Joan eduki nagusira

zoom Unibertsitate-Gizarte Fundazioak antolatutako Enplegu Topaketa bateko artxiboko irudi bat.

Unibertsitate-Gizarte Fundazioak antolatutako Enplegu Topaketa bateko artxiboko irudi bat.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Unibertsitate-Gizarte Fundazioak guztira 1.588 ekintza garatzeko asmoa du aurten 2.200 pertsona baino gehiagori lanerako orientabidea emateko edo laneratzeko xedez. Ekintzetan parte hartzeko hautatuak izateko irizpideak dira enplegua sortzeko gaitasuna, enplegua bilatzeko prozesuetan den esperientzia, denbora edukitzea, norberaren interesa, e.a.

Unibertsitarioak Laneratzeko Orientabide eta Jarraipen Proiektuaren datuak dira hauek. Proiektuak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren 100.000 euro jaso ditu, eta ebatzi berri den Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntzen 2012ko deialdian aurkeztutakoen artean hoberena dela balioetsi dute.

Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren Enplegu Zerbitzuak egin du Orientabide eta Jarraipen Proiektua, eta langabetuei zuzentzen zaie, baina lehentasunez honako hauei: beren ikasketen azken ikasturtean dabiltzan Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak, eta, unibertsitate titulua edukita, Nafarroan bizi diren eta beren lehen lan kualifikatua bilatzen ari diren gazteak, eta arreta berezia dute desgaitasuna duten pertsonak. Era berean, arreta emango die enplegu kualifikatua izan zuten eta krisiak eragin dien unibertsitarioei, eta lana hobetzeko nahia duten lan-eskatzaileei.

Guztira 881 banakako tutoretza programatu dira laneratzeko orientabidea emateko eta jarraipena egiteko enpresetan praktikak egin bitartean; 14 talde lan bila modu aktiboan aritzeko; 2 talde 2.0 (informazio teknologien bidez) lan bila modu aktiboan aritzeko; lanerako elkarrizketei buruzko 4 lantegi; lanerako orientabiderako 2 ibilbide; informazio profesionaleko 384 ekintza enplegurako eta prestakuntzarako; 5 ekintza ikasgeletan orientatzeko; 14 saio ikasleen praktiketarako; 6 informazio saio udako praktiketako programei buruz; 4 lantegi ekintzaileentzat autoenplegurako informazioa eta motibazioa sustatzeko; eta 272 bisita enpresetan prospekzioa egiteko.


Bi poltsa eskaintzekin


Fundazioaren Enplegu Zerbitzuak bi poltsa ditu bere erabiltzaileentzako eskaintzekin. Bata da enpresa eta instituzioetan praktikak egiteko, eta bestea enplegu kualifikatuko eskaintzetarako. Poltsa hauetan 17.068 pertsonaren curriculum vitaeak daude erregistraturik eta alta emanda.

Fundazioak praktiketarako hainbat programa kudeatzen ditu; aipatzekoak dira honako hauek: ikasleen praktikak, tituludunen praktiketarako prestakuntza programa, Nafarroako Gobernuaren teknologoen prestakuntza programa, enpresetan praktikak egiteko Erasmus programa, Nafarroako beken programa–nazioarteko praktikak, Leonardo bekak eta nazioarteko praktiketarako programa berekiak-. Lan eskaintzak, lehentasunez, 35 urtez beherako unibertsitate tituludunentzat dira.

2011. urtean, Fundazioko kideek 433 enpresa, instituzio eta unibertsitateko sail bisitatu zituzten. Bisita horietatik 184 enpresa berrietara egin ziren. Era berean, tarte horretan 920 praktika hitzarmen hasi ziren eta 60 lan eskaintza kudeatu ziren, horietako 3 % 33tik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat.

Ekintzak zuzen egin daitezen, Fundazioak lehentasun jarduketarako hitzarmenak sinatuta dauzka prestakuntzarako praktika gaietan 1.755 enpresa eta instituziorekin. Jardunbide koordinatu hauen ondorioz (orientabidea, praktikak, enplegu zerbitzua), praktika programa hauek bukatzean, azken 5 urteetan 1.803 unibertsitario hasi dira lanpostu kualifikatuetan.