Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak jadanik ireki du 2012-2013 ikasturterako matrikula-aldia. Ikasleek tramiteak egiteko epea abuztuaren 30ean bukatzen da. Matrikulari buruzko eta ikasle berrientzako maila-probei buruzko informazio guztia eskuragarri dago ikastegiaren web-orrialdean: www1.unavarra.es/centroidiomas.
Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian hizkuntza hauek ikasteko aukera dago: alemana, txinera, espainiera, euskara, frantsesa, ingelesa eta italiera. Hizkuntza horiek guztiek lotura daukate helburu duten unibertsitate komunitatearekin. Eskaintza maila guztiak hartzen ditu, unibertsitate komunitateak hizkuntza prestakuntzari dagokionez dituen behar guztiak betetzeko. Goraka ari diren hizkuntzei dagokienez, esate baterako txinera, eskaintza gero eta zabalagoa da ikasturtez ikasturte, hizkuntza horien irakaskuntza sendotzeko. Ikasturte honetan txinerako hiru maila daude berriro, bai eta hizkuntza berri bat ere, italiera.
Matrikula egiteko aldez aurreko hitzordua eskatu behar da. Aurreko ikasturtean matrikulatutako ikasleek web-orrian matrikula egiteko aukera dute beren sarbide-gakoen bidez, eta aurretik ikasi nahi duten hizkuntzaren ezagupenik gabe ikastegian sartu berri diren ikasleek (A1 mailarako sarbidea) 948 169791 telefonora deitu edo centro.idiomas@unavarra.es posta elektronikoko helbidera idatziko dute aldez aurreko hitzordua eskatzeko. Bi kasu horietan sistemak webgunearen bidez matrikula egiteko egun-orduak ezartzen dizkio ikasleari. Hizkuntzen Ikastegiak ekipoak jarriko ditu ordenagailurik ez dutenen eskura matrikula-aldian, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 14:00etara.
Ikasi nahi duten hizkuntzaren aldez aurretiko ezagupenekin ikastegian sartu berri diren ikasleek beren maila egiaztatu beharko dute titulu ofizialaren bidez, edo, bestela, maila-proba bat egin beharko dute. Proba horiek abuztuaren 24ra arte egingo dira, 08:30etik 14:00etara, aldez aurretiko hitzordua eskatu beharrik gabe. Interesdunak 10 euro ordainduko ditu proba hori egiteko, eta banku-txartelaren bidez egingo da ordainketa une horretan bertan. Zenbatekoa ikastaroaren azken prezioan sartuta dago. Beraz, matrikularen zordunketa egitean kenduko da.
Proba egin eta gero, interesdunak posta elektronikoaren bidez jasoko du on-line matrikularako hitzordua (Ikastegiko matrikularako web-orrira sartzeko erabiltzaile-gakoekin eta pasahitzarekin). On-line matrikula sartzeko esleitutako egun-orduetatik aurrera jakingo dute zein ikastaro-aukera dituzten esleitu zaien sarbide-mailan.