Joan eduki nagusira

zoom Bi ikertzaile laborategian

Bi ikertzaile laborategian

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako Errektoreordetzak, instituzio honetako Jerónimo de Ayanz I+G Zentroarekin batera, "Ikerketa Finantzatzeko Estrategia Berriak" izeneko jardunaldia antolatu du. Jardunaldia bihar, ekainaren 28an, izango da, 9:00etatik 14:00etara, Iruñeko Arrosadiko campuseko Olibondoak eraikineko Gradu-aretoan. Jardunaldiaren helburua da unibertsitateko ikertzaileei ikuspegi berritzaileak eskaintzea, denboran iraunkorra den ikerketa-estrategia bat zehazteko lagunduko dietenak.

Jardunaldiak erantzuna eman nahi dio gaurko krisi ekonomikoaren egoerari. Testuinguru honetan, herrialde askotan murrizten ari dira ikerketari eskaintzen zaizkion diru-funtsak, eta, aldi berean, unibertsitatearen eremuan ikerketari heltzen zaion modua aldatzen ari da. Paradigma aldaketa baten aurrean gaude, beraz, eta unibertsitate ikerketarako finantzabide berriak bilatzeaz gain, denboran zehar egonkorra edo jasangarria izango den jarduera mantentzeko aukera emango duten estrategiak garatu behar dira, eta oinarrizko ikerketa inguru produktibo eta sozialean orekatu.

Jardunaldia unibertsitateetako, zentro teknologikoetako eta enpresetako ikertzaileei, ikerketa-kudeatzaileei eta ekintzaileei zuzentzen zaie. Bertan berrogeita bost minutuko bost ponentzia izango dira. Horietako bakoitzean, adituek aztertuko dute nola dagoen, gaur egun, ikerketaren finantzaketa, izan den diru-funts publikoen murrizketarekin, eta nola paradigma berriek estrategia berriak eskatzen dituzten.

Crowdfunding-a, babesletza eta kapital-arriskua

Alfonso Carlosena García, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordea, arduratuko da jardunaldia aurkezteaz. Javier González Sabaterrek emango du lehen hitzaldia, izenburu honekin: “Investigadores Start-up”. González Sabater teknologia transferentziaren eta unibertsitate-enpresa harremanen aholkularia da. The Transfer Institute transferentzia eta I+G+b institutua sortu du.

10:00etan “Transferencia del conocimiento: modelo empresarial” izenburuko hitzaldia emango du José Manuel Pérez Arce, Univalueko zuzendari kudeatzaileak. Unibertsitateen G-9 taldeak sortu zuen unibertsitate teknologiak eta patenteak balioestea eta merkaturatzea xedetzat duen enpresa da Univalue.

Ana Fernández Zubietak, 10:45ean, “Crowdfunding de proyectos de investigación” izenburuko hitzaldia emango du. Fernández Zubieta ikertzailea da, eta esperientzia luzea dauka, hainbat herrialde europar eta latinoamerikarretan egon delako ikertzen. Halaber, Vorticex ikerketa proiektuen crowdfunding eta crowdsourcing konpainiaren fundatzailea da, eta Europako Batzordearen Institute for Prospective Technological Studies (IPTS-JRC) institutuan lan egin izan du.

Ondoren José Antonio Mesa mintzatuko da. Caixa Capital Risc-eko inbertsio-zuzendaria da Mesa, eta bere hitzaldiaren gaia hauxe izango da: “Capital de riesgo: La investigación puesta en valor”. Hizlari hau zortzi urtetik gora aritu da inbertsio aukeren analisian, eta espezializatua dago bioteknologia eta medikuntza-gailuetako inbertsioetan, eta konpainien sorreretan eta hasierako etapetan.

Azken hitzaldia 12:45ean izango da, Catalina Parra Bañoren kontura, eta honako izenburu hau edukiko du: “Mecenazgo, una vía por explorar”. Catalina Parra Industria ingeniaria Hazloposible Fundazioaren lehendakaria eta sortzailea da, eta Philantropic Intelligence-tik filantropiaren gaineko aholkularitza estrategikoa eta ikerketa egiten du.

Jardunaldia bukatzeko, goizean zehar azaleratu eta adierazi diren auziei buruzko ordu erdiko eztabaidarekin amaituko da.