

Ezkerretik eskuinera, Juan Gallego, Paloma Vírseda, Rosa López eta Inmaculada Rández, prentsaurrekoan
Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 2007-2008 ikasturtean, 1.241 ikaslek bukatu zituzten beren lehen eta bigarren zikloetako ikasketak (lizentziaturak, diplomaturak, ingeniaritza teknikoak eta goi mailako ingeniaritzak). Horietatik, ia % 60 ez da langabezian izan titulazioa bukatu eta ondorengo hiru urteetan (2008tik 2011ra). Gainera, % 67k bere prestakuntza-mailaren neurriko enplegua lortu du. Hauek dira "Nafarroako Unibertsitate Publikotik ateratzen diren tituludunen lan munduan txertatzeari buruzko azterketa (2007-2008)" lanaren ondorio garrantzizkoenak. Lana Unibertsitatearen Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren arteko hitzarmenaren fruitua izan da, eta Gizarte Segurantzako Diruzaintzak eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dauzkaten datuetan oinarritu da.
Aipatu azterketak jarraitu du 1.241 tituludunek, beren unibertsitate ikasketak bukatu ondorengo hiru urteetan, egindako bidea lan munduan, Azterketa gaur, astelehenean, irailaren 3an aurkeztu da, Arrosadiko campusean egin den prentsaurreko batean. Prentsaurrekoan Paloma Vírseda Chamorro, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikasleen Gaietarako errektoreordea; Juan Gallego García, Unibertsitate-Gizarte Fundazioko enplegu arloko arduraduna; Inmaculada Rández, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun Industria eta Enpleguaren Departamentuko Sustapena eta Enpleguaren Ataleko burua; eta Rosa López Garnica, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen Zerbitzuko zuzendaria izan dira.
Azterketaren berrikuntzarik handiena da aurten erabili direla Gizarte Segurantzako Diruzaintzaren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren datu-baseak. Honek % 100eko fidagarritasuna ematen du, azterketa 2007-2008 ikasturtean ikasketak bukatu zituzten guztien gainean egiten delako, eta ez lagin baten gainean, honelako azterketetan gertatu ohi denez. Gainera, kontuan hartu behar da azterketak ematen duen txertatzeari buruzko datua egiazkoagoa baino txikiagoa dela, azterketak 2011ko irailaren 30era arteko datuak jasotzen dituelako, hau da, tituludunek beren ikasketak bukatu eta hiru urte betetzen zirenean. Hala ere, 2001ko azaroaren 1era arte ez ziren kotizatzen hasi praktika-hitzarmena zeukaten tituludunak. Beraz, datu hauek ez daude bilduta txostenean, praktika kontratu hauek ez zirelako agertzen hasi Gizarte Segurantzan esandako egunera arte. Atzerriko kontratuak ere ez daude bilduta.
Enplegu bat aurkitzeko batez besteko denbora
Azterketak dio tituludunen % 73k, ia-ia, lehengo urtean lortu zutela lana (2008ko urriaren 1etik 2009ko irailaren 30era arte). Txertatze-ehunekoa % 86 da bigarren urtean, eta % 92 hirugarrenean. Batez beste, lehen lana aurkitzeko denbora 5,75 hil izaten da.
Txostenak beste hainbat datu ematen ditu, baita ere. Esaterako, 1.241 tituludunen ia 60 ez dira langabezian izan ikasketak bukatu zituztenetik; % 17 hilabete batetik hirura egon dira, eta ez jarraian, eta % 5, bakarrik, egon dira lanik gabe urtebete baino gehiago. Iraupen luzeko langabezia-tasa % 13,62 da.
Kontratuak egokitasunaren ikuspegitik aztertzen badira (ondorio hauetarako, egokitasuna egindako ikasketen mailaren eta kontratuak eskatzen duen prestakuntzaren arteko harremana da), % 66,48k lortu du bere ikasketen mailako lana. Kotizazio-taldea da kontratuak eskatzen duen prestakuntza-maila ezartzen duena. Gizarte Segurantzako erregistroan zenbaki bat izaten da, 1 eta 10 artekoa. 1 eta 3 arteko taldeak unibertsitate-prestakuntzari dagozkio, eta hauek hartu izan dira kontuan egokitasun-maila neurtzeko. Hau kontuan hartuta, kontratatuen % 51,31k egokitzat jotzen ahal den lehen lana aurkitu zuen.
Kontratuaren iraupenari dagokionez, ia % 50ek behin betiko kontratua daukate, eta ordu-kopuruari dagokionez, bakarrik % 17 egon dira kontratatua denbora partzialean.
Nahiz eta lan egokien ehunekoa behin betiko kontratua daukatenena baino handiagoa izan, ikasketak bukatzen dituztenek denbora gehiago behar izaten dute lan egokia topatzeko (9 hil, batez beste), behin betiko kontratuduna baino (8,8 hil).
Analisia generoaren arabera
Analisia generoaren arabera eginez gero, ikusten da ez dagoela ezberdintasun nabarmenik gizonezkoen eta emakumezkoen artean, ez lan munduan txertatzeari, ezta lehen lana aurkitzeko denborari dagokienez. Gizonezkoen % 61 ez dira inoiz langabezian izan, ezta emakumezkoen % 55 ere; bai gizonezkoek eta bai emakumezkoek ere, 5,2 hil behar izaten dituzte lehen lana aurkitzeko, eta gizonezkoen zein emakumezkoen % 66k sei hilabete baino gutxiagoko epean lortzen dute. Lan egokia aurkitzen duten gizonezkoen ehunekoa handiagoa dela egia bada ere (% 52,49, emakumezkoen % 50,51ren aurrean), hiru urteen buruan egoera aldatzen da, eta emakumezkoen ia % 60k lortzen dute lan egokia, gizonezkoen % 58ren aurrean. Dena den, ezberdintasunik handiena behin betiko kontratudun lanari dagokio: gizonezkoen % 47k lortzen dute behin betiko kontratua lehen lanean, eta emakumezkoen % 32k.