Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Rafael Cabeza Laguna, Leonardo De Maeztu Reinares, Arantxa Villanueva Larre, Juan José Cerrolaza Martínez eta Mikel Ariz Galilea ikertzaileak.

Ezkerretik eskuinera, Rafael Cabeza Laguna, Leonardo De Maeztu Reinares, Arantxa Villanueva Larre, Juan José Cerrolaza Martínez eta Mikel Ariz Galilea ikertzaileak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Biomedikoko ikerketa taldeko zenbait kide lanean ari dira "Begiradaren jarraipenean oinarritzen diren ordenagailuen interfazeen unibertsalizazioa" izeneko proiektuan. Helburua da garatzea gailu merkeagoa, bereizmen handikoa eta orain arte mota horretako sistemekin lortutakoa baino zehaztasun handiagokoa. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatua dago proiektua eta Copenhagueko IT Unibertsitatearekin lankidetzan garatzen ari da. Egiteko epea, hiru urtekoa, 2012ko amaieran bukatzen da; hala ere, beste ikerketa lerro bat ireki da eye tracking (begiradaren jarraipena) sistema kanpoaldeetara zabaltzeko.

Funtsean, begirada jartzen den puntua (begira gauden puntua) ebaluatzeko aukera ematen duen prozesu bat da eye tracking. Proiektuaren ikertzaile nagusiak, Arantxa Villanueva Larrek, dioenez, orain arte eye tracking sistemen aplikazioak nahiko mugatuak ziren, eta gehienbat desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko erabiltzen ziren: eye tracking sistemak bidea ematen du ordenagailuaren teklatua eta sagua ordezteko, pantailaren zein aldetara begira ari garen atzematen duen sistema batekin, eta begia kliskatuz edo begirada denbora batean ezarriz, ordenagailuaren kurtsorearekin elkarreraginean jarduteko. "ELA (albo esklerosi amiotrofikoa) duten gaixoekin erabiltzen da; izan ere, adimenez gaitasuna duten baina mugitzeko ezintasuna duten pertsonak, zeren gaixotasunaren azken faseetan ere begien mugimendu kontrolatuari eusten baitiote", azaldu du.

Halaber, merkatu ikerketetan eye tracking sistema erabiltzen da (jakitea zein produktutan jartzen duen arreta pertsona batek supermerkatu batean dabilenean, jakitea nola irakurtzen duen web-orrialde bat, eta zein unetan jartzen duen arreta, e.a.). "Azken urteotan teknologia honen garapen zabalagoa egon da, eta beste aukera batzuk aztertzeko aukerak zabaltzen ari dira: bideojokoetarako aplikazioetatik, kanpo sistemetaraino, esaterako, laguntza ibilgailuak gidatzeko".

Kostu txikiagoa eta zehaztasun handiagoa

Badira eye tracking sistemak hainbat enpresak merkaturatuak, hardware oso zehatza eta zehaztasun handiko emaitzak lortzen dituztenak, baina beren prezioak hain dira handiak eta funtzionatzeko eskakizunak hain zorrotzak, ezen zailak baitira etxeko inguru batean aplikatzeko. "Gure proiektuaren ideia —dio Villanueva irakasleak— kostu txikiko eye tracking egitea da, erabiltzaileak instalatu ahal izatea softwarea bere gailuan eta ohiko web kamera bat erabiltzea, argiztatzaile gehigarririk gabe eta optika oso garestiaren beharrik gabe".

Proiektuan jarduten duten NUPeko ikertzaileen taldea honako hauek osatzen dute: Arantxa Villanueva Larre, Rafael Cabeza Laguna, Sonia Porta Cuellar, Juan José Cerrolaza Martínez, Laura Sesma Sánchez, Mikel Ariz Galilea Leonardo De Maeztu Reinares eta Victoria Ponz Sarvise. Aurkitu dituzten arazoak hain zuzen ere optikarekin eta irudiak atzemateko gailuekin lotuak daude. "Web kamera arrunt batekin jarduten duzunean, irudia ez da hain kalitate handikoa, eta begi-ninia atzematea zailagoa da. Esaterako, irisaren erdigunea kalkulatuta daukagu praktikoki, baina eragiketa eta kalkulu multzo oso bat berregin behar dugu, zehazteko pantailaren zein puntutara ari den begira erabiltzailea".

Proiektuaren esparruan ehundik gora erabiltzaile dituen datu base bat prestatu dute —hainbat puntutara begira zeudela grabatu dituztenak— eta proba banku eta erreferentzia gisa erabiliko da. "Era berean, hainbat algoritmo garatu behar ditugu, eta atzeman nola eragiten duten buruaren kokapenak eta ikusmen angeluak, zeren emaitza horiek funtsezkoak izango baitira begiradaren jarraipen zehatza lortzeko. Adibidez, begien ertzak atzemateko algoritmoetan emaitza onak lortu ditugu begiaren kanpoko ertzari dagokionez, emaitzak ez hain onak badira ere barneko ertzean atzematen saiatzen garenean".

Gainera, beren ikerketan zehar proiektuaren taldeak beste helburu bat ere ezarri du: eye tracking sistema zabaltzea kanpoaldeetara eta hainbat ingurutan izan ditzakeen aplikazioak aztertzea, esaterako, ibilgailu batean. "Probak egin ditugu kanpoaldeetan grabatutako bideoekin, eta lortutako emaitzek ildo horretatik jarraitzeko animatzen gaituzte. Ibilgailuen kasuan, zailtasun handienetako bat da kanpoko argiztatze maila etengabe aldatzen dela, eta hori funtsezkoa da irudiak aztertu nahi direnean. Hala ere, irisaren erdigunea finkatzea lortu dugu, baina ikusteko dago begia zein puntutara begira dagoen".

Ikertzaileek uste dute lerro honek emaitza asebetegarriak sorraraziko balitu, aukera berriak zabalduko liratekeela: "Pentsa gidatzen ari zarela eta irudi kopuru jakin batean sistemak ez dituela zure begiak atzematen. Kasu horretan alarma bat aktibaraz genezake, ulertuko genuelako ez zaudela aurrera begira edo zerbait gertatu zaizula. Mota horretako aplikazioez ari gara, ibilgailuaren edo kanpoaldearen zein aldera begira ari zaren zehaztasunez atzemateko aukera ematen duten sistemez, gero informazio hori erabili ahal izateko".