Joan eduki nagusira

Europar Batasuneko krisia aztertuko da bihartik, uztailaren 17tik, aurrera Nafarroako Unibertsitate Publikoak Europar Batasuneko Jean Monnet Katedrarekin batera antolatutako ikastaro batean. Ikastaroaren izenburua "Europa, krisiaren eta transformazioaren artean" da, eta Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen XII. edizioko programan dago. Edizio honetako udako ikastaroek Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren babesa dute. Aipatu ikastaroa Iruñeko Kondestablearen Jauregian egingo da, eta asteazkenean, uztailaren 18an, amaituko da.

José Luis Iriarte Ángel Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunak eta Europar Batasuneko Jean Monnet Katedrako titularrak zuzenduko du monografiko hau eta helburua da krisi ekonomikoaren jatorria eta gaur egungo egoera aztertzea. Krisia erronka handia da 27en Europa eraikitzeko. Horretarako, abian jarri diren erakunde-berrikuntza nagusiak aztertuko dira (kanpo zerbitzua, defentsa, etab.) eta hori guztia Espainiaren ikuspegia kontuan hartuta.

Aztertuko diren gaien artean aipatzekoak dira txanpon bakarra, defentsa, europar diplomazia, Espainiaren egoera EBean eta askatasun, segurtasun eta justizia eremua, besteak beste.

Hasteko, ekonomia eta defentsa

Ikastaroa bihar, asteartean, 10:00etan inauguratuko du José Martín y Pérez de Nanclares Salamancako Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko katedradunak eta Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioko Nazioarteko Aholkularitza Juridikoko buruak, eta izenburu hau duen hitzaldia emango du: "Espainia Europar Batasunean krisi garaian”.

Jarraian, 12:10ean, Juan Tugores Ques Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia katedradunak eta unibertsitate hartako errektore ohiak hitz egingo du. Bere hitzaldiaren izenburua: “Txanpon bateratuagatik elkarrengandik bereizita? Proiektu partekatu batengatik elkartuta?”

Arratsaldean, 16:30etik aurrera, Carlos Cordón Scharfhausen gerraontziko kapitainak eta Defentsa Nazionaleko Ikasketetako Goi Mailako Zentroko kideak (CESEDEN) hitzaldi hau emango du: “Defentsaren alderdiak Europaren eraikuntzan”.

Hurrengo egunean, uztailaren 18an, saioko lehen hitzaldia 10:00etan izango da. Hitzaldiaren izenburu: “Europar diplomazia abian jartzea: alde onen eta txarren lehendabiziko azterketa bi urte igaro ondoren” eta Francisco Aldecoa Luzarraga Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Nazioarteko Harremanetako katedradunak emango du.

12:10etik aurrera, Ramón Torrent Macau Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia Politikoko katedradunak emango du hitzaldia eta bere izenburua honako hau da: “EBko krisia mundu-ikuspegi batetik”.

Udako ikastaroari 16:30etik aurrera amaiera jarriko dio Francisco J. Fonseca Morillo Europar Batzordeak Espainian duen ordezkariak eskainiko duen hitzaldiak. Hitzaldiaren izenburua: “Askatasun, segurtasun eta justizia eremuaren muga berriak”.

Europa aztertzeko katedra bat

Europar Batzordearen erabakiz sortu zen Europar Batasuneko Jean Monnet Katedra Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Katedraren lehen titularra, erretiroa hartu zuen arte, José Antonio Corriente Córdoba izan zen, Nazioarteko Zuzenbide Publikoko eta Nazioarteko Harremanetako katedraduna. 2010eko otsailaz geroztik, José Luis Iriarte Ángel Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna da katedraren titularra.

Katedrari dagokio Europako Zuzenbide Komunitarioko irakaskuntzen gaineko ardura Nafarroako Unibertsitate Publikoan ("Europako Zuzenbide Komunitarioko erakundeak" irakasgaiaren bidez, bai Zuzenbidean eta bai Zuzenbidea eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako titulazio bikoitzean ere, eta "Europako eraketa" irakasgaiaren bidez Esperientziaren Gelan), zikloak, jardunaldiak, hitzaldiak eta beste jarduera batzuk antolatzea, eta, oro har, Europar Batasunari buruzko irakaskuntza eta ikerketa zerbitzuak eskaintzea.

Europar Batzordeak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak berak emandako funtsen bidez finantzatzen da Katedra.