Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak antolatutako udako ikastaro batek hezkuntza-robotikan prestatuko ditu lehen hezkuntzako irakasleak eta ikasleak, beren gaitasun teknologikoak gara ditzaten. Ikastaroa abuztuaren 20an, astelehenean, abiatuko da. Bere izenburua da “Campus Internacional Moderna de robótica educativa y programación Scratch” eta Moderna Planaren laguntza dauka, hau baita ezagutzan oinarritutako ekonomia bateranzko aldaketa bultzatzen duen plan estrategikoa, Foru Erkidegoan.

Javier Arlegui de Pablos irakaslea (Nafarroako Unibertsitate Publikoko Psikologia eta Pedagogia Saileko unibertsitate eskolako katedraduna) eta Gabriel María Rubio Navarro (Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Azterketen eta Proiektuen Ataleko burua, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika Saileko irakasle elkartua) dira udako ikastaroaren zuzendariak. Ikastaroak esperientzia aitzindari bat egin nahi du, gaitasun zientifiko-teknologikoen garapenaren alorrean. Zehatz esanda, irakasleak prestatzea ikasgelara eramateko moduko zientzia eta teknologiaren arloko proiektuak egiteko hezkuntza robotikaren inguruan; eta robot fisikoak (Lego) eta robot birtualak (Scracht) hurbiltzea Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailako ikasleei. Horretarako, ikasleek Lego robotak eta robot birtualak programatuko dituzte MIT institutuak (Massachusetts Institute of Technology) garatutako Scratch programazio-lengoaiarekin.

Irakasleen mintegia eta ikasleen campusa

Irakasleen mintegiak (50 prestakuntza-ordu) eta ikasleen campusak osatzen dute ikastaroa. Lehena abuztuaren 20tik 31ra izango da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Sario eraikinean. Lehen astean eduki teorikoak landuko dira, eta bigarrenean praktikak egingo dira, Lehen Hezkuntzako ikasleekin. Ondoren ikasleen campusa izango da, abuztuaren 27tik 31ra, lehen esandako toki berean. Parte honetan jarduerak egingo dira robot fisiko eta birtualekin.

Ikastaroa irailaren 1ean bukatuko da, ikasleek egindako proiektuen erakustaldi irekiarekin, familiakoek edo hezkuntza-robotika interesatzen zaion edozein pertsonak ikusi ahal izateko.
Ikastaroa Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen XII. edizioaren barruan dago.

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak babesten dituzte ikastarook. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak eta Moderna Plana garatzen duen Moderna Fundazioak finantzatzen dituzte.