Montserrat Fernández Vallejo NUPeko telekomunikazio-ingeniariak zuntz optikoko sentsore desberdinak garatu ditu esperimentu baten bidez bere doktoretza tesian, azpiegitura handiak urrutitik monitorizatzeko. Zehazki, multiplexatzeko gaitasuna duen orain arteko sarerik luzeena garatu du —250 kilometro ditu—, (bi informazio kanal edo gehiago transmisio bide bakar batean konbinatzeko aukera ematen du).
Urrutiko komunikazioaren esparruko teknologia-garapenari esker ikerketa-lerro berriak eta aplikazio praktiko ugari ireki dira. Haien artean, aipatzekoak dira azpiegitura adimendunen edo neurri handiko azpiegituren monitorizazioa, eta horretarako oso baliagarriak dira sentsore-sareak. Montserrat Fernándezek azaldu duenez, “urrutiko monitorizazioaren bidez egitura bat edo azpiegitura handiak –itsas plataformak esate baterako– analizatzen dira estazio zentral batetik. Estazio hori azpiegituratik dozenaka edo ehunka kilometrora dago, eta sentsoreek azpiegiturara informazioa igortzen dute elikadura-iturri baten beharrik gabe”. Erregistro horri esker egitura edo ingurumen parametroei buruzko neurriak hartzen dira, egoera kritikoak aztertu, azpiegiturak egoki mantendu eta egon daitezkeen istripuei aurrea hartzen zaie.
Zuntz optikoa datu sareetan erabili ohi den transmisio bide bat da. Beiraz edo material plastikoz eginiko hari oso mehe bat da, eta haren bidez transmititutako datuak ordezkatzen dituen argia igortzen da. Zuntz optikoko sentsorea parametro baten aldaketei antzemateko gai da, gailu horrek argiaren ezaugarri batzuetan eragiten duen aldaketari esker. Balioetsi nahi den azpiegituran bertan edo azpiegituratik oso gertu jarritako sentsore-multzoak osatzen du sentsore-sarea.
Heldutako erronkak
Honako hau da tesiaren izenburua: “Contribution to the development of optical networks for fiber Optics sensors using fiber lasers” (Zuntz laserrak erabiliz zuntz optikoko sentsore-sareak garatzeari egindako ekarpena). Manuel López-Amo Sainz NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektroniko Saileko katedradunak zuzendu du, eta Gai cum laude kalifikaziorik handiena lortu du, Europako doktorea Aipamenarekin.
Sentsoreen sare optikoek dituzten hiru erronka nagusiak aztertu ditu Montserrat Fernándezek bere ikerketan: sentsoreak sare bakar batean multiplexatzea, etenik gabeko zerbitzu bat bermatzea akatsen bat gertatzen bada, eta urrutiko monitorizazioa egiteko aukera ematea.
Lan honetan, halaber, multiplexatzeko gaitasuna duen orain arteko sarerik luzeena garatu du. Sareak 250 kilometro ditu. Multiplexazioari esker, sistemak eta kostuak sinplifikatzen dira. “Multiplexazioaren bidez —aipatzen du ikertzaileak—, alde batetik transmisio bide bera erabiltzen dugu sentsore desberdinek bidalitako informazioa igortzeko, eta, bestetik, igorgailu eta hargailu berak erabiltzen ditugu”. Zuntz optikoko urrutiko sareei dagokienez, zuntza bera da transmisio bidearen lana egiten duena: sentsoreek haren bidez igortzen dute informazioa, eta estazio zentralean jasotako informazio guztia aztertzen da.
Zuntz optikoko sentsore-sareen aplikazio nagusiak lotuta daude kasu hauekin: monitorizatu behar den egiturak kostu ekonomiko handia duenean (oliobideak, tentsio lineak), gizakiari heriotza eragiteko arriskua dagoenean (zentral nuklearrak, produktu kimikoen biltegiak, zubiak, urtegiak, etab.) edo perimetro bat kontrolatuta eduki behar denean.
Montserrat Fernández Vallejok 2008an amaitu zituen Telekomunikazio Ingeniaritzako ikasketak NUPen. Orduz geroztik proiektuetan laguntzaile eta lankide aritu da Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailean. Bi ikerketa-egonaldi egin ditu erakunde hauetan: Università degli studi di Parma unibertsitatean (Italia) 2009an, eta Institute of Photonic Technology erakundean (Jena, Alemania) 2010ean.
Bere doktoretza tesiari esker, 15 artikulu argitaratu dira eragin handiko nazioarteko aldizkarietan, 12 ekarpen egin dira nazioarteko biltzarretan eta 3 ekarpen nazio mailako biltzarretan.