Nafarroako Unibertsitate Publikoak Abokatutzarako Sarrerako Unibertsitate Masterra abian jarriko du 2012-2013 ikasturtean. Titulu ofizial honek 90 kreditu eta 3 seihileko dauzka (urte eta erdi), eta nahitaezkoa da Zuzenbideko Graduko etorkizuneko tituludunak abokatu aritzeko. Lizentziadunei dagokienez, legez nahitaezkoa ez bada ere, beharrezkotzat jotzen da bere prestakuntza praktikorako eta ofiziozko txandan sartzeko. Master honetarako aurreinskripzio-epea irekita egongo da abuztuaren 3tik irailaren 14ra arte.
Masterrak titulazio ofizial gisa eman ahal izateko beharrezkoa den egiaztatze-prozesua gainditu du, eta aurki Nafarroako Gobernuak baimenduko du. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren –hogei urte daramatza prestakuntza juridikoa ematen etorkizuneko abokatuei–eta Iruñeko Abokatuen Elkargoaren –Nafarroako hiriburuko abokatuak elkartzen ditu– arteko lankidetza estuaren emaitza da, eta Estanislao de Aranzadi Praktika Juridikoko Eskola Fundazioak garatutako esperientziaren laguntza dauka. Enrique Rubio Torrano Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Zibileko katedraduna da masterraren irakaskuntza-zuzendaria
Onartuen zerrenda irailaren 26an jarriko da jendaurrean, eta matrikula urriaren 3 eta 4an egingo da. Masterra egin nahi dutenek Unibertsitatearen web-orrialdearen bidez egingo dute aurreinskripzioa (www.unavarra.es) eta eskatutako dokumentazioa on-line bidaliko dute. Eta, bestela, posta ziurtatuaren bidez aurkeztu edo bidaliko dute (irailaren 14ra arte) helbide honetara: Graduondoko ikasketak-Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Arrosadiko campusa, z/g, 31006, Iruñea.
José F. Alenza García Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoaren esanetan, “Zuzenbidean lizentziadunen prestakuntza osagarriaren esperoan egon dira denbora askoan abokatuen elkargoak, unibertsitateak eta joera politiko guztietako gobernuak, eta 2006ra arte ez zen jaso helburu hori lege batean”. Hain zuzen, urte hartan onetsi zen auzitegietako abokatu eta prokuradore lanbideetarako sarrera arautzen duen legea. Gero 2011ko errege dekretu batek garatu zuen lege hori, eta aipatu dekretua bi aldiz aldatu da 2012an.
Prestakuntza gehiago: master eta azterketa ofiziala
Legeak indarra hartzean abokatutzarako sarbideak aldatu dira, etorkizuneko profesionalek urte eta erdi gehiago eskaini behar baitiote beren prestakuntzari. Hala, 2012-2013 ikasturtetik aurrera, abokatu aritu nahi badute, 90 ECTS kredituko unibertsitate masterra egin (60 irakaskuntza prestakuntzakoak eta 30 prestakuntza praktikokoak) eta gero gaikuntza nazionaleko proba bat gainditu beharko dute Zuzenbidean graduatuek. Zuzenbidean lizentziadunak ez daude legez behartuak horretara, baina José F. Alenzaren esanetan “aukera bat da beren prestakuntza sakondu eta hobeki prestatzeko etorkizuneko graduatuen lehiari aurre egiteko –graduatuak nahitaez egin beharko dute masterra–, ofiziozko txandan sartzeko eta atxilotuari asistentzia emateko beharrezkoa izateaz gainera”.
Abokatutzarako Sarrerako Unibertsitate Masterrak 90 ECTS kreditu ditu, eta kreditu horiek hiru seihilekotan egingo dira. “Masterrean ematen den prestakuntza nabarmenki praktikoa da –azaldu du Alenzak- eta ez dira errepikatzen karrerako edukiak”.
Masterrak 70 ikaspostu gordetzen ditu Zuzenbide titulua dutenentzat, eta bost modulutan antolatuta dago: Lanbidearen deontologia eta antolaketa (6 ECTS kreditu); Lanbidean aritzeko teknikak (6 ECTS); Lanbidearen praktika (42 ECTS); Kanpo-praktikak abokatu-bulegoetan (30 ECTS); eta master amaierako lana (6 ECTS).
Honako hau da denbora-banaketa: lehenengo seihilekoan 30 kreditu teoriko egingo dira; bigarren seihilekoan, 24 teoriko eta 6 kanpo-praktiketakoak; eta hirugarren seihilekoan, beste 24 gehiago kanpo-praktiketakoak eta 6 master amaierako lanekoak. Kreditu bakoitzaren prezioa 27,34 euro da, Nafarroako Gobernuak onetsitako ebazpenaren arabera.
Irakasleen jatorri bikoitza
Masterrak joera praktikoa duenez, irakasleen erdiak etengabeko arduraldia duten unibertsitateko irakasleak dira (katedradunak, titularrak eta kontratatu doktoreak) eta beste erdiak abokatu ari direnak. “Masterra arautzen duen errege dekretuan abokatuek beren lanbidean hiru urteko esperientzia izan behar dutela ezartzen bada ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoko masterrari dagokionez bost urteko esperientzia izan beharko dute gutxienez ere –esan du José F. Alenzak-. Irakasleen jatorri bikoitza positiboa da, ikasleek irakaskuntza-ikuspegia eta lanbide-ikuspegia jasoko baitituzte".
Horrez gainera, Irakaskuntza Batzorde bat dago emandako irakaskuntzak koordinatzeko, eta ikasleek tutoretza jasoko dute abokatu bulegoetan praktikak egiten dituztenean.
Halaber, Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoak nabarmendu du “forma eta mamiari dagokionez oso ongi ulertu dutela elkar Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Iruñeko Abokatuen Elkargoak, eta elkar-ulertze horri esker abian jarriko dela urrian masterra, lizentziadunentzat nahitaezkoa izango ez bada ere”.