Joan eduki nagusira

zoom Ikertzaileak unibertsitateko laborategietako batean lanean

Ikertzaileak unibertsitateko laborategietako batean lanean

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2012. urteko Ikerketa Taldeen Katalogoa onetsi du, eta bertan biltzen dira 111 ikerketa talderen osaera, ikerketa-lerro oinarrizkoak eta harremanetarako datuak. 948 ikertzaile ari dira lanean talde horietan. Aurten talde berri bat sortu da. AENOLTEC (enologiako aurrerapenak) du izena, eta María Remedios Marín Arroyo ikertzailea da burua.

Unibertsitatean ikerketa taldeak dira ikerketa egituratzeko eta antolatzeko dauden oinarrizko unitateak. AENOLTEC da eratu den azken taldea, eta honako hauek dira bere ikerketa-lerroak: ardogintzako produktuen konposatu bioaktiboak; ardogintzako teknologien hobekuntza (mikrooxigenazioa, jatorria animalia ez duten argitzaileak, ardo ekologikoak, fruta ardoen hobekuntza teknologikoa); eta zentzumen-azterketa.

Taldeak lau arlo handitan egituratzen dira: Ingeniaritza eta Teknologia (26 talde), Oinarrizko Zientziak eta Osasun Zientziak (34), Zientzia Ekonomikoak eta Juridikoak (22) eta Giza eta Gizarte Zientziak (29). Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa-politika etengabeko hobekuntzara bideratuta dago, hala oinarrizko ikerketan nola aplikatuan, bai eta ezagutza bestetaratzean ere, bai sektore produktibora bai gizartera. Hori guztia bere ikerketa taldeen ikerketa-jardueraren barneko eta kanpoko ebaluazio jarraitu baten bidez egiaztatzen da.

Denboran zehar izan duen bilakaerari dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 74 talde zituen 1999an, 2002an 88, 2005ean 98 eta 2010ean 105. Halaber, unibertsitatearen ikertzaile kopurua aldatu egin da hamarkada honetan: 1999an 516, 2005ean 882, 2010ean 943, 2011n 893 eta azken errolda honetan 948.

Ikerketa Batzordeak urtero egiten dituen datu baseen bidez eguneratzen da katalogoa. Onetsi ondoren, katalogoa argitaratu egiten da unibertsitateko ikertzaile izan daitezkeenetara lehen hurbilketa bat egiteko gida modura balio dezan.

Unibertsitateei buruzko Lege Organikoak xedatzen du ikerketa unibertsitateetako irakasle eta ikertzaileek duten eskubidea eta eginbeharra dela eta, nagusiki, ikerketa-taldeetan, sailetan eta unibertsitateko ikerketa-institutuetan egingo dela.