Unibertsitatean 2012-2013 ikasturterako ohiko aurreinskripzioa egiteko epea astelehen honetan, ekainaren 18an, hasiko da, eta hurrengo asteartean, ekainaren 26an, bukatuko da. Egun horietan, ikasleek ikaspostua eskatuko dute www.unavarra.es webgunearen bidez Unibertsitatean ematen diren 18 graduetako edozeinetan, eta ikasi nahi duten edo dituzten karrerak adierazi beharko dituzte lehentasun ordenaren arabera. Epea astelehenean, hilaren 18an, 9:00etan irekiko da eta ekainaren 26an, 14:00etan, itxiko da. Asteburuan (ekainaren 23 eta 24an ez da aurreinskripziorik egingo).
Aurreinskripzioa orain egiten duten ikasleek lehentasun hurrenkeraren arabera jarriko dituzte hurrengo ikasturtean matrikulatu nahi dituzten lau titulazio gehienez ere. Bestalde, apirilean irekitako prozesuan aurreinskripzioa egin zuten ikasleek ez dute berriz aurreinskripzioa egin behar, baina aurkeztu zuten eskaeran aldaketak egiteko aukera izango dute.
Eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea ere ekainaren 26an amaituko da, bai apirilean aurreinskripzioa egiten dutenentzat bai ekainean egiten dutenentzat. Hautaprobak Nafarroan egin dituzten Batxilergoko ikasleek ez dute dokumentazioa aurkeztu behar, ez bada Nazioarteko Programetako baterako ikaspostua eskatzen dutela.
Apirilean edo ekainean aurreinskripzioa egindako ikasle onartuen lehenengo zerrenda uztailaren 5ean jarriko da jendaurrean, eta ikaspostua lortzen dutenek uztailaren 17 eta 18an egin beharko dute matrikula unibertsitatearen web-orrialdean jakinaraziko den hurrenkeran eta eran. Uztailaren 19 eta 20an ohiz kanpoko aurreinskripzioa egiteko epe berri bat irekiko da. Kasu honetan, ohiko epeko eskaerak tramitatu eta gero, ikaspostu hutsak dauzkaten titulazioetarako.
18 graduren eskaintza
Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2012-13 ikasturtean 18 gradu eskainiko ditu guztira. Horietatik hiru, heldu den ikasturtean abian jarriko diren ingeniaritza berriak dira. Zehatz esanda, honako hauek dira: Gradua Ingeniaritza Mekanikoan eta Gradua Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoan. Bi hauek orain arte Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (TIIGMET) eskaintzen zuen Ingeniaritza Elektromekaniko Gradua ordezkatuko dute. Gainera, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMET) Elikagai Prozesuen eta Produktuen Berrikuntza Gradua ezarriko du. Unibertsitateen Kontseiluak aldeko egiaztapena eman behar die hiru titulazio berriei, eta ondoren, Nafarroako Gobernuak baimena.