Joan eduki nagusira

zoom Xabier Armendáriz Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontzertu batean.

Xabier Armendáriz Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontzertu batean.

Xabier Armendáriz Arraiza (Iruñea, 1988), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna (EAZL) Nafarroako Unibertsitate Publikoan, itsua ere bada, eta Erasmus Programak betetzen duen lehen mende laurden honetan, programan parte hartu duten ikasleen artetik, gehien nabarmendu diren 25 ikasle espainiarren artean hautatu dute. 2007. urtetik programa hori Europako Hezkuntza Programetarako Erakunde Autonomoak (OAPEE) kudeatzen du, eta berak hautatu du "Erasmus: 25 urte bizitzak aldatzen, mugarri bat" izenburuarekin eman duen argitalpen batean. Mugikortasun programa horren urteurrenaren harira egin da argitalpena, 1987. urtean hasi baitzen, eta Europako Batzordearen arabera, heldu den 2012-2013 ikasturtean parte hartu duten Europako hiru milioi ikasleren kopurura iritsiko da.

Xabier Armendárizek, gainera, Nafarroako Goi Mailako Musika Eskolan Musikologia eta Pianoko Goi Mailako Gradua ikasten du eta musika kritikaria da. Hamaika hilabeteko egonaldia egin zuen 2009-2010 ikasturtean Iruñerekin adiskidetua den Alemaniako Paderborn hiriko Unibertsitatean. Egonaldi haren ondorioz, Europako Hezkuntza Programetarako Erakunde Autonomoak 2010 Erasmus Saria eman zion, "bere Erasmus esperientziaren alderdi nabarmenengatik" eta "Erasmus Programan parte hartu duten espainiar ikasle guztien ordezkari bikaina izategatik". Hartaz, Europar Batasuneko herrialde guztien artetik, desgaitasuna duen eta saria jaso duen lehenebiziko ikaslea izan zen.

"Itsua izatea etengabeko erronka da, nire bizitzaren egun bakoitzean egokitu beharra baitaukat ikusten dutenentzat prestatua dagoen mundu batera – idatzi du Xabier Armendárizek "Erasmus: 25 urte bizitzak aldatzen, mugarri bat" izenburua duen argitalpenean. Itsua zarela behin onartu ondoren, bi aukera daude: desgaitasunak teorian berez dakartzan mugei eta gizarteak eransten dizkionei amore ematea, edo hori onartu eta bizitzari eta eskaintzen dizkigun esperientziei ahalik eta zuku gehien ateratzea. Nik bigarren aukeran saiatzeko hautua egin izan dut beti.

Xabier Armendárizek Nazioarteko Taldean egin zituen EAZL ikasketak, eta horrek baditu berezko berezitasunak, irakasgai batzuk ingelesez eman zituen eta ikasturte bat atzerriko unibertsitate batean eman behar izan zuen. Atzerrira joateko Paderborn Unibertsitatea aukeratu zuen Erasmus beka bati esker. "2008. urteko udan bertara joan nintzen in situ ikusteko nolakoa izango zen nire bizitza han: irisgarritasuna etxean, unibertsitatean, lanerako materiala eta, funtsean, nazioarteko bulegoak ni ikasle gisa hartzeko zeukan jarrera. Jarrera hori funtsezkoa izan zen proiektuari ekiteko" gogoratzen du Armendárizek eta, adierazten du bere ikaskideek "beste bat bezala" hartu zutela eta "taldean naturaltasun osoz onartua" ikusi zuela bere burua.

Piano ikasketak eta kontzertuak


Alemaniako hirian egon zen artean Xabier Armendárizek jarraitu zuen piano eskolak hartzen Paderborn Unibertsitateko Musika Sailean (ordurako bazeukan Erdi Mailako Piano titulua, Nafarroako Musika Kontserbatorio Profesionalean erdietsia) eta parte hartu zuen alemaniar Udal haren hainbat kontzertu, entzunaldi eta ekitaldi ofizialetan.

"Nire autonomia mailak eta, ondorioz, nire autoestimuak gora egin zuen nabarmen. Hegazkinez bakarrik joatea, apartamentu batean bakarrik bizitzea, hainbat hizkuntzatan pertsona zeharo ezberdinekin moldatzea bizipen berriak izan ziren niretzat" dio Armendárizek eta, bere Erasmus esperientzia honelaxe laburbiltzen du: "Gauza asko ikasi ditut, hazi egin naiz gizaki moduan eta bidea zabaldu dut desgaitasuna duten beste batzuk ere nik ahaztuko ez dudan horrelako esperientzia bizitzera animatu daitezen".