Ezkerretik eskuinera Violeta Zorraquino, Saioa Burgui, Igor Ruiz de los Mozos, Iñigo Lasa, Jaione Valle, Cristina Solano, Alejandro Toledo, Begoña García eta Maite Villanueva ikertzaileak
Agrobioteknologia Institutuko ikertzaileak (Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluaren eta Nafarroako Gobernuaren zentro mistoa) proiektu batean lanean ari dira. Proiektu horretan, laserra aplikatuz, erliebe nanoegituratuak diseinatzen dituzte gainazaletan, halako eran non gainazalek bakterioen aurkako propietateak bereganatzen baitituzte eta hobeki egiten diote aurka bakterio biofilmen eraketari. Ikerketaren egileen iritzian, Staphylococcus aureus bakterioarekin orain arte egin diren aurretiko saioek emaitza onak izan dituzte, bakterioen atxikidura % 65-70 murriztu dela frogatu baita.
Proiektuaren izenburua "Direct Laser Interference Patterning (DLIP) delakoaren bidez sortutako erliebe nanoegituratuak dituzten gainazalen bakterioen aurkako propietateak garatzea eta ebaluatzea" da, hiru urteko iraupena dauka, eta “Institut Fraunhofer for Material and Beam Technology” Alemaniako teknologia zentroarekin lankidetzan egiten ari dira. Zentro horrek eman du gainazaletan erliebeak sortzeko laser teknologia. Bestalde, IdABek azterketa eta esperimentu saioak egiten ditu. Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak finantzatu du aurrekontua, 179.800 euro osotara.
Azterketa 2013ko abenduan amaituko da, eta aurretiko saioen arabera, ikertzaileak itxaropentsu daude emaitzekin. Bakterioen atxikidura hobeki eragozten duten materialak aukeratzeaz gainera, ikerketa beste alderdi batzuk aztertzen ditu. Esaterako, gainazal nanoegituratuei itsatsitako bakterioen desinfektatzaileekiko jasankortasuna, nola eusten dieten gainazalek beren propietateei denbora luzean erabiltzen direnean edo bakterioen portaera biomaterialen gainazalean. Halaber, bakterioen atxikidura ahalbidetzen duten topografia patroiak identifikatuko dira.
Ikerketa honen aplikazioei dagokienez, egileek esparru zabal bat aipatzen dute, aldez aurretik laserrarekin tratatutako kirurgia materialetik (protesiak, kateterrak) bakterioen atxikidura eragozten duten gainazalak dituzten ur andel edo akuikultura tankeetara.
Bakterio biofilmaren sorrera eragoztea
Bakterioak gainazal bati itsatsita hazi eta beraiek sortzen duten eta jasankorragoak bihurtzen dituen matrize batez inguratzen direnean sortzen da bakterio biofilma. “Bakterioak —azaldu du Jaione Valle Turrillas ikertzaile nagusiak— zeinahi gainazali itsasten zaizkio; dela azala, direla barne organoak, materialen gainazalak, etab. eta biofilm hori sortzen dute, tratamendu antibiotikoekiko, desinfektatzaileekiko eta abarrekiko jasankorrago bihurtzen dituen mintz moduko bat.”. Biofilmak hainbat tokitan daude. Esaterako, naturan (ibaietako harrien gainazalera atxikitako bakterioak), gure gorputzean (heste eta aho floran), iragazki eta hodietan, ur andeletan, baserrietan (jezteko gailuetan), esparru klinikoan (protesiak, kirurgia kateterrak), etab.
Agrobioteknologia Institutuko Mikrobio Biofilmen ikerketa taldea bi bakterio hauekin ari da lanean batez ere: S. aureus y Salmonella. Biofilmak eragoztea edo kentzea helburu duten hainbat ikerketa lerro daude abian laborategian, hasi txertoen garapenetik, eta biofilmen agente sakabanatzaileen ikerketara. Egun biofilmen sorrera eragozteari begira gainazalak aldatzeko proiektu honetan ikertzen ari dira.
“DLIP teknologiari esker, laser sorta desberdinen bidez, gainazal batean interferitzen da eskala nanometrikoan eta aldatu egiten da —azaltzen du Jaione Vallek— Hainbat patroi eta irudi sortzeko aukera dago, periodikotasun desberdinekoak, nanometroetatik mikretara. Hainbat gainazal aztertu ditugu eta bakterioak gainazal horietara atxikitzea eragozten duten material bat eta patroi bat aurkitu ditugu. Bakterioak ez dira erabat kentzen, baina % 65etik %70era bitartean murrizten dira".
Lehendabizi gainazala aldatzen da laserraren bidez eta gero bakterioak jartzen dira biofilma nola eta zenbateko kantitatean sortzen duten ikusteko. Saioetan hainbat material erabili dira eta frogatu da, halaber, bakterio kopurua eta biofilmen sorrera jaitsi egiten dela bakterio mota eta gainazalari aplikatutako egitura mota zein den.
Bakterioen murrizketa zenbatzeko eta gainazal nanoegituratuari zein neurritan itsasten zaizkion jakiteko, bakterio bizidunak ukitzen dituenean fluoreszentzia igortzen duen erreaktibo bat erabili dute ikertzaileek (Alamar Blue). “Erreakzio hori fluorimetro batean neurtzen da. Beraz, zenbat eta bakterio kopuru handiagoa, orduan eta fluoreszentzia handiagoa —aipatzen du ikertzaile honek—. Arazoa da teknika honen bidez ezin dela bereizketarik egin atxikidura diferentziak hain txikiak direnean. Horregatik, orain beste metodo bat erabiltzen ari gara: gainazalari itsatsita geratu diren bakterio guztiak jaso eta hazkuntza-inguru batean erein eta kolonia kopurua zenbatzen dugu, astunagoa da, baina fidagarriagoa.”.