Joan eduki nagusira

Unibertsitateko Brunet Fundazioak 2012ko Jaime Brunet Sariaren deialdia egin du, giza eskubideen defentsa sustatu eta hedatzeko, eta giza duintasunari lotzen zaizkion eskubideen gainetik jartzen diren egoera eta tratu krudelak edo iraingarriak behingoz amai daitezen laguntzeko. Sariak lan zientifiko bat, literatura lan bat edo ikus-entzunezko lan bat edota giza eskubideak sustatzeko ibilbide bat saritzen du. Hautagaitzak 2012ko irailaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira Unibertsitateko Erregistro Orokorrean, edo bestela fundacion.brunet@unavarra.es posta elektronikoko helbidearen bidez.

Saria ziurtagiri diploma bat eta 36.000 euro dira. Dirua eskudirutan ordainduko da. Saria jasotzeko aukera dute pertsona fisikoek, lan taldeek eta erakundeek edo organismoek, zein den ere beren egoera edo nazionalitatea. Interesdunek berek edo bestelako pertsona edo erakunde batek eskatuta hautagaitzak, espainieraz, euskaraz, frantsesez edo ingelesez aurkezteko modua izango da, Unibertsitateko Idazkaritza Nagusian edo www1.unavarra.es/conocerlauniversidad/fundacion-jaime-brunet webgunean interesdunei emango zaien eredu ofizialean.

Jaime Brunet Fundazioak izendaturiko epaimahai batek aztertuko ditu proposamenak. Epaimahaia Nafarroako Unibertsitate Publikoan bilduko da. 2012ko Brunet Sariaren erabakia abenduaren 10ean aldarrikatuko da, horixe baita Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren urteurrena ospatzeko eguna.

Hamahiru saritu 1998. urteaz geroztik

Saria, 1998an sortua, Brunet Fundazioak ematen du. Erakunde hori Jaime Brunet Romero jaunak sortu zuen, eta haren helburua da giza eskubideak hedatzea, eta beren alde egindako lanarengatik aitorpen hau jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzea. Jaime Brunet jaunak bere ondasun guztia fundazio horri eman zion, eta haren kudeaketa Unibertsitatearen esku utzi zuen. Fundazioan beste pertsonalitate batzuek ere parte hartzen dute.

Lehen edizioan (1998) saria Amnistia Internacional (Espainiako Atala) erakundeari eman zioten. Pierre Sané Amnesty Internationaleko idazkari nagusiak bildu zuen. Hurrengo urteko saritua Akin Birdal jauna izan zen, Turkian giza eskubideen alde lan egiten duten elkarteen sustatzailea. 2000. urtean Cristina Cuesta Gorostidi euskal bakezaleak jaso zuen, eta 2001. urtean Tenzin Gyatso 14. Dalai Lamak. 2002ko saria Kolonbiako Cecilio de Lora eta Carolina Agudelo erlijiosoei eman zieten. Hurrengo urtean, Tim Modise Hegoafrikako kazetariak jaso zuen. 2004. urtean, garapenerako lankidetzan ari den Manos Unidas GKErentzat izan zen. Giza Eskubideen aldeko 2005eko Jaime Brunet Nazioarteko Saria Mercedes Navarro Rodríguezi eman zioten; 2005eko maiatzaren 29an indarkeriaz hil zen Mostar-en (Bosnia-Herzegovina), Medicus Mundi inguru hartan garatzen ari zen hainbat giza laguntza proiektutan logistika lanetan ari zelarik. 2006ko saria El Compromiso fundazioari eman zioten. Aipamen berezia egin zitzaion José María Caballero misiolari xabiertarrari, Sierra Leonako haur-soldaduak babesten egin duen lanagatik. 2007ko deialdiko saritua, hil ondoren, Jon Cortina aita jesulaguna izan zen, El Salvadorreko gerran desagertutako haurrak bilatzeko Pro Búsqueda elkartearen sortzailea. 2008an Jürgen Habermas izan zen saritua, XX. mendearen azken hereneko pentsalari garrantzitsuenetako bat. 2010ean Yoani María Sánchez kazetari eta blogera izan zen saritua. Azkenik, 2011n, Nazioarteko Bake Brigadak GKEari eman zitzaion saria. GKE honek giza eskubideen defentsan eta gatazkak indarkeria ezaren bidez konpontzeko sustapenean lan egiten du.