Nafarroako Unibertsitate Publikoak 15 titulu bereki eskainiko ditu datorren ikasturtean. Master, aditu, diplomadun edo espezialista tituluak izango dira, eta horietako bi berriak dira: Diplomaduna Informazioaren Teknologietan eta Finantza Entitateen Berrikuntzan, eta Aditua Gizarte Lanean Espezializatutako Ikerketan. Inskripzio-epea irekita dago eta eskolak urrian hasiko dira. Ekonomia, finantza-kudeaketa, euskal ikasketak, zuzenbidea edo giza eta gizarte zientziak dira titulu bereki hauen jakintza-arloetako batzuk. Zenbait kasutan praktikak ordaindu egingo dira. Infomazio guztia hemen dago ikusgai: www.unavarra.es.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren titulu berekien eskaintzak bi helburu ditu: batetik, unibertsitateko tituludunen eta gazte profesionalen gaitasunak eta trebetasunak bultzatzea lan merkatuan sartzeko edo beren titulazioari egokitutako lanpostua edukitzeko; eta bestetik, enpresek eta administrazioek beren beharretara egokitutako pertsonal kualifikatua edukitzea.
Aipatu ditugun bi tituluez landa, honako hauek dira 2012-13 ikasturtean eskaintzen diren titulu berekiak: Espezialista Kudeaketa Publikorako Zuzenbidean; Espezialista Nafarroako Zuzenbide Pribatuan; Espezialista Eusko Ikaskuntzetan: Giza, Gizarte eta Natura Zientziak; Espezialista Nazioarte Inguruko Enpresetako Prestakuntza Praktikoan; Aditua Arnasketa Fisioterapian; Diplomaduna Ijito Komunitatearekiko Esku-hartze sozialean; Espezialista Erlijio Katolikoan; Aditua Banku Zuzendaritzan eta Finantzetan; Aditua Generoan; Aditua Inmigrazioan eta Gizarte Esku-hartzean; Aditua Esku-hartze Sozialean Familiekin, Haurrekin eta Nerabeekin; Masterra Nazioarteko Merkataritzako Zuzendaritzan; eta Masterra Nazioarteko Merkataritzan.
Praktika ordainduak eta on-line modalitatea
Aipatu tituluetako bitan bermatuta dago praktikak ordaindu egingo direla. Hauek dira titulu horiek: Diplomadun Titulu Berekia Informazioaren Teknologietan eta Finantza Entitateen Berrikuntzan eta Aditua Banku Zuzendaritza eta Finantzetan. Beste hiru hauetan praktikak derrigorrezkoak dira: Nazioarteko Merkataritza Zuzendaritzako Masterra - Master of International Trade (honetan batzuetan ordaintzen dira), Aditua Arnasketa Fisioterapian eta Espezialista Nazioarte Inguruko Enpresetako Prestakuntza Praktikoan.
Beste alde batetik, hiru titulu bereki interneten bidez egin daitezke. Honako hauek dira: Diplomaduna Ijito Komunitatearekiko Esku-hartze sozialean; Espezialista Nafarroako Zuzenbide Pribatuan eta Aditua Eusko Ikaskuntzetan: Giza, Gizarte eta Natura Zientziak. Zuzenbide Pribatua Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin lankidetzan eskainiko da. Bestalde, Aditua Eusko Ikaskuntzetan izeneko titulu berekia abian jarri da Euskal Herriko Unibertsitatearen, UHUNen eta Eusko Ikaskuntzaren arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez.
Beste alde batetik, Espezialista Kudeaketa Publikorako Ekonomian Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin (NAPI) lankidetzan diseinatu da halaber, eta Nafarroako administrazioetako langileei zuzenduak daude.
Finantza erakundeek eskatzen duten prestakuntza
Datorren ikasturteko eskaintzan dagoen berrikuntzarik garrantzizkoenetakoa honako hau da: Diplomaduna Informazioaren Teknologietan eta Finantza Entitateen Berrikuntzan. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Berrikuntzako eta Teknologia Aplikatuetako Nafarroako Institutu Zientifikoa S.L. (BTANIZ-INCITA) erakundearekin batera, prestakuntza programa bat diseinatu du. Programaren helburua da informatika arloko goi mailako graduko pertsonak eta finantza-sistemen programazioan interesa daukaten unibertsitate-tituludunak finantza-erakundeen core banking delakora bideratutako informazio-teknologietan espezializatzea.
Programa honek erantzun nahi die finantza-erakundeen beharrei, hauek behar izaten baitituzte informazio-sistemak mantendu eta bilakaraziko dituzten profesionalak. Ikastaroak 331 irakastordu eta ordaindutako praktiken 6 hilabeteko aldia (600 € hilabeteko) dauzka. Ondoren, parte-hartzaileak, finantza-erakundeetako informazio teknologiak berritzeko prestakuntza espezifikoa jaso eta gero, prest egongo dira honelako prestakuntza eskatzen ari diren enpresetan sartzeko.
Gizarte ikerketa
Datorren ikasturteko bigarren berrikuntza beste titulu hau da: Adituaren Titulu Berekia Gizarte Lanean Espezializatutako Ikerketan. Titulu honek maila aurreratuko ikerketa teknika eta metodoetan sakontzeko aukera ematen du. Honela, ibilbide honetatik joango diren ikasleek behar dituzten tresna metodologikoak eskuratuko dituzte ikerketak eta doktoretza tesiak egiteko, gizarte lanaren alorrean. Titulu honetan sartzeko lehentasuna edukiko dute Unibertsitate Masterra Esku-hartze Sozialean Gizabanakoekin, Familiekin eta Taldeekin masterretik datozen ikasleak.