Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2012-13 ikasturtearen hasiera ekitaldia ospatuko du ostiral honetan, irailaren 7an. Ekitaldia 12:00etan hasiko da, Sario eraikineko Fernando Remacha ikasgelan. Julio Lafuente López Unibertsitateko errektorea eta Yolanda Barcina Angulo Nafarroako Gobernuko lehendakaria izango dira ekitaldian buru. Horiekin batera Foru Erkidegoko agintari nagusiak eta unibertsitate komunitateko kideak egongo dira.
Gregorio Monreal Zia Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedradun emerituak emango du naugurazio-hitzaldia. Hitzaldiaren izenburua honako hau da: "Cadizeko Gorteak eta Konstituzioa".
Ekitaldia hasteko, segizio akademikoaren desfilea izango da, eta Javier Etxeberria Martorell NUPeko idazkari nagusiak 2011-2012 ikasturteari dagokion oroitidazkia irakurriko du. Ondoren inaugurazio-hitzaldia izango da, eta geroago Julio Lafuente errektoreak eta Yolanda Barcina Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakariak hitz egingo dute. Azken honek emango dio hasiera ofiziala 2012-13 ikasturteari.
Gregorio Monreal Zia (Etaiu, Nafarroa) Zuzenbidean doktorea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedradun emeritua, Zuzenbidearen Historian. Irakaskuntza-ibilbide luzea eduki du, eta horretan zehar honako unibetsitate hauetan eman ditu eskolak: Deustuko, Valladolideko, Extremadurako Unibertsitateetan, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, Euskal Herriko Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan; irakasle bisitaria izan ohi da Paris XII Unibertsitatean, eta Visiting Scholar (1985-86 ikasturtean) izan da Nevada-Renoko Unibertsitatean eta Kalifornia-Berkeleyko Unibertsitatean, eta Distinguished Visiting Scholar (2005-2006 ikasturtean) izan da Nevada-Renoko Unibertsitatean.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea izan zen (1981-85). gainera, Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria izan zen, Revista Internacional de Estudios Vascos RIEVeko zuzendaria (1997-2005) eta Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioko zuzendari zientifikoa, 2003. urtetik aurrera. Anuario de Historia del Derecho Español argitalpeneko erredakzio kontseiluko kidea da, eta gaur egun Iura Vasconiae zuzenbidearen historiari buruzko aldizkariko zuzendaria da.
Gregorio Monrealek berrogeita hamar argitalpen inguru egin ditu, gai hauei buruzkoak: Nafarroako Erresumaren eta Probintzia Baskongadoen iturri eta instituzio historiko-juridikoak, forutasunaren krisia, pentsamendu politiko tradizionalaren historia, unibertsitate-erakundearen lehen eta gaurko arazoak. Gainera, ondoren aipatzen diren erakunde hauetako kide osoa da: Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, Société d Histoire du Droit eta Association Française des Historiens des Idées Politiques.