Nafarroako Unibertsitate Publikoak kulturaren arloko berrikuntzari buruz udako ikastaro bat antolatu du heldu den asterako, non aztertuko baitira finantzatzeko modu berriak eta jabetza intelektuala informazioaren tegnologietan. Uztailaren 23tik 25era emango da monografikoa, Arrosadiko campuseko Sario eraikinean, eta “Henri Lenaerts. Berrikuntza eta ikerketa kultura garaikidean” du izena. Nafarroako unibertsitateetako udako ikastaroen XII. edizioaren barruan kokatzen da ikastaroa, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak babestuak.
Ikastaroa datorren astelehenean, uztailak 23, hasiko da eta Henri Lenaersten (1923-2006) pentsamendua du oinarri. Henri Lenaerst entzute handiko eskultore belgikarra izan da, eta Nafarroa izan du bizileku bere bizitzaren azken 35 urteetan. Mendebaldeko munduaren bizimoduetan dauden zientziaren eta tegnologiaren gehiegikeriak izan ditu kezka artistak; horregatik, kezka hori da monografikoaren ildo nagusia, sormenaren, ikerketaren, zientziaren, teknologiaren, artearen eta kulturaren arteko harremanak aztertzeko. Zehazkiago, ikerketa eta berrikuntza garapen ekonomikoaren eta zientifikoaren ardatza direnez gero, ikastaroaren helburua da kulturaren arloan termino horien norainokoa ikertzea.
Horren karietara, astelehenean, uztailak 23, sormenari eta berrikuntzari helduko diete beren hitzaldietan Santiago Eraso Belokik, Donostia 2016 hautagaitzaren kultura aholkulariak, eta Yolanda Romero Gómezek, Granadako José Guerrero Zentroaren zuzendariak. Egun bereko arratsaldean, berrikuntza artetik eta kulturatik sakonago ezagutzeko, lantegi bat egingo da, Conexiones improbables izeneko plataformaren aurkezpenarekin, eta artista baten (Paola Tognazi italiarra) eta enpresa baten (Grupo i68, softwarearen ingeniaritzan diharduena) arteko lankidetza kasuarekin.
Asteartean, uztailak 24, kultura babesteko modu berriak aztertuko dira beste lantegi batean, jabetza intelektualean eta honek teknologia berriekin duen gatazkan (“creative commons” edo “copy left” kontzeptuak agertzearekin batera) arreta jarriz. David Bravo Buenok, jabetza intelektualean eta zuzenbide informatikoan adituak, izango du lantegiaren ardura.
Babesletza eta “crowdfunding”
Asteazkenean, uztailak 25, kultura finantzatzeko modu berriak (babesletza, “crowdfunding” edo mikrobabesletza) aztertuko dira, Rafael Carazo Rubio eta Borja Baselga Canthalen eskutik. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Kulturako Estatu-Idazkaritzaren Kultura Industriak eta Babesletza Sustatzeko Zuzendariordetza Nagusiko aholkulari teknikoa da Rafael Carazo, bai eta Gizarte parte-hartze eta babesletzari buruzko Lege Proiektuaren ministerioarteko lan-taldearen idazkaria ere. Borja Baselga Santander Fundazioko zuzendaria da. Mahai inguru batean sakonduko dute gai horretan. Sormen proiektuetarako “crowdfunding” plataforma den Verkami taldeko kide batek ere parte hartuko du mahai inguruan.
Ana Aliende Urtasun (Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia Saileko irakaslea) izango da ikastaroaren zuzendaria, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Henri Lenaerts Fundazioa, antolatzaileak. Ikastaroaren barruan bisita egingo da artista belgikarraren lanak hartzen dituen zentrora, Irurren (Gesalatz ibarra, Nafarroa).
Udako ikastaroaren egitarau osoa jaits daiteke ondoko helbidetik: www.unavarra.es