Joan eduki nagusira

zoom Humberto Bustince (eskuinean) saria jasotzen Gent Unibertsitateko Etienne Kerre irakaslearen eskutik

Humberto Bustince (eskuinean) saria jasotzen Gent Unibertsitateko Etienne Kerre irakaslearen eskutik

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Humberto Bustince irakasleak zuzentzen duen GIARA ikerketa taldeak lan hoberenari saria jaso berri du Istanbulen (Turkia) egin den FLINS 2012 nazioarteko biltzarraren hamargarren edizioan joan den astean. Bustincek berak aurkeztu zuen Construction of Strong Equality Index from Implication Operators izeneko lan saritua, garapen matematiko bat jasotzen duena. Xedea da bilatzea eredu bat aukera ematen diona makina bati objektu baten morfologia bereizteko, bere morfologia gorabehera.

Lan hau GIARA taldeak honako hauekin lankidetzan garatzen duen proiektu baten parte da: Silesia Unibertsitateko (Polonia) Matematika Institutua, Deakin University (Australia) Unibertsitateko Informazioaren Teknologia Eskola eta Bratislavako (Eslovaquia) Teknologia Unibertsitate Esloviarra, eta Ostrava Unibertsitateko (Txekiar Errepublika) IT4Innovations Bikaintasun Zentroa.

Gainera, lana inpaktu zientifiko handiko aldizkari batean (lehen kuartilean) argitaratua izateko onartu da, eta garapen matematiko horiek robotikan aplikatzeko australiar Gobernuari aurkeztu zaion proiektu baten parte da.

300 lanetik gora 35 herrialdetan

FLINS (Fuzzy Logic and Intelligent Technologies in Nuclear Sciencie) biltzarra hasiera batean Belgikan antolatu zen 1994. urtean, Energia Nuklearraren eremuan, eta geroago adimen konputazionaleko sistemekin lotutako beste esparru batzuetara zabaldu da eta, gaur egun, ezagueraren ingeniaritzan ziurgabetasunaren tratamenduaren arloko eta erabakiak hartzeari buruzko garapen tekniko berrienak aurkeztu eta eztabaidatzeko den mundu mailako foro bakarra da.

Hamargarren edizio honetan omenaldia egin zitzaion bere fundatzaile Da Ruan irakasleari, oraintsu zendu denari ; 35 herrialdetako 310 lan aurkeztu ziren, eta horietatik 212 izan ziren onartuak. Ondoren, zazpi zientzialari ebaluatzailek osatutako batzorde batek hamabi lan hoberenak hautatu zituen, eta horien artean zegoen NUPeko GIARA taldearena, azkenik lehen saria irabazi zuena.

GIARA taldea (Adimen Artifizialeko eta Arrazonamendu Hurbilduko Ikerketa taldea) bederatzi lagunek osatzen dute. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Informatika titulazioko Konputazioren Zientziak eta Adimen Artifizialean katedradun Humberto Bustinceren zuzendaritzapean jarduten dute. Funtsean, beren lana gizakien garunaren portaera simulatzean eta baliabide artifizialen bidez imitatzean datza. Eta, horretarako, adimen artifizialari aplikatutako matematikatik hasi eta prozesu informatikoetara arte erabiltzen dituzte.
Saritutako lana, Bustincez gain, honako hauek sinatu dute: Francisco Javier Fernández, José Antonio Sanz eta Daniel Paternáin, guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Automatika eta Konputazio Saileko kideak; M. Baczyski, Silesia Unibertsitatekoa; G. Belliakov, Deakin University Unibertsitatekoa; eta R. Mesiar, Teknologia Unibertsitate Esloviarrekoa.