Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko irakaslea eta Justizia eta Bakea erakundeko burua den Arcadi Oliveresek irekiko ditu, gaur arratsaldean, "Hiritartasuna krisi garaian. Errealitateak, erronkak eta ematen ahal diren erantzunak" izeneko jardunaldiak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedrak antolatu ditu jardunaldiak, gogoeta egiteko, adituen laguntzarekin, krisiaren ondorio ekonomiko, sozial eta politikoei buruz, eta aurkezten diren aukerak aztertzeko.
Zikloa ekainaren 18, 19 eta 20an egingo da, Sario eraikineko Fernando Remacha ikasgelan. Zikloa publikoari irekita dago eta ez da izenik eman behar. Programa osoa NUPen web-orrialdean dago ikusgai: http://www1.unavarra.es/actualidad/congresos
Gaurko hitzaldia 18:00etan izango da. Hitzaldian, Oliveresek beste mundu baten alde egin behar dela adieraziko du, eta beharrezkoa dela beste eredu sozial eta ekonomiko bat, espekulazio finantzarioa galarazteko, garapenerako lankidetza berriz pentsatzeko eta deshazkundea bezalako eredu alternatiboak bultzatzeko. Oliveres aditua da gai hauetan: iparra-hegoa harremanak, nazioarteko merkataritza, kanpoko zorra eta defentsa-ekonomia. Horretaz aparte, garapenerako lankidetzarekin zerikusia duten gaiei buruzko eskolak ematen ditu. Gizarte mugimenduekin eta mugimendu kristauekin lankidetzan ibiltzen da, baita elkartasunezko beste hainbat argitalpenekin ere.
Bigarren hitzaldiaren izenburua honako hau da: "Beste ekonomia bat. Beste bizimodu bat krisitik ateratzeko". Juan Torres Lópezek zuzenduko du hitzaldia, bihar arratsaldean. Torres Sevillako Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko katedraduna da, eta Hiritarrei Laguntzeko Finantza-transakzioei Tasa bat jartzearen aldeko Elkarteko Zientzia Kontseiluko kidea da.
Miguel Laparrak itxiko du zikloa. Laparra NUPeko Gizarte Laneko Saileko zuzendaria, eta Berdintasunerako eta Gizarteratzeko Ikerketa Zentroko zuzendaria da. Laparrak, ekainaren 20an, asteazkenean, Nafarroako desberdintasun, pobrezia eta gizarte-bazterketari buruzko lehen txostena aurkeztuko du. Txostenean krisiak 2007-2011 epean eduki duen eragina aztertzen da.