Emakumezkoen gernu-ihesak emakume adindunen % 15i eragiten die, baina lautik batek bakarrik eskatzen du osasun laguntza, eta arazoa jada larria denean egiten dute. Manuel Montesino Semper Bideko Ama Birjina Ospitaleko urologia ataleko buruak bere doktoretza tesian aztertu du arazo hori gainditzeko interbentzio kirurgiko horiek dakarten kostu ekonomikoa Nafarroako osasun publikoan. "Kostuak eta pazienteen bizi-kalitatean lortzen diren hobekuntzak alderatzen direnean —azaltzen du— ondorio honetara iristen gara: osasunaren ekonomiaren estandarren ikuspuntutik, kostu eraginkorrekoak dira; hau da, errentagarriak dira gizartearen ikuspegitik, kostu erlatiboki baxuarekin, onura nabarmenak lortzen baitira bizi-kalitatean".
Gernu-ihesak gernua nahi gabe ateratzea dakar. Emakume adindunen kasuan, bizi-kalitatearen galera nabarmena dakar, eta artatzen dituzten urologo edo ginekologoentzako erronka handia da. Montesino doktoreak dioenez, "batzuetan ezkutatzen den eta tabua den arazo honek, kostu ekonomiko handiak sorrarazten ditu osasun zerbitzuentzat eta pazienteentzat beraientzat, ukiezinak diren beste kostu batzuez gain, esaterako, sorraraz dezaketen segurtasun gabezia edo antsietatea".
Gernu-ihes mota batzuk, ahalegin fisikoarekin sortzen direnak eta txiza egiteko premiarekin edo beharrarekin lotzen ez direnak, ebakuntza kirurgikoaren bidezko tratamendua behar dute. Irtenbide gisa, gaur egun, uretran (gernua maskuritik ateratzen den bidean) jartzen diren sare txikien formako gailu artifizialak erabiltzen dira. Gailu horiei esker, gunea hobeki eusten eta finkatzen da, eta uretra hobeki ixten da.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri da “Análisis de coste utilidad y coste efectividad en el tratamiento quirúrgico de la incontinencia urinaria femenina mediante la colocación de mallas en el marco de la asistencia sanitaria pública navarra” izenburuko doktoretza tesia; Juan Cabasés Hita NUPeko Ekonomia Aplikatuko katedradunak eta Eduardo Sánchez Iriso Ekonomia Saileko irakasleak zuzendu dute, eta kalifikazio handiena erdietsi du aho batez, Gai cum laude.
Interbentzio eraginkorra eta bizi-kalitatearen hobekuntza
Montesino Semper doktoreak egin duen azterlanak erakutsi du gernu-ihesa zuzentzeko interbentzio kirurgikoak errentagarriak direla gizartearen ikuspegitik, eta onura nabarmenak dakartzatela pairatzen duten emakumeen bizi-kalitatean. "Interbentzioa egiten zaien pazienteengan hobetu egiten dira hainbat alderdi, antsietatearekin eta depresioarekin, mugikortasunarekin eta ohiko jarduerekin, familiako edo aisialdiko jarduerekin eta etxeko lanekin lotutakoak", dio ikerketaren egileak.
Honako interbentzio kirurgiko horrek dakarren kostu ekonomikoa aztertzeaz gainera, ebakuntza egin dieten emakumeen bizi-kalitatearen hobekuntza ere balioetsi da, eta azkenik, bi parametroak erlazionatu dira. "Ondorioa da, osasunaren ekonomiaren estandarren ikuspuntutik, kostu eraginkorrekoak direla; hau da, errentagarriak direla gizartearen ikuspegitik, kostu erlatiboki baxuarekin, onura nabarmenak lortzen baitira bizi-kalitatean".
Azterlan honetan kontuan hartu diren kostuak lehen kontsulta egiten denetik ebakuntza egin ondoren urtebetera egiten den errebisiora artekoak dira, eta 1.250 euro ingurukoak dira paziente bakoitzeko. Ebakuntza gehienak erregimen anbulatorioan egiten dira, pazienteek gaua ospitalean eman beharrik gabe. Gainera, ebakuntza nahiko erraza da, anestesia lokalarekin egiteko modukoa.
Azterlanean 69 pazienteren emaitzak aztertu ziren galdetegien bidez. Bata gernu-ihesari buruzkoa eta bestea osasun orokorrari buruzkoa, eta bi galdetegiak daukate nazioarteko aitorpena eta balioespena.
Adin txikiagoa eta gernu-ihes mota (ahalegin fisikoarekin lotzen dena, txiza egiteko premiarik gabekoa) interbentzio kirurgikoaren emaitza hobeekin lotzen diren bi faktore dira. Aldiz, gehiegizko pisua eta obesitatea ez dira hain emaitza onekin lotzen.
Manuel Montesino Semper Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatu zen Nafarroako Ospitalean eta Urologia espezialitatea egin zuen Bideko Ama Birjina Ospitalean. European Board of Urology taldeko kidea da eta 66 artikuluren egilea edo egile kidea da nazioko zein nazioarteko argitalpenetan, eta 86 komunikazio egin ditu nazioko biltzarretan eta 23 nazioartekoetan. Manuel Montesino Semper doktorea Bideko Amabirjina Ospitaleko urologia ataleko burua da, eta urologiako espezialista lana egin du baita Gipuzkoako Ospitalean eta Nafarroako Ospitalean ere.