Joan eduki nagusira

zoom Luis Miguel Díez (ezk.) eta Asier Aguilera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunak

Luis Miguel Díez (ezk.) eta Asier Aguilera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi tituludunek Espainiako Bankuaren beka jaso dute Ekonomiako doktoretza programa bana egiteko Amerikako Estatu Batuetan. Iruindarrak dira biak; Asier Aguilera Bravo Ekonomian lizentziaduna onartua izan da Washington Unibertsitatean San Luisen (Misuri), eta Luis Miguel Díez Catalán Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziadunak Minnesotako Unibertsitatean egingo ditu bere ikasketak.

Ekonomiako eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako ikasketak Nazioarteko Taldean egin zituzten biek. Ikasketa programa horrek berezko ezaugarriak ditu, izan ere, ematen diren irakasgaietako batzuk ingelesez ematen dira eta ikasleek ikasturte bat egiten dute atzerriko unibertsitate batean.

Heldu den 2012-2013 ikasturtean Ipar Amerikako bi unibertsitate horietan bi nafar gazteek hasiko dituzten doktoretza programek bost ikasmaila dituzte. Lehenbiziko biak amaitzeak bidea ematen du Ekonomia Masterra eskuratzeko, eta hurrengo hirurak bete-betean ikerketan jarduteko dira, unibertsitate gradurik handiena den doktore izateko ezinbesteko baldintza baita.

Doktoregaien curriculumak

Asier Aguilera Bravo (Iruñea, 1988), Nafarroako Gobernuaren bekadun izan zen 2006an, Batxilergoan bikaintasuna jaso baitzuen, 10 puntutik 9ko batez besteko nota atera zuelako, eta Ekonomia ikasketak Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin zituen 2006 eta 2010. urteen artean. Ikasketak egin bitartean mugikortasun bi programatan parte hartu zuen: 2008-2009 ikasturtean Erasmus ikasle egon zen Karlstad-eko Unibertsitatean (Suedia) eta, 2009-2010 ikasturtean Séneca ikasle izan zen (Espainiako unibertsitateetako ikasleen arteko truke programa), Madrilgo Carlos III Unibertsitatean. 2010ean lizentziatu ondoren egin zuen Masterra Ekonomia eta Finantzetan Nafarroako Unibertsitatean 2010 eta 2012. urteen artean. Fakultateko eta ikerketako laguntzaile izan zen unibertsitate horren beka baten bidez.

Bestalde, Luis Miguel Díez Catalánek (Iruñea, 1988) 2010ean amaitu zuen Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Lizentziatura (EAZL) Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Ikasketen Amaierako Aparteko Saria jaso zuen. 2008-2009 ikasturtean, Erasmus Programaren bidez, Lincoln-eko Unibertsitatean (Erresuma Batua) ikasi zuen, eta han erdietsi zuen britainiar Gradu titulua, EAZLren baliokidea: Bachelor of Arts, Business and Administration. Hurrengo ikasturtean (2009-2010), Séneca Programaren bidez, Madrilgo Carlos III Unibertsitatean ikasi zuen eta orduan jaso zuen Nafarroako Gobernuaren Bikaintasunari Séneca Saria, 2009an Díezen espedientea Espainiako unibertsitateetako ikasleen arteko trukerako laguntzen programa honetan aurkeztu ziren hiru hoberenen artean baitzegoen.

2010 eta 2012. urteen artean, La Caixaren graduondoko beka bati esker, Luis Miguel Díezek Masterra Ekonomia eta Finantzetan egin zuen Espainiako Bankuarena den eta Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitateari atxikia dagoen Centro de Estudios Monetarios y Financieros (CEMFI) ikastegian.