Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak biharko, asteazkena, ekainak 20, hitzaldi bat antolatu du, honako izenburu hau duena: "Zer gertatu zitzaien gure aurrezki kutxa arrakastatsuei?". Antoni Serra i Ramoneda Caixa Catalunyako lehendakari ohi eta “Los errores de las cajas” liburuaren egileak eskainiko du hitzaldia. Hitzaldia 11:00etatik aurrera eskainiko da Nicolás Oresme aretoan (Gurbitzak eraikineko beheko solairuan).

Antoni Serrak “Los errores de las cajas” (Viena Argitaletxea) bere azken liburuan aurrezki kutxekin zer gertatu den ulertzeko gakoak azaltzen ditu; izan ere, aurrezki kutxak espainiar finantza sistemaren muina baitira, beraien kontrolpean baitaude gordailu eta hipoteken erdiak. Egilea argi eta garbi mintzatzen da kutxek izan duten eraldaketa sakonari buruz, eta lurrikararen ondoren haien egoera zertan den azaltzen du.

Horregatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko hitzaldian, erretiroa hartu arte Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko katedradun izan zenak kutxei buruzko galdera askoren erantzunak emango ditu: jasaten ari diren lurrikara nola hasi zen; burbuila inmobiliarioan izan duten inplikazioa izan ote den egoeraren azken eragilea; zer gertatuko den orain beren lan sozialarekin; zer erantzukizun duten horretan politikariek, egiteagatik zein ez-egitegatik; aurrezki entitateen berregituratzea kudeatzeko sortutako FROBen (Fondo de Reestructuración Ordenada Bancaria) kreditu guztiak itzuliko ote diren, eta, hala ez bada, zer gertatuko zaien kaudimengabeko kutxei; norbaitek erantzungo ote duen kontu-hartutako kutxen gaineko kudeaketa txarragatik; eta, azkenik, ezusteko gehiago egongo ote den.


Datu biografikoak


Antoni Serra i Ramoneda (Bartzelona, 1933), ehungintza enpresa baten jabea den familia batean jaioa, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko fundatzaileetako bat izan zen, bertan egin zen katedradun eta errektore izan zen 1980 eta 1985. urteen artean. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1960), antzinako Caixa de Pensions kutxako kontseilaria izan zen Caixa de Barcelonarekin fusionatu aurretik, eta Caixa Catalunyako lehendakaria izan zen hogei urte baino gehiagotan, 1984ko azarotik 2005eko martxora bitartean. Gainera, Catalunyako Unibertsitate Sistemaren Kalitaterako Agentziaren lehendakaria izan da. Gaur egun, Catalunyako Arbitraje Auzitegi Teknikoko eta Tribuna Barcelona iritzi foroko lehendakaria da.

Antoni Serrak sari eta aitorpen ugari jaso ditu, esaterako, Narcís Monturiol saria Catalunyako Generalitateko merezimendu zientifiko eta teknologikoari, Catalunyako Generalitateko Sant Jordi Gurutzea, Bartzelonako Udalaren Domina Merezimendu Zientifikoari, eta Chevalier de l’Ordre National du Mérite Frantzian. Gaur egun, irakasle emeritua da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Enpresaren Ekonomia Sailean.