Joan eduki nagusira

zoom Sarioko fatxada Espainiako Itzuliaren ezaugarri grafikoekin.

Sarioko fatxada Espainiako Itzuliaren ezaugarri grafikoekin.

Espainiako Itzuli Ziklista antolatzen duen Unipublic enpresak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza aukeratu du bulego iraunkorra eta prentsa aretoa ezartzeko. Handik Espainiako itzuliaren hasierak sorrarazten dituen komunikazioko eta antolamenduzko behar guztiei egingo die aurre. Itzulia datorren larunbatean, abuztuaren 18an, hasiko da, Iruñeko kaleetatik eta ingurutik egingo den 16,5 kilometroko taldekako erlojuz kontrako proba batekin.

Zehatz esateko, Sario eraikina izan da aukeratu duten tokia. Horregatik, Itzuliaren logotipoa daukan olana ikus daiteke eraikineko fatxadan. Bestalde, gaur bertan hasi dira bulego iraunkorra prestatzeko lanak,

Hurrengo abuztuaren 19ra arte, Sario barruan honako hauek egongo dira: akreditazio-zentroa (horretarako gimnasioa atondu da), materiala banatzeko standak, prentsa aretoa (Fernando Remacha Ikasgelan ipiniko dena), bilera gela orokorra, eta beste hainbat areto, babesleek, taldeek, epaimahai teknikoak, UCIk, Unipublic enpresak, Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta abarrek erabiltzeko. Era berean, kirol gertaera honekin lotura daukaten 150 bat ibilgailu aparkatzeko tokia ere erreserbatu da.

Sario erakineko gimnasioa izango da, esan dugunez, akreditazio-zentroa. Eginkizun honetarako, zorua moketaz estali da eta behar den azpiegitura guztia daukaten zortzi lanpostu prestatu dira, baita material-biltegi bat eta akreditatuei harrera egiteko mahaia ere.

Bestalde, Fernando Remacha aretoa (prentsa aretoa) Itzuliaren komunikazio zentroa izango da. Han kazetarientzako 120 lanpostu ezarriko dira, eta aretoak dauzkan bi pantaila erraldoi lasterketa zuzenean emateko erabiliko dira. Guztira laurehundik gora akreditazio aurreikusten dira. Bulegoa heldu den asteazkenean zabalduko da ofizialki.


Ibilbidea eta datuak


Espainiako Itzuliaren hasiera, lehen aldiz bere 67 edizioetan, Iruñean izango da, abuztuaren 18an, taldekako erlojuz kontrako proba batekin. Proba 19:00etan hasiko da, Gaztelu Plazan, eta Zezen-plazan bukatuko da, Iruñetik eta ingurutik 16,5 kilometro egin eta gero. Probaren ibilbidea hiri-zirkuitu bat izango da, NUPeko campusa inguratuko duena, Cataluña eta Sadar kaleetatik pasatuz.

Honako honekin, hogeigarren aldiz da Iruñea Espainiako Itzuliko etapa baten irteera, sekula lasterketa-hasiera izan ez den arren. Bestalde, Iruñea 22 aldiz izan da helmuga, eta bat gehiago izango zatekeen, 1968ko etapa bertan behera geratu izan ez balitz. Badira 18 urte etapa bat Iruñean bukatzen ez denetik. Orduan, 1994. urtean alegia, liderra Tony Rominger suitzarra izan zen.

Aurtengo itzuli ziklistaren bigarren etapa Nafarroan egingo da, baita ere. Etapa Iruñean hasi eta Bianan bukatuko da, 181,4 kilometro egin eta gero.

2012ko Itzuli honetan 12 herrialde ezberdinetako 22 taldek hartuko dute parte. Bederatzi ziklistek osatzen dute talde bakoitza. Taldearekin beste 14 pertsonak bidaiatzen dute, gutxienez, eta batez beste 7 ibilgailu mugitzen dituzte. Horiek denek Iruñean hartuko dute ostatu abuztuaren 15etik, arautegiak hala ezartzen duelako.

Unipublic enpresa antolatzaileak eman dituen datuen arabera, Itzuliaren etapak 150 herrialde baino gehiagotan ikusiko dira (Europako 59, Amerikako 20, Afrikako 52 eta Asiako 20). Telebistek 130 ordu baino gehiago emango dituzte, eta horietatik 55 zuzenean izango dira. Horretaz gainera, nazioarteko zenbait berri agentziak berriak zabalduko dituzte egunero 190 herrialdetan.