Joan eduki nagusira

zoom Ikastaroaren aurkezpen eguneko irudi bat

Ikastaroaren aurkezpen eguneko irudi bat

Osotara Estatu Batuetako 26 ikasle parte hartzen ari dira Nafarroako Unibertsitate Publikoa Indianako Unibertsitateko School of Public and Environmental Affairs izenekoarekin lankidetzan ematen ari den Osasun, Segurtasun eta Ingurumeneko Ebaluazio Ekonomikoan espezializatzeko ikastaro batean. Ikastaroa ekainaren 26an amaituko da, eta irakasleen artean hainbat aditu daude. Esaterako, John Graham Arriskuen Analisirako Harvard Zentroko sortzaile eta zuzendaria eta Etxe Zuriko Administrazio eta Aurrekontuetako aholkularia Washingtonen.

Jarduera hori Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren bidez kudeatzen da, eta astelehen honetan, ekainaren 4an inauguratu zen. Pablo Arocena NUPeko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa izan zen ekitaldiaren buru.

Ikastaroa ingelesez emango da, eta honako hauei zuzentzen zaie: titulazioko azken ikasmailetako ikasleak, graduondoko ikasketak dituztenak eta hainbat eremutako profesionalak, hala nola osasuna, enpresen ekonomia eta administrazioa, zuzenbidea, ingurumena edo bide segurtasuna. Ekimenari osasunerako intereseko ikastaro izendapena eman zaio, eta, horretaz gainera, hura eginez espezialista ebaluazio ekonomikoan titulua eta 4,6 ETCS kreditu lortzen dira. Osotara 28 ikasle matrikulatu dira, eta haietatik bi bakarrik dira espainiarrak.

zoom Ezkerretik eskuinera, Ariadna García, Pablo Arocena eta Kerry Krutilla

Ezkerretik eskuinera, Ariadna García, Pablo Arocena eta Kerry Krutilla

Ebaluazio ekonomikoa termino orokor bat da, eta bere barnean hartzen ditu kostuen analisia, kostua-irabazia, kostua-eraginkortasuna, eta kostua-erabilgarritasuna. Sektore publikoan eta pribatuan erabakiak hartzeko erabiltzen den tresna bat da, eta ahalik eta kosturik txikienarekin gizartean eragin positiboa duten programei lehentasuna ematea bilatzen du. Zehazki, ikastaroaren helburuak dira ebaluazio ekonomikoaren giltzarriak ezagutzea, ebaluazio ekonomiko mota ezberdinak egiten ikastea, eta era kritikoan analizatzea jadanik eginda dauden ebaluazioak. Horretarako, eremu sozialean ebaluazio ekonomikoaren oinarri diren teoria eta metodoak aztertuko dira, eta adibide praktikoak aurkeztuko dira, nagusiki honako arlo hauetan ezarritakoak: aurrezaintzako medikuntza, okupazio eta ingurumen osasuna eta osasun eta ingurumen politiken programak.

Ikastaroko irakaskuntza zuzendariak honako hauek dira: Ariadna García Prado NUPeko Ekonomia Saileko irakaslea eta Kerry Krutilla Indianako Unibertsitateko irakaslea. Indianako Unibertsitateko, Murtziako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko hainbat irakaslek osatuko dute saioak emango dituen taldea. Hala, irakasle amerikarrak honako hauek izango dira: John D. Graham, Indianako Unibertsitateko dekanoa (School of Public and Environmental Affairs), 200dik gora lanen egilea, Arriskuen Analisirako Harvard Zentroaren sortzailea eta Etxe Zuriko Administrazio eta Aurrekontuetako aholkulari gisa lan egin zuena Washingtonen; eta Kerry Krutilla, Ekonomian doktorea Dukeko Unibertsitatean, Indianako Unibertsitateko Energia eta Ingurumen Zentroko irakaslea, eta gaur egun graduondoko ikastaro bat ematen du kostua-irabazia analisian, ingurumen ekonomian eta baliabide naturalak kudeatzeko politiken analisian.

Horietaz gainera, honako irakasle hauek emango dituzte eskolak: María Seguí Gómez Osasun Politikan doktorea Harvardeko Unibertsitatean, gaur egun Trafikoko zuzendari nagusia da Barne Ministerioan; José María Abellán, Ekonomian doktorea, Murtziako Unibertsitateko Ekonomia Saileko irakaslea eta ebaluazio ekonomikoa eta osasuna taldeko koordinatzailea eta ikertzaile nagusia; eta Ariadna García Prado, ekonomian doktorea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Saileko irakaslea, eta osasun proiektuen prestakuntzan, ezarpenean eta ebaluazioan aditua, Munduko Bankuan eta Garapenerako Banku Inter-amerikarrean gizarte eta osasun babeseko espezialista gisa egindako lanagatik.