Joan eduki nagusira

zoom Taldeko kideak NUPek aurreko edizioan parte hartu zuen motoarekin.

Taldeko kideak NUPek aurreko edizioan parte hartu zuen motoarekin.

Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasle talde batek osatzen duen TIIGMET - UPNARacing taldeak crowdfunding formula (finantzabide kolektiboa) erabili du bere motoaren prototipoa fabrikatu ahal izateko. Urrian moto horrekin lehiatuko dira MotoStudent nazioarteko lehiaketaren bigarren edizioan. Aurreko edizioan, NUPen sortutako taldeak Industria Proiektu Hoberenari saria irabazi zuen, lehiaketan aurkeztu ziren 25 unibertsitateen artetik.

NUPeko taldea aurreikusten zituen zailtasunak baino gehiago aurkitzen ari da aurten proiektua finantzatzeko. Horretarako, ikerketarako eta zientziarako crowdfunding eta crowdsourcing proiektuetan espezializatuta dagoen vórticex plataforman kontu bat ireki dute. Proiektu honetarako ekarpenak egiteko aukera dago honako helbide honetan: http://www.vorticex.org/?page_id=28

Aldi berean, kanpaina bat antolatu dute interneten eta kartelen bidez, eta horretan proiekturako laguntza eskatzen da Igo zaitez leloarekin. Ekarpenak ekonomikoak izan daitezke, baina merkataritzako osagaien eta aholkularitzaren beharra ere badute.

Moto Student lehiaketa Moto Engineering Foundation fundazioak sustatzen du eta Europako eta Espainiako unibertsitateetako taldeen arteko erronka bat da, zilindrada txikiko (250 zentimetro kubiko) lehiaketarako moto baten prototipoa diseinatu eta garatzeko, ondoren 2012ko urrian Ciudad del Motor de Aragón (Alcañizeko zirkuitua) instalazioetan egingo diren jardunaldietan lehiatzeko. Talde bakoitza enpresa bihurtzen da eta hala jardun behar du: babesleak bilatu behar dituzte, motorraren diseinu grafikoa eta diseinu teknikoa kalkulu prozesuarekin egin, eta azkenik, lehiatzeko erabiliko duten motoa fabrikatu behar ditu.

Lehiaketa hau berez erronka da ikasleentzako, 18 hilabetetan frogatu eta egiaztatu beharko baitituzte sortzeko eta berritzeko duten gaitasuna, eta ingeniari gisa duten ahalmena zuzenean aplikatzeko trebetasuna, mundu osoko unibertsitateetako taldeekin alderatuta.


Taldekideak eta laguntzak


NUPeko taldea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskolako (TIIGMET) ikasle eta irakasle talde batek osatzen du. Ikasleak honako hauek dira: Sergio Blanco Galbarra, Maria Ángeles Ruiz Lara, Carlos Reollo Rebollar, Rasha Mayka Baghdadi González, David Sotés Díaz, Claudia Álvarez de Eulate Zayas, Javier Torres eta Gerardo Herce Gil de Muro. Irakasle turoreak, bestalde, honako hauek dira: José Sancho Rodríguez, César Díaz de Cerio García eta Miguel Ángel Arizcuren Galar. Lan honek Ikasketen Amaierako proiektu gisa balio die Ingeniaritza Tekniko Mekaniko eta Ingeniaritza Mekaniko titulazioetako ikasleei.

MotoStudent lehiaketako epaimahaiak proiektua balioetsiko du industriaren ikuspegitik, eta arreta berezia jarriko du estetika, teknika eta ekonomia alderdietan. Fase honetan lehen saria 3.000 eurokoa da. Lehen fasea gainditzen duten motoek, beren kalitatea frogatu beharko dute hainbat proba gaindituz proba-lekuan eta zirkuituan.

Lasterketa gutxienez 35 kilometrokoa izango da, eta parte hartzen duen talde bakoitzak antolatzaileen onespenarekin aukeratutako piloto profesionalek gidatuko dituzte motoak. Bigarren fase honetan hiru sari ezarri dira, 6.000, 3.000 eta 1.500 eurokoak, hurrenez hurren.

Oraingoz, TIIGMET - UPNARacing taldeak honako enpresa hauen babesletza dauka: Moto Irún, Gurpea, Ferretería Irigaray, VTN Tratamientos Térmicos, NG Brake Disc, Reynolds, Bardahl, Schaeffler (Luk-INA-FAG), Gráficas Ulzama eta Cadena SER Navarra. Horrez gainera, proiektuan laguntzen ari dira honako hauek: 40 Principales, Donapea, Salesianos Pamplona, Mutilva Moto Center eta Puro Racing.

"Oso gutxi falta zaigu gure proiektua finkatzeko; hala ere, oraindik laguntza gehixeago behar dugu", diote taldekoek beren (http://upnaracing.blogspot.com.es/) blogean.