Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako Errektoreordetzak, Jerónimo de Ayanz I+G Zentroarekin batera, "Ikerketa Finantzatzeko Estrategia Berriak" izeneko jardunaldia antolatu du. Jardunaldia datorren ekainaren 28an izango da, 9:00etatik 14:00etara, Arrosadiko campuseko Olibondoak eraikineko Gradu-aretoan. Jardunaldiaren helburua da unibertsitateko ikertzaileei ikuspegi berritzaileak eskaintzea, denboran iraunkorra den ikerketa-estrategia bat zehazteko lagunduko dietenak.
Jardunaldiak erantzuna eman nahi dio gaurko krisi ekonomikoaren testuinguruari. Testuinguru honetan, herrialde askotan murrizten ari dira ikerketari eskaintzen zaizkion diru-funtsak, eta, aldi berean, unibertsitatearen eremuan ikerketari heltzen zaion modua aldatzen ari da. Paradigma aldaketa baten aurrean gaude, beraz, eta unibertsitate ikerketarako finantzabide berriak bilatzeaz gain, denboran zehar egonkorra edo jasangarria izango den jarduera mantentzeko aukera emango duten estrategiak garatu behar dira, eta oinarrizko ikerketa inguru produktibo eta sozialean orekatu.
Jardunaldira joatea doakoa da, baina postuak mugatuta daude. Beraz, izena ematen den ordenaren hurrenkeran esleituko dira. Izen ematea jardunaldiaren web-orrialdean eskaintzen den inprimakiaren bidez egingo da: www1.unavarra.es/financiarlainvestigacion.
Jardunaldia unibertsitateetako, zentro teknologikoetako eta enpresetako ikertzaileei, ikerketa-kudeatzaileei eta ekintzaileei zuzentzen zaizkie. Bertan berrogeita bost minutuko bost ponentzia izango dira. Horietako bakoitzean, adituek aztertuko dute nola dagoen, gaur egun, ikerketaren finantzaketa, izan den diru-funts publikoen murrizketarekin, eta nola paradigma berriek estrategia berriak eskatzen dituzten.
Crowdfunding-a, babesletza eta kapital-arriskua
Alfonso Carlosena García, Ikerketako errektoreordea, arduratuko da jardunaldia aurkezteaz. Javier González Sabaterrek emango du lehen hitzaldia, izenburu honekin: “Investigadores Start-up”. González Sabater teknologia transferentziaren eta unibertsitate-enpresa harremanen aholkularia da. The Transfer Institute transfrentzia eta i +I + G institutua sortu du.
10:00etan José Manuel Pérez Arcek hitz egingo du. Hau Univalueko zuzendari kudeatzailea da, eta emango duen hitzaldiaren izenburua honako hau da: “Transferencia del conocimiento: Modelo empresarial”. Univalue G-9 Unibertsitate Taldeak sortu duen enpresa bat da, eta unibertsitate teknologiak eta patenteak balioestea eta merkaturatzea du xedea.
Ana Fernández Zubietak, 10:45ean, “Crowdfunding de proyectos de investigación” izenburuko hitzaldia emango du. Fernández Zubieta ikertzailea da, eta esperientzia luzea dauka, hainbat herrialde europar eta latinoamerikarretan egon delako ikertzen. Halaber, Vorticex ikerketa proiektuen crowdfunding eta crowdsourcing konpainiaren fudatzailea da, eta Europako Batzordearen Institute for Prospective Technological Studies (IPTS-JRC) institutuan lan egin izan du.
Ondoren José Antonio Mesa mintzatuko da. Mesa Caixa Capital Risc-eko inbertsio-zuzendaria da, eta bere hitzaldiaren gaia hauxe izango da: “Capital de riesgo: La investigación puesta en valor”. Mesa zortzi urtetik gora aritu da inbertsio aukeren analisian eta espezializatua dago bioteknologia eta gailu medikuetako inbertsioetan, eta konpainien sorrera eta hasierako etapetan.
Azken hitzaldia 12:45ean izango da, Catalina Parra Bañoren kontura, eta honako izenburu hau edukiko du: “Mecenazgo, una vía por explorar”. Parra industria ingeniaria da, eta Hazloposible Fundazioaren lehendakaria eta sortzailea da. Filantropiaren gaineko aholkularitza estrategikoa eta ikerketa egiten du, Philantropic Intelligence-tik.
Jardunaldia bukatzeko, goizean zehar azaleratu eta adierazi diren auziei buruzko ordu erdiko eztabaidarekin amaituko da.