Joan eduki nagusira

zoom Ezkerrik eskuinera, Daniel Narro, Pedro Burillo, Isidro Zabalza eta Antonio Lumbreras

Ezkerrik eskuinera, Daniel Narro, Pedro Burillo, Isidro Zabalza eta Antonio Lumbreras

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (TIIGMET) bere bost irakasle omendu ditu erretiroa hartu dutelako. Pedro Burillo López, Blas Hermoso Alameda eta Antonio Lumbreras Azanza unibertsitateko katedradunak, Isidro Zabalza Villava unibertsitateko irakasle titularra eta Daniel Narro Bañares Unibertsitate Eskolako irakasle titularra dira.

Ekitaldian omenduak izan dira (Blas Hermoso izan ezik, ezin etorria adierazi baitu Iruñetik kanpo dagoelako) eta Ignacio Matías Maestro Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria. Azken honek eskerrak eman dizkie urte hauetan egindako irakaskuntza eta ikerketa lanagatik, eta oroitzapenezko plaka bana eman die beste opari batzuen artean. Parte-hartzaile hauei gehitu egin zaizkie TIIGMETeko eta erretiroa hartu duten irakasleen sail hauetako lankideak: Automatika eta Konputazioa (Pedro Burillo), Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa (Blas Hermoso eta Antonio Lumbreras) eta Mekanika, Energetika eta Materialen ingeniaritza (Isidro Zabalza eta Daniel Narro).

Erretiroa hartu duten irakasleak, lankideak inguruan dituztelaPedro Burillo López (Zaragoza, 1945) Konputazioren Zientziak eta Adimen Artifizialeko katedraduna da Nafarroako Unibetsitate Publikoan 1988az geroztik. Nafarroako Gobernuak eskatuta etorri zen unibertsitatera, erakundea abian jartzeko zereginarekin, eta hasiera batean, 1991ra arte, Batzorde Kudeatzaileko lehendakari eta behin-behineko errektore karguak bete zituen. 2003ean errektore aukeratu zuten, eta lau urteko agintaldia agortu arte, 2007ra arte, egon zen karguan.

Burillo jarraitutasunez aritu da Unibertsitateko irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa lanean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteria kontseilari izan zenean hartu zuen eszedentzia-aldian izan ezik (1995-1996).

Pedro Burillok Kordobako Unibertsitateko Atxikitza erdietsi zuen (1977), eta hurrengo urtean katedra Valentzian. Hango Nekazaritza Ingeniarien Eskolan bost urte eman zituen, eta zuzendariorde karguan aritu zen. Hurrengo bost urteetan bere katedradun postuan aritu zen Alcalako Unibertsitatean, eta han Irakasleen Gaietarako errektoreordea izan zen.

Burilloren ikerketa jarduera arrazonamendu hurbilean eta logika lausoan oinarritu da, ehun bat argitalpenen egilea da eta hainbat biltzarretan parte hartu du.

Blas Hermoso Alameda (Kordoba, 1942), Ingeniaritza Elektrikoko katedradunak 1969an amaitu zituen Industria Ingeniaritzako ikasketak, Industria Elektrizitatea espezialitatean. Madrilgo Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan egin zituen ikasketak. 1995an, doktore titulua erdietsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

1970etik 1988ra bitartean, Blas Hermoso ingeniari aritu zen Kordoban, Westinghouse enpresan, potentzia transformadoreen atalean. 1990ean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi zen, irakasle elkartu gisa, eta gero Unibertsitate Eskolako irakasle titularra, Unibertsitateko irakasle titularra (1997) eta Unibertsitateko katedraduna izan zen (2001).

Egun, CIGREko (Sare Elektriko Handien Nazioarteko Kontseilua) Espainiako Batzordeko ordezkaria da, tximistei buruzko taldean, eta hainbat erakundetako kidea. Esaterako, AENOReko kidea (Normalizaziorako Espainiar Elkartea), tximistaren aurka babesteko lan-taldean eta aerosorgailuen lan-taldeetan.

