Joan eduki nagusira

zoom Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak, ordenagailuekin lanean

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak, ordenagailuekin lanean

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Berrikuntzako eta Teknologia Aplikatuetako Institutu Zientifikoa S.L. (INCITA) erakundearekin lankidetzan, Finantza Erakundeetako Informazio eta Berrikuntza Teknologietan diplomaduna izeneko titulu berekia atera du 2012-13 ikasturterako. Titulu berekiaren helburua da bai informatika arloko goi mailako gradua daukaten pertsonak, bai finantza sistemen programazioan interesa daukaten unibertsitate tituludunak banku core edo core banking izenekora zuzendutako informazio teknologien erabileran espezializatzea. Izen horrek definitzen du finantza erakundeek txikizkako bezeroekin eta enpresa txikiekin dituzten negozioak.

Unibertsitate-Gizarte Fundazioak kudeatzen du prestakuntza programa hori, eta finantza-erakundeek beren informazio sistemak izaten jarraitzeko eta garatzeko ezinbestekoak dituzten profesionalen beharrari erantzun nahi dio. Ikastaroak 331 irakastordu eta ordaindutako praktiken sei hilabeteko aldia (600 € hilabeteko) dauzka. Ondoren, parte-hartzaileak, finantza-erakundeetako informazio teknologiak berritzeko prestakuntza espezifikoa jaso eta gero, prest egongo dira honelako prestakuntza duten profesionalak eskatzen ari diren enpresetan sartzeko.

Jesús Villadangos Alonsok (Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lengoaia eta sistema informatikoen irakasle titularrak) zuzentzen du titulu berekia, eta teknologiaren arloko tituluetan tituludun teknikoak edo goi mailako tituludunak direnei, edo beste titulazio batzuetakoei zuzenduta dago, betiere programazioan esperientzia baldin badaukate, eta, kasua zeinahi dela ere, finantza sistemen programazioan interesa baldin badaukate. Titulurik ez dutenek ere titulu bereki hori egiteko aukera dute, betiere software garapenean edo sistema informatikoen administrazioan esperientzia eta finantza sistemen programazioan interesa badute.

Prestakuntza programa

Finantza Erakundeentako Informazioaren Teknologietan eta Berrikuntzan Diplomaduna tituluaren prestakuntza programa zortzi modulutan banatzen da. Hala, beste gai batzuen artean, interesa dutenei prestakuntza emango zaie hainbat esparrutan. Esaterako, finantza erakundeen egitura, finantza produktuak kudeatzeko informazio sistemak, finantza-erakundeetako informazio sistemetarako garapenaren kudeaketa (COBOL lengoaia, datu baseen diseinua eta proiektuen kudeaketa barne), banku corerako garapena eta finantza-arloko biometria, bai eta zuzendaritza trebetasunak eta gaitasunak ere. Banku corerako funtzionalitate bat garatzeko proiektua eta nahitaezko praktikak ere egingo dira ikastaroan. Nolanahi ere, praktikak egin gabe prestakuntza teoriko/praktikoa jasotzeko aukera dago nahi izanez gero.

Ikastaroko irakasleak unibertsitatekoak eta esparru profesionalekoak dira. Irakaskuntza-aldia urriaren 29an hasi eta 2013ko apirilaren 9an amaituko da, eta praktika-aldia hurrengo urteko maiatzean hasi eta irailean amaituko da.

Interesa dutenek jadanik aukera dute inskripzioa egiteko Unibertsitatearen webgunean (www.unavarra.es), bai eta informazio gehiago eskatzeko ere Unibertsitate-Gizarte Fundazioko Enplegu Arloan (Iruñeko Arrosadiko campuseko Sario eraikinean), edo bestela 948 16 97 70 eta 948 16 98 13 telefono zenbakietara deituz; edo posta elektronikoko mezu bat idatziz helbide honetara: fundacion.formacion@unavarra.es