Joan eduki nagusira

zoom Pikartatuak erasotako sagarrak

Pikartatuak erasotako sagarrak

Lan honetan Nafarroako ehun sagarrondo-aldaera autoktono aztertu dira, gutxi gora behera, eta ikusi da ehun horietatik hogeita bi bereziki erresistenteak direla su-gorrina eta sagarrondoaren pikartatua deituriko gaixotasunen aurka. Bi gaixotasun hauek dira sagardietan minik eta kalte ekonomiko handienetakoak eragiten dituztenak. Hauxe da Nafarroan egin den ikerketaren emaitzetako bat. NUPeko Jesús Murillo Martínez, Alejandro Martínez Bilbao eta Amaya Ortiz Barredo ikertzaileek parte hartu dute ikerketa horretan, baita Gironako Unibertsitateko Nekazaritza eta Elikadura Teknologiako Institutuko Emilio Montesinosek ere.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Laborantzen Babeserako ikerketa taldeko arduraduna den Jesús Murillok, Landare Ekoizpeneko katedradunak, zuzendu du lana. Lanaren emaitzak berriki argitaratu dira Euphytica aldizkari zientifikoan, zeina zazpigarrena baita oihartzun-fakorearen sailkapenean, bere kategoriakoen artean. Ikerketa Nafarroako 103 sagarrondo-aldaera autoktonorekin hasi zen. Aldaera hauek Nafarroako Nekazaritza Kudeaketarako Institutu Teknikoak (NKIT) Sartagudan eta Donezteben daukan 253 aldaeratako bildumakoak ziren, eta NUPeko sagarrondo-germoplasmaren bankuan sartuta zeuden. Lehen aldi batean su-gorrinaren eragina aztertu zen. Ondoren aldaerok sagarrondoaren pikartatuaren aurka daukaten erresistentzia ikusten saiatu ziren.

Erwinia amylovora bakterioa da su-gorrina eragiten duena. Gaixotasun honek kalte handiak sortzen ditu sagardiak edo madariondo-sailak erasotzen dituenean, batzuetan inausketa gogorra, edo eta are, arbolak kentzea izaten baita gaixotasunaren aurka egiten ahal den gauza bakarra. Pikartatuari dagokionez, Venturia inaequalis onddoak sortzen du. Sagarrondoek pairatzen dituzten gaixotasun larrienetakoa da, eta hostoei zein fruituei eragiten die.

Alejandro Martínez-Bilbao ikertzaileak azaltzen duenez, "bi gaixotasunen aurrean daukaten erresistentziarengatik bereziki interesgarriak diren 22 aldaera aurkitu ditugu. 22 aldaerok nekez gaixotzen dira su-gorrinarekin, eta erresistentzia-maila ezberdinak daukate pikartatua sortzen duen onddoaren aurka; bestalde, 22 aldaera horietatik, bost oso interesgarriak dira nekazaritzaren aldetik, beren ezaugarriengatik." Zehatz esanda, sagardoa egiteko erabiltzen diren sagarrondo-aldaerak hauek dira: “Erremedio”, “Merealiña”, “Xarpaxar”, “Peaugon-Monsur” (Etxaurikoa, jatorriz) y “3.1.50” (Gareskoa, jatorriz).

Fungiziden erabilera saihestea

Ikerketa zortzi urtez egin da: bi esperimentazioan eta beste sei Doneztebeko NKITaren fruta-arbolen sail esperimentalean egindako behaketan. Helburu nagusia zen sagardo-sagarrondoek gaixotasun horien aurrean daukaten erresistentzia ezagutzea, bereziki pikartatuaren aurkakoa. "Kontuan hartu behar da ohiko tratamendua dela fungizidak erabiltzea -esaten du ikertzaileak-, baina merkaturatzeko diren aldaeren sailetan hainbat tratamendu egin behar da arbola ez dadin kaltetua izan eta fruitua merkaturatzeko modukoa izan dadin; gainera, ekoizpena txikiagotzen da eta estetikoki fruitua itsusiagoa izaten da."

Emaitzak ikusita, aplikazioak laster etorriko dira: esaterako, sagardoa ekoiztean, ekoizpen organiko bat ezartzeko aukera dago, fungizidarik erabili gabe, edo ekoizpen integratu bat, zeinean, aldaerarik erresistenteenak erabiliz, fungiziden edo produktu fitosanitarioen erabilera txikiagoa bailitzateke.

Beste aplikazio batek aldaeren hobekuntza genetikoari begiratzen dio, gaixotasunaren aurrean erresistenteenak diren aldaeretatik abiatuz. "Honek luzeago joko du -esan du Alejandro Martínezek-, beharrezkoa delako ikerketa gehiago egitea eta ikustea nola inplementatzen ahal diren aldaera hauek, hobekuntza genetikorako programa bat egiteko, gene horien gurutzaketaren edo klonazioaren bidez." Honi dagokionez, argitu du "duela 50 urtetik ari direla geneak sartzen sagarrondoak erresistenteagoak egiteko, baina patogenoa aldatzen da eta erresistentzia gainditzen du. Ikusi dugun abantailetako bat da orain identifikatu ditugun aldaera hauek dauzkaten erresistentziak, eta patogenoak gainditzen dituenak, ezberdinak direla".

Hasieran aztertu zen 103 aldaeraren erresistentzia su-gorrinaren aurka, eta horietatik 48 aski erresistenteak zirela ikusi zen. Honek esan nahi du hauen kasuan ez dela arbola erabat moztu behar. Ondoren 92 sagarrondo-aldaera in vitro aztertu ziren, hauen artean lehen esandako 48 aldaerak egonda. Ikusi zen 92 hauetatik 22 erresistenteagoak zirela su-gorrinaren aurka, baina baita sagarrondoaren pikartatuaren aurka ere.