Horretaz gainera, hainbat enpresarekin egindako ikerketa proiektuen arduraduna izan da, hala nola EHN, Gamesa Eólica, Iberdrola, MTorres Diseños Industriales, Renfe eta Adif. 40tik gora artikuluren egilea da nazioko eta nazioarteko aldizkarietan eta biltzarretan, eta aerosorgailuetan tximisten aurka babesteko nazioarteko patente bat dauka MTorrres Diseños Industriales enpresarekin.

Antonio Lumbreras Azanza (New York, 1947), Teknologia Elektronikoko katedraduna Industria Ingeniaritzan graduatu (1972) eta doktoretza lortu zuen (1974) Madrileko Unibertsitate Politeknikoan. Hasiera batean, industrian aritu zen lanean, lehendabizi Isodel Sprecher enpresan (1971-1974), eta bertan potentzia-elektronikan espezializatu zen. Gero, Westinghouse Nuclear Españolan (1975-1989) hasi zen, eta enpresa hartan Instrumentazio eta Kontrol ingeniari lan egin zuen Zorita (Guadalajara), Almaraz (Caceres), Ascó eta Vandellós II (biak Tarragonan) zentral nuklearretan.

Aldi berean, Antonio Lumbreras irakasle lanetan aritu zen Madrileko Unibertsitate Politeknikoko Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan, eta unibertsitate hartako irakasle atxikia izan zen 1981etik 1989ra arte.

1989an, Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi zen lehendabizi, Unibertsitateko irakasle titular gisa, eta 1990az geroztik, Unibertsitateko katedradun gisa. Erakunde honetan irakaskuntza kudeaketako kargu batzuk izan ditu, TIIGMETeko zuzendaria (1990-1996) eta, beste organo batzuen artean, Batzorde Kudeatzaileko, Klaustro Eratzaileko eta Gobernu Batzordeko kidea izan baita.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan garatu dituen ikerketa lerroak lotuta daude metrologia elektrikoarekin, ekipo elektronikoen fabrikazioarekin eta zientzia eta teknologia garapenaren historiarekin.

Isidro Zabalza Villava (Makirriain -Ezkabarte ibarra-, Nafarroa, 1946), Unibertsitateko irakasle titularra, Bartzelonako Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan lortu zuen Industria Ingeniari titulua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan lortu zuen doktoretza titulua (1999) egitura paraleloko robotei buruzko tesi batekin.

22 urtean eta 1989ra arte, Isidro Zabalza industrian aritu zen lanean. 1990ean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi zen irakasle elkartu gisa, eta 1993ean, oposizioaren bidez, Unibertsitate Eskolako irakasle titular izateko lanpostua lortu zuen, eta 2003an Unibertsitateko irakasle titular izateko lanpostua. Azken 22 ikasturteetan, Ingeniaritza Mekanikoko arloan eman ditu eskolak.

Daniel Narro Bañares (Manzanares de Rioja, Errioxa, 1943), Unibertsitateko irakasle titularra, lehendabizi Lehen Irakaskuntzako irakasle titulua lortu zuen (1961) eta gero ingeniari tekniko titulua (1964) eta industria ingeniari titulua (1971).

1972tik 1991ra bitartean, ingeniari lanbidean bere kontura aritu zen bulego batean. Aldi berean, bere irakaskuntza-jarduerari ekin zion, eta 1972tik 1989ra arte Sarioko Unibertsitate Eskolako irakaslea izan zen. Garai hartan, Nafarroako Unibertsitatearen mende zegoen eskola. Gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi zen lanean: lehendabizi, irakasle elkartu aritu zen (1989-1992), eta gero Unibertsitate Eskolako irakasle titular lanpostuan lan egin zuen (1992az geroztik).

Daniel Narro “Cálculo mecánico de líneas eléctricas de alta tensión” (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) eta “Prevención de riesgos laborales en montaje de estructuras metálicas” (Osasunbidea) liburuen egilea da, eta, Unibertsitateko OTRIren bidez (Ikerketa Emaitzak Bestetaratzeko Bulegoa), egitura metalikoak diseinatzeko, kalkulatzeko eta aholkatzeko lanak egin ditu Nafarroako hainbat enpresarentzat.