Joan eduki nagusira

zoom Alfonso Carlosena, Ikerketarako errektoreordea

Alfonso Carlosena, Ikerketarako errektoreordea

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Tesiak 3 minututan lehiaketaren lehen ediziorako deialdia egin du eta, parte hartzaileei jartzen dien erronka da azaltzea hizkera errazean, ulergarrian eta espezializatua ez den jendeari iristeko modukoan, beren ikerketaren edo ikasketen amaierako proiektuaren garapena, denbora mugatuko parte-hartze batean. Izena emateko epea zabalik dago irailaren 25era arte; lehiaketaren azken fasea azaroaren 15ean egingo da, eta sariak 500 eta 1.000 euro artekoak dira, lehiatzen den modalitatearen arabera.

NUPeko Ikerketako Errektoreordetzak sustatu du lehiaketa Kultura Zientifikoaren Unitatearekin, Komunikazio Zerbitzuarekin eta Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiarekin batera, eta (FECYT) Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioaren finantzabidea dauka. Aipatu Errektoreordetzak zientzia zabaldu eta hedatzeko sustatzen duen politikaren barnean, oso komenigarri ikusi da saritzea ikasleen eta ikertzaileen artetik, beren lana zergatik den garrantzitsua eta beren ikerketa jarduerarekin gizarteari egiten dioten ekarpena zein den ahalik eta hobekien azaltzen diotenak, espezialista ez den jendeari.

Halaber, lehiaketaren bidez, lortu nahi da ikertzaileak jabetzea zientzia zabaldu eta helarazteak duen garrantziaz, gizarteak aurrera egiteko eta kultura zientifikoa hobetzeko. Horregatik, kontuan hartuko da parte-hartzaileen gaitasuna ideiak eraginkortasunez komunikatzeko.

Lehenbiziko "Tesia 3 minututan" lehiaketa 2008an egin zen Queensland Unibertsitatean (Australia). Lehiaketak harrera oso ona izan zuen, eta 2010. urtean Australiako, Zelanda Berriko eta Fijiko hainbat unibertsitatek nazioarteko lehenbiziko lehiaketa egin zuten, eta urtez urte, gero eta parte hartzaile gehiago dauzka.

Lehen edizio honetan hiru modalitate ezarri dira: Doktoretza tesiak, Masterraren Amaierako Lanak eta Ikasketen Amaierako Proiektuak. Deialdia zabalik dago oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile eta ikasleentzat. Hiru sari emango dira: Doktoretza Tesi baten Komunikazio hoberenari, 1.000 euroko saria; Masterraren Amaierako Lanaren Komunikazio hoberenari, 500 euroko saria; eta Ikasketen Amaierako Proiektuaren Komunikazio hoberenari, 500 euroko saria.

Parte hartu nahi dutenentzat deialdiaren oinarriak eta lehiaketari buruzko argibide guztiak daude kontsultatzeko http://www1.unavarra.es/t3m web-orrialdean.

Lehiaketa nola egingo den

zoom Lehiaketaren logotipoa

Lehiaketaren logotipoa

Parte-hartzaile kopuruaren arabera, antolatzaileek bere egiten dute lehiaketa saio bakar batean egiteko edo aldez aurreko hautaketa fase bat egiteko eskubidea, gai arloen edo modalitateen arabera. Nolanahi ere, lehiaketaren finala urriaren 15ean egingo da jendaurreko saio ireki batean. Lehiaketa egin aurretik, parte-hartzaileei aukera emango zaie jendaurrean mintzatzeko trebetasunak eta oratoria teknikak jasotzeko saio batera joateko, beren aurkezpena hobetzeko teknikak ikasteko xedez.

Parte hartzaileek hiru minutu edukiko dituzte aurkezteko beren ikerketaren gaia, zein arazo identifikatu duten, beren ikerketak nola laguntzen duten irtenbide bat bilatzen eta zein eragin izango duten beren lanak gizartean oro har, edo zehazki, komunitate akademiko eta ikertzailean. Laguntzeko elementu gisa, soilik erabili ahalko da diapositiba baten proiekzioa.

Hiru minutuko gehienezko denbora gainditzen duten lehiatzaileak automatikoki baztertuko dira. Lehiekateren azken fasea bideoz grabatuko da eta aurkezpen irabazleak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean egongo dira ikusgai.

Hedapen jarduerak

Teknologiarako Espainiar Fundazioaren (FECYT) eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren laguntzei esker sortu zen 2008. urtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia eta Kultura Zientifikoaren Unitatea. Unitate horren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren zientzia ikerketako eta teknologia garapeneko jarduerak zabaltzea, hedatzea eta horien berri ematea. Organikoki Komunikazio Zuzendaritzari atxikita dago, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako Errektoreordetzarekin eta Ikerketa Zerbitzuarekin lankidetzan jarduten du.

Ikerketa proiektuei, doktoretza tesiei, ikertzaileen artikulu eta lanei, sariei, biltzarrei eta abarrei buruzko prentsa oharrak egiteaz gainera, UCCtik unibertsitateko ikerketa taldeen lanei buruzko hedapen bideoak koordinatzen dira, eta hainbat jarduera antolatzen dira Zientziaren Astean zehar, esaterako, erakusketak, hitzaldiak, lantegiak, bisita gidatuak, txangoak, e.a.

UCCtik egiten diren jardueren artean, aipatzekoa da Adituen Gida, ikertzaileen eta komunikabideen arteko topagune bat dena; izan ere, aukera ematen du kazetariak eta NUPeko zientzia, teknologia, eta giza edukia duten arloetako espezialistak harremanean jartzeko. Gaur egun, guztira, 70 ikerketa taldetako 151 ikertzailek osatzen dute gida.

Bestalde, José Basilio Galván irakasleak koordinatzen duen Zientzia eta Teknologia Gelak antolatzen du "Hedapen zientifikoko hitzaldiak Batxilergoko ikasleei" izeneko programa, Batxilergoko ikasleengana zientzia eta teknologiari buruzko gai aukera zabala hurbiltzeko asmoz. Hitzaldi hauen eskaintza 2005-2006 ikasturtean hasi zen, eta hasieratik arrakasta handia izan du. Unibertsitateko 40 irakaslek ematen dituzte. Eskaintza osatzen zuten 40 hitzaldietatik 9 euskaraz eskaintzen dira. 2011-12 ikasturtean 161 hitzaldi eman ziren 41 ikastegitan; 136 gaztelaniaz, eta 25 euskaraz.