Joan eduki nagusira

zoom Joan den urteko saioetako batera joandako jendearen irudi bat.

Joan den urteko saioetako batera joandako jendearen irudi bat.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Zinematekarekin lankidetzan, urritik aurrera, abian jarriko du honako II. edizio hau: "Ezinbesteko Zinema: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren topaketak Zinematekan". Sei hilabetez, azken ehun urteetako hogei klasiko ikusteko aukera izango dugu jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin. Emanaldien aurretik, film bakoitzaren aurkezpena egingo du aditu batek. Emanaldiak irekiak izango dira jende guztiarentzat; hala ere, Unibertsitateko ikasleek kredituak jasotzeko aukera izango dute. “La grande illusion” Jean Renoirrena, “Vertigo” Alfred Hitchcockena, “Ran” Akira Kurosawarena, edo “In the Mood for Love” Wong Kar Wairena dira hautatutako filmetako batzuk.

Programazioa osatuko da XX. mendeko hamarkada bakoitzean eta XXI. mendearen lehen hamarkadan "ezinbestekotzat" hartzen diren bi filmekin. Zikloa bukatzeko, ezusteko film bat eskainiko da: 2012ko "ezinbesteko" filma. Gaian aditua den batek egingo du film bakoitzaren aurkezpena, eta ez da hamabost minutu baino gehiago luzatuko.

Emanaldiak asteazkenero izango dira urritik apirilera bitartean, 20:00etan, Nafarroako Zinematekan (Antonio Pérez Goyena pasealekua, 3, Iruñea). Hala ere, filmetako zazpi arratsaldeko 19:30ean hasiko dira, luzeagoak baitira (bi ordu eta erdi gutxi gorabehera). Horretaz gainera, ikasturtean zehar, zinemagintzako profesionalen bat gonbidatuko da (zuzendaria, aktorea, edo gidoigilea) bere filma aurkez dezan, eta bisitaldi horiek baliatuko dira ikusleekin topaketak antolatzeko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek, zikloan parte hartzeagatik, Graduko aukerako kredituak edo Hautaketa Libreko kredituak lortzeko aukera izango dute. Lehen eta bigarren zikloetako ikasleek ikusi beharko duten film-kopurua hamarretik hogeira bitartekoa izango da, lortu nahi duten kreditu kopuruaren arabera (1 edo 2, hurrenez hurren). Aukerako kreditu bat nahi duten Graduko ikasleek 20 saioetan parte hartu beharko dute. Ikasturte amaieran ikusitako filmei buruzko txosten bat aurkeztu beharko da.

Film bakoitza ikusteko interesa dutenek 3 euro ordaindu beharko dituzte (aldiz, unibertsitateko kideek, 2 euro). Badira hamar sarreratako bonuak 20 eurotan, unibertsitateko kideentzat 15 eurotan direnak. Bonuak Kultura Jardueren Bulegoan (Arrosadiko campuseko Ikasgelategiko 019, gelan) jasoko dira.


Zinema mututik XXI. mendera


Zikloa urriaren 10ean, asteazkenean, hasiko da zinema mutuaren garaitik hautatu diren hiru filmetako lehenbizikoarekin: “The Birth of a Nation” (1915), D. W. Griffith estatubatuarrarena. Astebete geroago (urriaren 17an), Victor Sjöström-en “Körkarlen” (1921) film suediarra eskainiko da. Eta urriaren 24an ikusgai egongo da “M” (1931) Fritz Langen film luzea, soinua zegoen garaian egindako soinu gabeko filmaren adibide gisa.

XX. mendeko 30eko hamarkadako bi filmak hauexek dira: “La grande illusión” (1937), Jean Renoir zinemagile frantziarrarena, urriaren 31n emango dena; eta “The Grapes of Wrath” (1939), John Forden film estatubatuarra, urriaren 7an eskainiko dena.

40ko hamarkadakoak erakusteko, 1945. urteko bi film hautatu dira: “Les enfants du paradis”, Marcel Carné frantsesarena, azaroaren 14rako, eta “Brief encounter”, David Lean britaniarrarena, 21erako.

50eko hamarkadako bi izenburuak honako hauek dira: “Popiól I Diament” (1958), Andrzej Wajda zuzendari poloniarrarena, abenduaren 5ean, eta “Vertigo”, Alfred Hitchcocken film iparramerikarra, 1958an filmatua, abenduaren 12an.


“Il Gattopardo” eta “Midnight Cowboy”


“Il Gattopardo”, Luchino Visconti zinemagile italiarrak 1963an filmatutakoa, abenduaren 19an eskainiko da; eta “Midnight Cowboy” film estatubatuarra, John Schlesingerrek 1969an filmatua, otsailaren 13an jarriko da ikusgai 60ko hamarkadaren erakusgarri.

70eko hamarkadarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Zinematekak prestatu duten programazioak film hauek biltzen ditu: “Angst essen Seele auf” (1974), Rainer Werner Fassbinder alemaniarraren filma, otsailaren 20rako; eta “O Thiassos” (1975), Theo Angelopoulos zuzendari greziarrarena, otsailaren 27rako.

Zikloak martxoan jarraituko du 80ko hamarkadako bi filmekin: 6an eskainiko da “El crack” (1981), José Luis Garcirena; eta 13an, “Ran” (1985), Akira Kurosawa japoniarrarena. Martxoaren 20an eta 27an, 90eko hamarkadako bi film programatu dira: “Breaking the Waves” (1996), Lars Von Trier daniarrarena; eta “The thin red line” (1998), Terrence Malick estatubatuarrarena, hurrenez hurren.

XXI. mendearen lehenengo hamarkadaren erakusgarri izango dira: “In the Mood for Love” (2000), Wong Kar Wai-ren film txinatarra, apirilaren 10ean ikusiko dena; eta “Caché” (2005) film frantsesa, Michael Haneke zuzendari germaniar-austriarrarena, hilabete bereko 17an jarriko dena. Zikloa apirilaren 24an bukatuko da 2012ko film "ezinbesteko" batekin. Ordura arte ez da jakitera emango izenburua.

Bi instituzioen artean antolatutako Ezinbesteko Zinema Zikloko I. edizioan, guztira 1.861 pertsona bertaratu ziren aurreko ikasturtean, 2011-2012an, hain zuzen ere.