Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2012-2013 ikasturterako graduko, lehen eta bigarren zikloetako lehengo titulazioetako eta unibertsitate masterretako irakaskuntza egutegia onetsi du. Eskolak irailaren 3an hasiko dituzte graduetako lehen ikasmailakoek eta iraungitze prozesuan dauden titulazioetakoek (lehen eta bigarren zikloak); aldiz, irailaren 4an graduetan matrikulatutako gainerako ikasleek hasiko dituzte. Bestalde, unibertsitate masterretako eskolak irailaren 24an hasiko dira Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntza Masterrean matrikulatutakoen kasuan, eta urriaren 1ean graduondoko gainerako titulazio ofizialetan.

Graduko ikasketa berrien egutegia seihilekoetan egituratzen da, eta lehenbizikoa (udazkenekoa) irailaren 3an hasi eta 2013ko urtarrilaren 17an bukatuko da. Bigarrena, udaberrikoa, 2013ko otsailaren 14an hasi eta ekainaren 21ean bukatuko da. Lehen seihilekoaren errekuperaziorako ebaluazio aldia 2013ko urtarrilaren 18tik 29ra izango da, eta bigarrena ekainaren 22tik uztailaren 3ra.

Lehengo planeko titulazioak egiten ari diren ikasleentzako egitura lauhilekoetakoa izango da, lehen bezala. Lehenbizikoa 2012ko irailaren 3an hasi, eta abenduaren 21ean bukatuko da. Lehen lauhileko honetako azterketa aldia urtarrilaren 10etik 26ra izango da. Bestalde, bigarren lauhilekoa 2013ko urtarrilaren 28tik maiatzaren 24ra bitartean emango da, eta azterketak maiatzaren 25etik ekainaren 8ra bitartean egingo dira. Azterketetarako aparteko deialdia heldu den urteko ekainaren 21etik uztailaren 4ra programatu da.

Unibertsitateko masterretako egutegia

Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, halaber, 2012-13 ikasturteko Unibertsitate masterretako irakaskuntza-egutegia onetsi du. Eskolak urriaren 1ean hasiko dira, aipatu Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntza Masterrekoak izan ezik, eta lehen seihilekoa 2013ko otsailaren 13ra arte izango da. Masterretako bigarren seihilekoa 2013ko otsailaren 1aren eta ekainaren 28aren artean programatu da. Aparteko ebaluaziorako aldia uztailaren 3tik 5era egingo da eta Master Amaierako Lanaren defentsa otsailean (udazkeneko seihilekoak), eta ekain/uztailean (udaberriko seihilekoak) eta irailean.