

Ezkerretik eskuinera, Borja Arbeloa, Andoni Urtasun, Natxo Matías eta Xabier Alzueta Arrosadiko campusean
Borja Arbeloa Irigoyen, Andoni Urtasun Erburu eta Xabier Alzueta Domínguez de Vidaurreta Nafarroako Unibertsitate Publikoko industria ingeniariak saritu dituzte Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialak antolatutako ikasketen amaierako sarien bederatzigarren edizioan. Arrazoi hori dela-eta, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa ordezkatuz, Ignacio Matías Maestro zuzendariak sarituei harrera egin, zorionak eman eta bere poza agertu die lortu dituzten sariengatik.
Borja Arbeloari 2.000 euroko saria eman diote Proiektu Hoberenari "Energia berriztagarriekin integratzeko bereziki diseinatutako elektrolizatzailearen modelizazioa eta simulazioa" izeneko lanarengatik. David Astrain eta José Miguel Reigada irakasleak izan dira lanaren tutoreak. Erregai fosilak ordeztuko dituzten erregai berrien bilaketarekin lotuta dago proiektua. Bere helburua da elektrolizatzaile eredu bat hobetu eta baliozkotzea (uraren bidez hidrogenoa sortzen duena), etorkizuneko elektrolizatzaileen neurriak ezartzeko eta elektrolisi prozesuaren parametro nagusiei buruzko informazioa lortzeko modua emango duen diseinuzko tresna iragarle bat lortzeko.
Bi akzesitak Andoni Urtasun Erbururi eta Xabier Alzueta Domínguez de Vidaurretari eman dizkiote, eta akzesit bakoitza 1.000 eurokoa da. Luis Marroyo irakasleak ikuskatu eta Frantziako enpresa batean egin zen Andoni Urtasun Erbururen proiektua. Proiektuak "Larrialdietako sare elektriko berri baten diseinua hegazkin komertzial baterako" zuen izena, eta bere xedea zen hegazkin komertzialetan sare alternatibo bat disenatzea, larrialdietarako lurreratze egoki bat bermatzen duena.
Bestalde, Xabier Alzuetari saria eman zioten "Hozte sistema daukaten snackak saltzeko makinei aplikatutako ekodiseinuaren metodologia: energia-efizientziaren hobekuntza" izeneko proiektuarengatik. Alberto Navajas eta David Astrain izan dira lanaren tutoreak. Bere lanean, makinari aldaketak egin zizkion, bere kontsumoa jaisteko eta energia-efizientzia hobetzeko, eta lortu zuen emaitzarik hoberena izan zen korronte elektrikoaren kontsumoa %45 jaistea.
Sariak ekain bukaeran eman ziren, eta proiektuek zeukaten kalitate teknikoa eta gizartearen garaperani egiten zioten ekarpena balioetsi zituen epaimahaiak bere erabakian. Ingeniariek NUPen industria-ingeniaritzako ikasketak egitean ikasitako ezagupenak praktikan jarri dituzten enpresetan garatu dira hiru proiektuak.