Joan eduki nagusira

zoom Carlos López Molina

Carlos López Molina

Carlos López Molina informatika-ingeniaria eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktorea da. Bere doktoretza tesian proposatzen du irudietako ertzak automatikoki hautematearen arazoa konpontzeko tekniken emaitzak hobetzea. Teknika hauen aplikazioa askotarikoa da, eta adimen artifizialen sistemetako gailuak ezagutzetik -autoen gidatze automatikoa, kasurako-, medikuntza irudietako diagnostiko adituari laguntzeraino doa.

Irudi baten ertzak detektatzeak garrantzi berezia hartzen du aplikazio medikoetan; adibidez, tumore bat noraino zabaldu den mugatzeko. Lanaren egileak azaltzen duenez, irudiak zuri-beltzean aztertzean, jakin behar da non ari den aldatzen kolorea, eta zer nolako aldaketen bila ari den sendagilea, datu horiek diagnosia egiten lagunduko diotelako. Bere doktoretza tesian, Carlos López Molinak konputazio tekniken erabilera posiblea aztertu du, gehienetan Soft Computing delakoarekin loturikoa, ertzen hautematearen emaitzak hobetzeko.

Tesian zehar emaitzen hobekuntza proposatzen du, irudiak pairatzen dituen eraldaketako bakoitzaren doiketaren bidez. Adibidez, aztertu duen alderdietako bat tarte-irudien erabilera izan da: "Irudiaren pixel bakoitzarentzat balio bat erabili ordez, balio-tarte bat erabiltzea proposatzen dut. Hau da, zuri-beltzeko irudi batean, pixel bakoitzak gris-tonu bakar bat eduki beharrean, pixel horrek har zitzakeen tonu guztiak hartzen dituen tartea edukiko du. Honek informazio gehiago eskaintzen du irudiak aztertzeko eta, ondorioz, akatsak egiteko aukerak murrizten ditu."

Aplikazioen ikuspegitik, tesiaren egileak ertzak hautemateak bioingeniaritzan eduki ditzakeen erabilerak aztertu ditu. Ikerketa burutzeko, hainbat egonaldi egin ditu Ganteko Unibertsitatean, bere tesian garatu dituen ezagutzak eta teknikak praktikan jartzeko.

Tesiaren izenburua “The breakdown structure of edge detection: Analysis of individual components and revisit of overall structure” da, eta Humberto Bustincek, NUPeko Automatika eta Konputazio Saileko irakasleak eta Bernard De Baetsek, Ganteko Unibertsitateko Bioingeniaritza Fakultateko irakasleak zuzendu dute. Tesi honen ondorioz, zazpi artikulu prestatu dituzte nazioarteko aldizkarietan argitaratzeko; horietatik, lau argitaratu dira dagoeneko, eta beste bi azken berrikusketaren aldian daude. Gainera, tesiaren zenbait garapen nazioarteko hamar biltzarretan erakutsi dira.

Carlos López Molinak informatika ingeniaritza ikasi zuen NUPen (2008), eta bere ikasketetako parte batzuk Brock Universityn (Kanada) eta University of Technology Sydney (Australia) unibertsitateetan egin ditu. Doktoretza ikasketak egin bitartean hainbat ikerketa-egonaldi egin zuen Ganteko Unibertsitatean. 2012ko urtarrilean logika lausoa aplikatzeko lanik onenarentzako saria lortu zuen, Teknologiei eta Logika Lausoari buruzko Espainiako XVI. Biltzarrean, eta 2011n ikasleek aurkeztutako lanentzako bigarren saria lortu zuen Logika eta Teknologia Lausoaren Europako Elkartearen (LTLEE-EUSFLAT) biurteko biltzarrean, Aix-les-Bains herrian (Frantzia) egin zenean.

Gaur egun ikerketa-beka bat dauka NUPen, non Humberto Bustince katedradunak zuzentzen duen Adimen Artifiziala eta Arrazoibide Hurbilduaren Taldeko (AAAHT-GIARA) kidea baita. Bere ikerketa-guneak irudien prozesamendua eta Soft Computing tekniken aplikazioa dira, bioingeniaritzan lotutako arazoei irtenbidea aurkitzeko. Automatika eta Konputazio Sailean daukan lana eta bi ikerketa-proiektuen garapena uztartzen ditu. Ikerketa proiektuetako bat hatz-marken bidezko ezagutza biometrikoari buruzkoa da, eta Granadako Unibertsitatearekin batera garatzen ari da. Bestea, baso-suteen aldez aurreko jokabide-eredu bat sortzea da, eta Ganteko Unibertsitateko kideekin batera garatzen ari da.