Guztira 2.710 ikasle nafarrek ekainaren 6, 7 eta 8an egingo dituzte Unibertsitatean Sartzeko Probak, Hautaprobak deitzen direnak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iruñeko eta Tuterako campusetan. Iaz baino 97 pertsona gehiago matrikulatu dira, aurreko urtean 2.613 ikasle matrikulatu baitziren. Matrikulatutako ikasle kopuru osotik, 1.559 emakumeak dira, % 57,52; hau da, ehunekoa puntu bat baino gutxixeago jaitsi da iazkoaren aldean (iaz % 58,89). Gainerako 1.151 gizonezkoak dira (% 42,47), 2011ko Unibertsitatean Sartzeko Probetan baino kopuru handixeagoa. Bestalde, guztira 2.093 ikaslek egingo dute hautaproba gaztelaniaz, eta gainerako 617k euskaraz.
Ikasturte honetako hautaproben berrikuntza nagusia da matrikulatutako ikasleek ekainaren 13tik, asteazkenetik aurrera, aukera izango dutela nota kontsultatzeko NUPen webgune ofizialaren bidez, hilaren 6an ikastegiei emango zaien pasahitza sartuta. Norbanako pasahitz hori bera erabili beharko dute ikasleek 2012-2013 ikasturterako aurreinskripzio prozesuan, ekainaren 18tik 26ra bitartean.
Bestalde, Unibertsitateak erabaki du Arrosadiko campusean aurreikusten diren epaimahaietako bat, zehazki 3 zenbakikoa, Sario eraikinean egongo dela estreinakoz. Epaimahai honi dagozkion ikasleek beren azterketak egingo dituzte Fernando Remacha aretoan, 04. ikasgelan eta 503. ikasgelan.
Duela bi urte indarra hartu zuen Unibertsitatean Sartzeko Probaren arautegiaren arabera, probek nahitaezko fase orokor bat eta borondatezko fase espezifiko bat dituzte, zeinak probaren lehen fasean lortutako kalifikazioa hobetzeko aukera eskaintzen baitie ikasleei, eta xedetzat baitauka jakintzak balioestea egin nahi den jakintza-adarreko unibertsitate-ikasketekin lotutako diziplina-esparruetan.
Ikasleek fase espezifikoan Batxilergoko bigarren mailako gehienez ere hiru modalitate-irakasgaitako azterketak egiteko aukera dute baina biren nota soilik hartuko da kontuan. Azterketa bakoitzean lortutako emaitza haztatuko da irakasgaiaren eta unibertsitateak eskainitako titulazio bakoitzaren artean dagoen loturaren arabera. Aldi berean, titulazio horiek bost jakintza-arlotan multzokatuta daude: Arteak eta Giza Zientziak, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak, Osasun Zientziak, eta Ingeniaritza eta Arkitektura eta Zientziak.
Deialdi honetan ikasle gehienak, 2.345 zehatz-mehatz, fase orokorrerako eta fase espezifikorako matrikulatu dira; aldiz, soilik 122k egingo dute fase orokorra, eta beste 243k fase espezifikoa.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin du Unibertsitatean Sartzeko Probetarako deialdia, Nafarroako unibertsitate barrutiko ikasleen probez arduratzen den erakundea baita. Matrikulatutako ikasleak sei epaimahaitan banatu dira, eta horietatik bost Iruñeko Arrosadiko campusean egongo dira, eta seigarrena, Tuterako campusean. Proben orduak, ikastetxeen banaketa epaimahaika eta aurreko urteetako azterketak Unibertsitatearen (www.unavarra.es) web-orrialdean daude kontsultatzeko.
Unibertsitatean Sartzeko Proben bigarren deialdiko azterketak ekainaren 27, 28 eta 29an egingo dira.
Hautaproben egutegia
Probak ekainaren 6an, astezkenean, 9:30ean hasiko dira, Gaztelania eta Literaturako azterketarekin eta Espainiako Historia/Filosofiaren Historiako azterketarekin, zeina 11:45ean hasiko baita. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, Atzerriko Hizkuntzako azterketa egingo dute.
Ekainaren 7an, ostegunean, egingo diren probak goizeko 8:30ean hasiko dira, Euskal Hizkuntzako eta Literaturako azterketarekin. 10:45ean, Biologiako, eta Geografiako azterketak egingo dira, eta 13:00etatik aurrera Fisika, Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika eta Musika Analisia II irakasgaietako azterketak egingo dira. Arratsaldean, azterketa 16:30ean hasiko da, Kimikako eta Artearen Historiako azterketekin, eta Latinekoak eta Marrazketa Teknikokoak 18:45ean hasiko dira.
Probak ostiralean, ekainaren 8an, bukatuko dira, eta egun horretan 8:30etik aurrera, Matematika, Geografia eta Adierazpen Teknikak irakasgaietako azterketak egingo dira. 10:45ean, Diseinua, Lurraren eta Ingurumenaren Zientziak, eta Musikaren eta Dantzaren Historia irakasgaietakoak egingo dira, eta 13:00etan, berriz, Industria Teknologia, Enpresaren Ekonomia eta Ikus-entzunezkoen Kulturako azterketak hasiko dira. Azkenik, azterketak arratsaldean bukatuko dira Literatura Unibertsalarekin eta Elektrotekniarekin, eta Marrazketa Artistikoarekin (Sario eraikinean). Azterketa horiek guztiak 17:00etan hasiko dira.