Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedrak jardunaldi batzuk antolatu ditu. Bertan zenbait adituk gogoeta egingo dute krisiaren ondorio ekonomiko, sozial eta politikoei buruz, eta dauden alternatibak aztertuko dituzte. Zikloaren izenburua honako hau da: "Hiritartasuna krisi garaian. Errealitateak, erronkak eta ematen ahal diren erantzunak". Ekainaren 18, 19 eta 20an egingo da, Sario eraikineko Fernando Remacha ikasgelan.

Egungo krisiak zuzenean eragiten diguten hurbileko agerpenak ditu, baina litekeena da hurbiltasun horrek ez uztea ikusten bere norainokoa, eta, batez ere, bere sakontasuna eta auzitan jartzen dituen oinarriak. Krisi honen zenbait ondorio sozio-ekonomiko hasi dira ikusten, esaterako behin-behinekotasunaren edo langabeziaren igoera, soldaten izoztea eta gizarte-murrizketak. Baina nekez entzuten dira krisiaren egiazko neurriak eta krisiak ezbaian jartzen dituen "egiak" kontuan hartzen dituzten analisiak eta informazioak.

NUPeko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco katedrak krisiaren ikuspegi horiek landu nahi ditu zenbait saiotan, giltzarri batzuk eskainiz krisia hobeki ulertzeko eta hari emango zaion erantzuna hiritartasunaren eta bizikidetzaren printzipioei estuago lotzeko. Zikloa publikoari irekita dago eta ez da izenik eman behar. Programa osoa hemen dago ikusgai: http://www1.unavarra.es/actualidad/congresos

Lehen hitzaldia astelehenean izango da, ekainaren 18an, 18:00etan, eta bertan Arcadi Oliveres mintzatuko da. Oliveres Justizia eta Bakea erakundeko burua da, eta Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko irakaslea. Bere hitzaldian, Oliveresek beste mundu baten alde egin behar dela adieraziko du, eta beharrezkoa dela beste eredu sozial eta ekonomiko bat, espekulazio finantzarioa galarazteko, garapenerako lankidetza berriz pentsatzeko eta deshazkundea bezalako eredu alternatiboak bultzatzeko.

Bigarren hitzaldiaren izenburua honako hau da: "Beste ekonomia bat. Beste bizimodu bat krisitik ateratzeko". Juan Torres Lópezek zuzenduko du hitzaldia. Torres Sevillako Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko katedraduna da, eta Hiritarrei Laguntzeko Finantza-transakzioei Tasa bat jartzearen aldeko Elkarteko Zientzia Kontseiluko kidea da. Hitzaldia ekainaren 19an, asteartean, izango da, eta oraingo krisi ekonomikoaren arrazoiak aztertuko ditu. Bere ustez, krisia ekarri duten arrazoiek ez dute zerikusia finantza merkatuekin bakarrik, baizik eta gure gizarteen funtzionamendu globalarekin, naturarekin daukagun harreman-motarekin eta are gure bizitzeko moduarekin ere.

Hirugarren eta azken hitzaldia Miguel Laparrak emango du. Laparra NUPeko Gizarte Laneko Saileko zuzendaria, eta Berdintasunerako eta Gizarteratzeko Ikerketa Zentroko zuzendaria da. Laparrak, ekainaren 20an, asteazkenean, Nafarroako desberdintasun, pobrezia eta gizarte-bazterketari buruzko lehen txostena aurkeztuko du. Txostenean krisiak 2007-2011 epean eduki duen eragina aztertzen da.