 1994an, formatu txikiko jaialdi bat bezala, programazio irekia zuena eta musika estilo zehatz batera mugatu nahi ez zuena. Urte hauetan, Musiketanek ia 300 kontzertu egin ditu eta toki aipagarrian kokatu da Bilboko kultura programazioaren eremuan. Aurtengo edizioan, lehenengo aldiz Bilbotik kanpo, Iruñean, egingo da jaialdia.
Peter Hammillek irekiko du jaialdia urriaren 5ean
Kontzertuak Baluarteko Ganbera aretoan egingo dira larunbatetan, 20:00etatik aurrera, eta Peter Hammillen kontzertu batek hasiera emango die urriaren 5ean. Artista hau Londresen jaio zen 1948an, eta bere lehen taldea 60ko urteen amaieran sortu zuen, Manchesterreko Unibertsitatean ikasten ari zela. Talde honek (Van der Graaf Generator) entzuleak hamar urtez txunditu eta liluratu zituen bere bederatzi diskoekin. Taldea desegin zenerako zazpi disko grabatuak zituen bakarka Peterrek, eta disko horien bidez jarrera suhar, banako eta askea izan zuen musikarekiko, bai abeslari gisa eta bai letragile gisa.
Peter Hammillek ballet, zinema eta telebistarako musika konposatu du. Kontatzaile, musikari eta moldatzaile ere aritu da lanean. Esate baterako, honako artista hauekin: Peter Gabriel, The Kronos Quartet, Robert Fripp, David Thomas eta Roger Eno. Hammillek izugarri atsegin ditu zuzeneko kontzertuak, eta Europa osoan eta mundu osoko beste hainbat herrialdetan jo du. Bere grabazio-estudioa dauka, eta 1991z geroztik bere disko konpainia ere bai. Fie! du izena.