Joan eduki nagusira

zoom Pablo Murta Baião Albino

Pablo Murta Baião Albino

Pablo Murta Albino Kooperatiben Administrazioan graduatua da Universidade Federal de ViÇosa unibertsitatean (Brasil), eta bere doktoretza tesian Espainiako nekazaritzako elikagaien industriaren egoera aztertu du lehiakortasunaren, hazkundearen eta jardueraren ikuspuntutik. 12.000 enpresaren 1994-2007. urteen arteko finantza egoeretan oinarritu da ikertzaile hau, eta mikroenpresek sektorearen hazkundean izan duten zeregin garrantzitsua nabarmentzen du. "Nekazaritzako elikagaien industriak lehiakortasuna hobetzeko erronka hartu du, eta industria sektorearen batez bestekoak baino emaitza hobeak lortu ditu, funtsean enpresa txikiez osatua badago ere", ondorioztatzen du.

"Espainiako nekazaritzako elikagaien industria: lehiakortasuna, hazkundea eta jarduera" da tesiaren izenburua; Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresen Kudeaketako Saileko Katrin Simón Elorz irakasleak eta University of New Brunswick unibertsitateko (Kanada) Francisco Javier Arcelus Ulibarrena doktoreak zuzendu dute, eta cum laude kalifikazioa erdietsi du aho batez.

Espainiako nekazaritzako elikagaien industriak industria sektoreko negozioen % 18 hartzen du, enpleguaren % 17 sorrarazten du, eta 30.000 enpresatik gora dabiltza jardun horretan. Sektore honetako lehiakortasun aukerak aztertzeko Pablo Murtak bildutako datuen artean, garrantzi berezikotzat hartu da mikroenpresak sartzea (10 langiletik beherako enpresak), nekazaritzako elikagaien industria mantentzen egiten duten lanagatik, haren % 79 baitira.

Emaitzak eta gazela-enpresak

Ikerketak sektorearen lehiakortasun aukeren erradiografia aurkezten du, eta hiru alderditan biltzen ditu: nekazaritzako elikagaien industriak eskualdearen garapenean betetzen duen lana, sektorearen tamaina eta hazkundea, eta enpresaburuen erabakiek nola eragiten duten enpresek betetzen duten zeregin horretan.

Nekazaritzako elikagaien industriak eskualdearen garapenean betetzen duen lanari, eta lehiakortasunari eragin diezaioketen faktoreei dagokienez, esaterako, eskualdea eta jarduera sektorea, emaitzek adierazten dute "sektoreen eta eskualdeen arteko nolabaiteko konbergentzia gertatu dela, baina espero zitekeena baino geldoagoa. Emaitzen aldagaien bilakaera positiboa eta goranzkoa izan da denbora aurrera ahala, eta hobekuntza nabarmenak izan dira Ebro ibarrean kokatuta dauden industrietan".

Nekazaritzako elikagaien industriaren tamainari eta hazkundeari buruz, Pablo Murtak dioenez, "industria hauen batez besteko tamaina handitu beharra dago, baina, era berean, ikusten da enpresa txikiago hauetako askok abantailak lortzen dituztela, bai teknologiaren aldetik bai laneskuaren aldetik, eta malgutasun horrek aukera ematen die merkatuan betetzen duten lekuan mantentzeko".

Azkenik, enpresek betetzen duten zeregin horretan enpresaburuen erabakiek nola eragiten duten aztertzeko, ikusi da badirela gazela-enpresak merkatuaren dinamizatzaile direnak. "Gazela-enpresak dira — azaltzen du ikertzaileak— hiru urtez jarraian hazkunde tasa % 20tik gora duten enpresak. Emaitzek erakusten dute hazkunde handiko enpresak daudela, tamaina txikikoak, baina beren malgutasuna baliatzen dutenak merkatuan sartzeko eta lehiakortasun aukera bilatzeko".

Doktoretza tesian baita aipatzen dira enpresek finantzabideetara iristeko dituzten arazoak ere, "horietara iristeak aukera emango lieke lehiakortasuna hobetzeko hazkundea areagotuz, baina beren kaudimena kaltetu gabe".

Azken ondorio gisa, egileak nabarmentzen du mikroenpresek sektore honetan betetzen duten lan garrantzitsua. "Gazela-enpresen, hazkunde handiko enpresen, detekzioak —gehitzen du— enpresen sorrerako sustapen politika batzuk bultzatu behar ditu". Testuinguru horretan, bere ustez "badira enpresa hauen hazkunderako egiazko aukerak, eta kontrola galdu gabe, beren produkzioa eta mozkinak areagotzeko aukera dute".

Pablo Murta Albino Kooperatiben Administrazioan graduatu zen 2001ean Universidade Federal de ViÇosa unibertsitatean (Brasil), eta 2007. urtean Lanaren Nazioarteko Erakundearen Net Programaren Tokiko Garapenaren Kudeaketan Espezialista titulua erdietsi zuen. Bere irakaskuntza eta ikerketa prestakuntza osatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta bertan erdietsi du Doktore titulua Enpresen Kudeaketako Sistema Malguetan.

2001-2006 urteen artean kooperatiben aholkulari lanetan jardun du Minas Gerais, São Paulo, Acre eta Bahía probintzietan. Doktoretza egiten egon den bitartean ikerketa lana eta irakaskuntza bateratu ditu, eta “Cloud computing keeps financial metrics computation simple” ikasketen amaierako lana zuzendu du. Nazioko eta nazioarteko biltzarretan kooperatibekin eta nekazaritzako elikagaien industriarekin lotutako hainbat lan eta komunikazio aurkeztu ditu, eta “Technology enhanced learning for people with disabilities: approaches and applications” liburuaren kapitulu baten egilea ere bada.